Politika fiskal egoki baterantz

Zerga-zama dagokion lekuan jarri behar da, hots, jabetzan, finantza-eskaeretan eta kapital irabazietan, ez lan-indarraren gainean, gutxienezko alokairuak jasotzen dituzten langileengan edota enpresa txikiko eta ertaineko kapital industrialean, finantza-kapitalismo berriak azken horiek guztiok ustiatzen baititu. Gainera, gure egunotan, arlo publikoaren eta berorren oinarrizko azpiegituraren pribatizazioak handituz doaz: aireportuen lurreratze-eskubideak, autobideak, oinarrizko beste garraiobide batzuk eta enpresa publikoak gehien eskaintzen duenari saltzea da arriskua.

Zorrak gidaturiko gaur egungo finantza-ekonomian pribatizazio horiek ondokoa esan nahi dute: bankuentzat eta diru-kudeatzaileentzat zorretarako merkatu berri bat sortzea, arlo publikoa mailegaririk handienei salduz. Hortaz, zorrak finantzaturiko kapitalismoari aurre egitean datza kontuak. Zerga-sistemaren erreforma sakona beharrezkoa da industriari behar zaion lekua emateko. Ondorioz, zerga-politikak kapital eratzea eta kapital inbertsioa bultzatu behar ditu (ez aktiboen espekulazioa), lan produktiboa areagotuz, eta aktibo-prezioko inflaziotik datozen kapital irabaziak zergapetuz.

Hona, bada, litekeen programa horren ildo nagusiak[1].

1. Errealitatean oinarritutako zerga-politika, ez zabor-ekonomian. Finantza-interesak zabor-zientzia bermatzen eta bultzatzen ari dira, zerga-politikari eta politika fiskalari buruz ez eztabaidatzeko. Hortaz, zenbait neurri hartu beharko lirateke:

a) Aspaldiko markoa berriz martxan jartzea; oinarrizko beharrak eta premiak betetzeko behar den errenta zergatzetik kanpo egon beharko litzateke, zeren zergapetzeak bizitza-kostua handituko bailuke. Ondorioz, enplegatzaileek gehiago ordaindu beharko lukete.

b) Aurrekontu korrontean segurtasun sozialak eta osasungintzak parte hartzea. Kontua ez da ‘erabilera-kuotak’ jartzea, are gutxiago beraiek pribatizatzea. Noski, gutxiengo marko bat egon beharko litzateke: muga hori baino gehiago daukanak ordaindu beharko luke, eta hori baino gutxiago daukanak ez. (AEBetan alderantziz gertatu da: populazioaren %90ek aparteko zerga-zama jasotzen du, eta gainontzeko %10 ordaintzeko aske edo erdi aske daude.)

c) Kapital irabaziak eta herentziak zergapetzea, gutxienez alokairuak eta mozkinak beste. Aspaldiko sistemaren arabera, kapital irabaziek aurrezturiko errenta arruntek zeukaten ondorio ekonomiko berbera zeukaten.

d) Zerga-ihesbideak ixtea. Lehengo zerga-sistema ihesbide-sare bilakatu da. Sare horrek zenbait jenderentzat bazka librea suposatzen du eta ‘errenta bereziak’ zergapetzetik askatzea, ez soldata eta industria-mozkin gisa irabazitako errenta.

e) Beste zerga-ihesbideak higiezin errealean daude, esate baterako, kanpoko jabeen etxeak, ez jabeak bizi direneko etxeak berak. Gain-depreziazioarekin amaitu behar da.

f) Interes-tasaren dedukzioa beste zerga-ihesbide bat da. Interes-tasaren dedukzioak higiezin erreala eta industria finantzatzea bultzatzen du zorretan arituz; zor horiek finantza-sektoreari errenten fluxua interes-ordainketa bihurtzen dizkio. Bestalde, jokaera horrek beraiei ahalbidetzen die bulego-, apartamentu-eraikinen eta etxeen prezioak altxaraztea.

g) Beste zerga-ihesbide handiak itsasoz haratagoko banku-guneak dira, errenta-tasak alboratzeko. Aitzakia da itsasoz haratagoko konpainia batek errenta sortzen duela. Hori korporazio-fikzioa besterik ez da zerga-babesleku bat[2], zeina zerga-faktura errealista batek zulatu behar baitzuen.

2) Arlo publikorako politika fiskala. Historian zehar arrakastatsuak izan diren ekonomia guztiak ekonomia mistoak izan dira, sektore pribatuak eta publikoak rol espezifikoa jokatuz. Hona hemen zenbait puntu garrantzitsu:

a) Arlo publikoan merkatu-berrelikadura erabiltzea. Negozio-gizonak eta merkatu askea goresten duten lobby-ak ez dira lotsatzen politika kanpainetan, arlo publikoa kudeatzeko gobernuak merkatu-prezioak bazter ditzan. Izan ere, garrantzia handikoak dira aireportuko lurreratzen eskubideak, autobideak eta beste garraio-bideak, eta pribatizatuz doazen arlo publikoko beste parteak ere bai. Kontua da errenta hornitzearren, gobernuek bere ohiko zerga-ordaintzaileei –aberatsei– zergak mozten dizkietela. Joera hori bukatu egin behar da.

Beste zerga berezi bat kontsumo berezien gaineko zerga izan daiteke: garraio-autoak, kamioiak eta beste gasolina-hartzaileak. Horrela, nazioaren autobideak finantzatzen lagundu daiteke.

Azpiegiturak despribatizatu behar dira, autobide bat edota trenbide bat saltzea jabetza zerga alboratzeko bidea baino ez baita. Mezua hauxe da: modu horretan eraginkorragoa izango da. Maxima ekonomiko gisa, zabor-zientzia defendatzen dutenek, aberatsentzako klase-gudariek, gobernuen kontrako errentadunek lelo hori errepikatzen dute behin eta berriz. Baina mezu hori mitologia hutsa da, edota erlijioa.

b) Arlo publikoa hedatzea. Alaskak erakutsi duen moduan, arlo publiko zabaleko gobernuek ez dute hartzailerik behar. Haiek partaideak izan daitezke, arlo publikoa guztiena delako. (Aldiz, AEBetako ekonomia ‘bazka libre’ko kopuru hain handia izanik -gastu publikoak sorturiko lur-tasazioan, komunikazio- eta irrati eta telebista saioetan, eta arlo publikoko beste akzio batzuetan-, izatez ez litzateke soldatapeko gehienak zergapetu beharko. Bazka libre hori nahikoa eta sobera litzateke.)

c) Politika fiskala lehenestea: politika fiskaletik politika monetariora igaroz, eta ez alderantziz. Banku Zentrala Altxor Publikoaren menpe jarri behar da, politika monetarioa azken horri baitagokio eta bertan baitatza. Eta ez ‘sektore pribatuko’ diru-kudeatzaileei ekonomiatik beren eskuetara aberastasuna transferituz irabaziak jasotzen uztea, aberastasun berria finantzatu beharrean.

d) Bestalde, Gobernuak bere kreditua sor dezake eta sortu behako luke. Ez du behar inondik maileguz hartzea.

Laburbilduz: Gaurko finantza-kapitalismoak lehengo kapitalismo industriala menperatu du, zerga-politiken logika guztia pikutara bidaliz. Zerga-politikari dagokionez, aberatsen lobby-ek klase-borroka berriz negoziotan jarri dute erlazio publikoen erretolika bat hedatuz, ekonomia des-industrialduz, ekonomia bera zorpean jarriz eta zabor-zientzia nonahi goratuz. Soldatapekoen, alokairu baxuko errentadunen eta enpresa txikiko enpresarien gaineko zerga-zama kendu behar da, zama berriro ere jabetzan eta finantza-aberastasunean jarri.

1980ko hamarkadaren hasieratik komunikabide publikoek, lobby politikoek eta merkatu libreko zaleek klase-gerla berri bat jarri dute martxan. Zabor-ekonomiak, jendea informatu barik, manipulatu egin du, negozio handien helburuak askatasun ekonomikoak balira bezala aurkeztuz eta gobernuak monopolioen kontrako legeak apurtuz. Beraz, klase-borroka berri honetan politika fiskal berri eta egoki batek eskatzen du Gobernuak bizitza ekonomikoan inoiz baino rol handiagoa jokatzea. Ikasiko ote dugu?


[1] M. Hudson-en: A fiscal program to renew American life and restore fair taxes.

[2] Ikus http://www.counterpunch.org/schaefer03252004.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude