Nazioarteko Ordena Ekonomiko (NOE) berrirantz

Mundu Bankuak eta Nazioarteko Moneta-Fondoak finantza-austeritatea eta pribatizazioa bultzatu dituzte nonahi, herrialde zordunei beren arlo publikoko enpresak eta azpiegitura soziala saltzea gomendatuz (eta behartuz).

AEBek beren nekazaritza-politika eta industria-protekzionismoa babestu eta indartu dituzten bitartean, hainbat herrialdetan industrian, nekazaritzan eta merkataritzan lor zitekeen autodeterminazio nazionala baztertu da. AEBek beren ekonomia puztu dute, gobernuaren aurrekontu-defizita eta ordainketa-balantzako defizita jasoz 1970ko hamarkadan pentsa zitekeen baino ibiltze aske handiagoa lorturik.

AEBak hirugarren munduko herrialdeekiko hartzekodun gisa aritzen diren artean, Europaren eta Asiaren aurrean zordunak besterik ez dira, eta enplegu edo hazkunde ekonomikoari eusten diete aurrekontu federalaren bidez.

Edozein herrialdek autosufizientzia ekonomikoa izan behar du helburu, bere janaria eta manufakturak ekoitziz, eta ez inportazioetan oinarriturik. Europa mailan, euroa dolarrari alternatiba izango balitzaio, ipar amerikarrek beren gobernuaren aurrekontuaren defizita finantzatu beharko lukete. Ondorioz, AEBetako interes-tasak altxatuko lirateke, eta atzerritar Altxor Publikoek beren kreditu propioa sortuko lukete, eta ez AEBetako kontsumo-eskariaren, inbertsio-fluxuen eta atzerritar gastu militarren menpe egon norberaren ‘hazkunde-tresna’ gisa[1].

Azken urte hauetan NMFak herrialde zordunetan monetaren debaluazioa inposatu du, haien erosteko ahalmena murrizteko asmoz. Ustez, neurri horren bitartez, output eskuragarri gehiago utz daiteke esportaziorako, atzerritar hartzekodunei ordaintzearren. Baina bereziki debaluatzen dena lan-indarraren prezioa da, lehengai eta kapital-ondasunen prezioak dolarizatuak baitira, kanpo-zorrak dolarizatuak diren antzera. Ondorioz, esportazioak merkeago gauzatzen dira eta inportazioak garestiago, esportazioen dolar bakoitzak gero eta inportazio gutxiago erosten baitu. Herrialde zordunek gero eta esportatu behar dute kanpo-zorraren unitate bakoitzeko. Debaluazioak Hirugarren Munduko merkataritza terminoak murrizten ditu, zorraren zama (etxeko monetaren terminotan) areagotzen den bitartean.

Ondorioa argi dago: zordunei zorretik irteteko bidea zailtzen zaie. Haien ordaindu gabeko balantzak buelta emanda daude, esponentzialki hazteko, NMFarekiko eta Mundu Bankuarekiko dependentzia areagotuz.

Etorkizuneko NOE berriak merkataritzaren terminoak hobetu beharko lituzke. Halaber, kanpo zorrei aurre egin beharko litzaieke. Gainera, herrialde bakoitzean lurraren erreformak eta zergapetze progresiboak bultzatu beharko lirateke. Baina sortu diren erregio-erakunde ekonomikoak (kasu, Europar Batasuna) printzipio monetaristen bitartez aritzen dira, enpleguari muzin eginez, eta aurrekontu defizitak oso txikiak izanik (alegia, AEBek egiten dutenaren aurka). Gainera, 1980z geroztik, NMFak eta Mundu Bankuak austeritate fiskala eta lan-indarraren eta industriaren gaineko zergapetze gogorra eskatu dituzte, subsidioak eta babes-tarifak deuseztatuz (AEBek beren nekazaritza eta industria babestu duten artean). Baina enplegu oreka ez da lortu ez Hirugarren Munduan, ezta Europan ere. (Enplegua segurtatu da, non eta AEBetan.)

Politika orokor horretarako, finantza-sektoreen arabera, banku zentralek ‘independenteak’ izan behar dute. Praktikan independentzia hori Washingtongo Kontsensuaren menpe dago; horrela, arazo monetarioak eta fiskalak kontrolatuz, hartzekodunei saritzen zaie (zordunen kalterako), soilik AEBei aurrekontu defizit erraldoi eta kronikoa baimenduz.

Txilen hasi zena areagotu egin da. Batez ere, post-sobietar herrialdeei(Errusiari barne) esaten diete Mundu Bankuak eta NMFak beraien lurrak, mineralak, trenbideetan eta aire-lineetan, energian, uretan, petrolio eta gasean, telefonoan eta komunikazioetan gobernu-monopolioak saltzeko. Baita segurtasun soziala pribatizatzeko ere. Eta salmenta horiek, bereziki, atzerritarrei zuzendu behar zaizkie, hauek, beren aldetik, ordainketa-balantzan hustubide kronikoa sortuz, beren irabaziak ‘aberriratzen’ dituzten heinean[2].

Argi dagoenez, etxeko diruak eta kreditu-sormenak atzerritar herrialdeak askatuko lituzkete atzerritar kapitalekiko dolar-dependentziatik, lurraren erreformak eta janariarekiko autodependentzia bultzatuko luketen subsidioek AEBetiko ale-esportazioak murriztuko lituzketen artean. (Hauxe da, hain zuzen ere, Washingtongo Kontsensuak ukatzen duena.)

Moneten espekulazioari dagokionez, kapital askearen mugimenduen ondorio garrantzitsu bat hauxe da: atzerritar merkataritzak ez du gehiago jokatzen ohiko rol nagusiak truke-tasen determinazioan. Egunero, eta minutuz minutu, gertatzen den moneta-espekulazioak urteko merkataritza bolumena eta inbertsio zuzena baino askoz handiagoa da.

Marxek ezagutu zuenaren aurka bada ere (adi exegetak!), egungo ustiaketa-moduak ez du bilatzen mozkin industriala (lan-indarra enplegatuz), gobernuen bidez ‘rentier’ ekonomikoa bultzatzea baizik (berori zergapetu barik), interesa eta errenta sortzearren.

1980z geroztik nazioarteko ordena ekonomikoaren ezaugarri nagusia finantzarioa izan da. Hirugarren Munduko herrialde zordunei beraien kreditua monetizatzen utzi barik, NMFak atzerritarren bankuen esku jarri du kreditu-sormena, AEBen interes nazionala islatzen duen bide konkretu batean.

Errusiari dagokionez, 1986an glasnot eta perestroika martxan jarri ziren Sobiet Batasunean; bost urte beranduago Sobiet Batasuna desagertuta zegoen. Errusia NMFak konbentzitu zuen bere ondasun minerala, lurra eta enpresak nomenklatura eta mafiya sobietar zaharrari esleitzeko. Zarata eta hautsa desagertu zirenean, Errusiak jakin zuen bere produkzio industrial eta militarra eta nekazaritza deseginda zeudela. AEBek Errusiako kleptokraten kapital ihesa erabiltzen zuten geratzen ziren natur baliabideak eta beste akzio batzuk erostearren. Erreformatzaile liberalek AEBekiko lehiakide potentziala izan zitekeen Errusia deuseztatu zuten.

Neoliberalek aldarrikatu zuten jabe berriek merkatu intentsiboen logikari eutsiko ziotela, testu-liburuetan azaltzen dena, beraien errenta inbertsio berrietan jarriz produkzioa areagotzeko. Baina beraien irabaziak kontserbatzeko biderik seguruena erabili zuten: irabaziak herrialdetik kanpo ateratzea, arin baino arinago, zergapetzetik eta autoritate berrietatik alde egitearren. Oligarkiek dirua atzerriratu zuten: 2.500 milioi dolar urtero, hamarkada luze baten barruan, gero banku-kontuei segituz, hiritartasuna lortu zuten Israelen, Bretainia Handian eta beste zenbait herrialdetan. 2001. urterako, bilioi laurden bat dolarrek ihes egin zuten Errusiatik defalkua zela-medio, faktura faltsuen zirela kausa, eta atzerritar erosleen jabego eskubideak bestaldera itzultzearen bidez. Sobiet Batasuna finantzarioki konkistatu zen, ez militarki, eta lehengo zenbait sobietar errepublika ‘Hirugarren Munduko herrialde’ gisa bihurtu, kontrol politikoa AEBetako laguntzaren, Munduko Bankuaren eta NMFaren esku egonez: Errusian AEBetako moneta gehiago metatu zen, AEBetan bertan zirkulatzen zuena baino. Hala ere, Errusiaren deuseztatzea merkatuaren efizientziaren izenean izan dela irakasten da, merkatua goraipatuz, gobernuaren plangintzaren eta inbertsioaren rola ez-efizienteak direla azpimarratuz. (Alta, aberastasun pribatuak gobernuak eraikitako enpresa publikoetatik lortu dira, ez ahalmen produktibo berria areagotu duten enpresa berrietatik.) Hortaz, mezua bikoitza izan da: Utikan plangintza publikoa! Gora merkatua!

Munduan AEBak botere ekonomiko eta militar bakarra izanik, erregulazio publiko eta prezio-subsidioak, gobernu-plangintza, zergapetze progresiboa, errenta-birbanaketa, kreditu publikoa eta gobernuak izan dezakeen rol sozial gehiena ukatuz, baztertuz eta gutxituz joan dira are herrialde sozial demokratikoetan. Alderantzizkoa gertatu da. Interes finantzarioek munduko plangintza ekonomiko gehiena bideratzen dute, eta Chicagoko monetaristak nagusi dira nonahi 1980etik[3].

Zer dela-eta ez da gauzatu 1970eko hamarkadan bultzatu nahi zen NOE, kasu, Hudson-ek bere Globe Fracture liburuan (1977) proposatu zuena? Zergatik onartu dute Europak, Asiak eta Hirugarren Munduak AEBetan zentraturiko eredu berria, beren interesak babestu barik?

Sektore finantzarioa nagusi bilakatu da. Fikziozko ekonomia batean murgilduta gaude. Ondorioz, zergapetze atzerakoia, pribatizazioa, kapital ihesa, gobernuaren rola deuseztatzea eta abar luzetxoak dira gaur egungo ekonomiaren ezaugarri nagusiak.

Litekeena ote da alternatiba bat? Zein parametrotan?


[1]  Alta, Europar Banku Zentralak aurrekontu defizitei marginalki besterik ez die aurre egiten, enpleguari muzin eginez.

[2] Noski, nahiz eta aparteko ordainketa-balantzako defizita eduki, AEBek atzerritarrei debekatzen diete beren enpresak erosteko. Asimetria, hemen ere, erabatekoa da.

[3] Txinan ere, 1990etik, tendentzia eklektiko bat martxan jarri da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude