Kreditu-ekonomia

Orain dela mende bat ekonomialariek uste zuten sistema finantzarioa eta kreditu-sistema garapen industrialaren prozesuaren partea izango zirela, modu horretan produktibitatea areagotuz. Hala ere, beste gauza desberdin bat gertatu da: sistema finantzarioa zor-sistema bilakatu da, bere dinamika daukala. Eta zor hori, erabat ez-produktiboa dena, industria-ekonomia modernoak itotzen hasi da. Hori dela-eta, Michael Hudson ekonomialaria kreditu-ekonomiaz mintzatzen da, analisi makroekonomiko gisa. Kreditua, ikuspegi horretan, erakunde soziala da, zeinak ondorio produktiboak edota ez-produktiboak izan ditzake. Kreditu produktiboak produkzio-medio berrien sormena esan nahi du. Kreditu ez-produktiboak, aldiz, ekonomiaren zorra areagotzen du.

Kreditua sortzean ez dago inolako produkzio-kosturik. Gobernuek bankuei monopolio politikoa eman die kreditua sortzeko. Banku batek mailegua ematen du, soilik mailegu-hartzaileari gordailu baten bidez banku-kontuetan kreditatuz, kontu horien aurka mailegu-hartzailea baimenduta dago txekeak idazteko edota eskudirua ateratzeko. (Horrela, AEBetako gobernuari baimena eman zitzaion kreditu librea sortzeko, ordainketa-balantzako defizitak erabiliz. Atzerritarrek ezin dute ezer egin beren paperezko dolar-superabitarekin, ez bada AEBetako Altxor bonoak eta antzeko tituluak erosi: negozioa ederra.)

Gaur egungo ekonomian finantza-tituluak dira nagusi, zeintzuk ez baitira ekonomia errealaren inongo ispilurik. Eta benetako ekonomia mota horri aurre egin behar zaio[1], ez erabat birtual eta irreala den balizko mundu bati.

Izan ere, egungo ekonomiak produkzio- eta kontsumo-sektoreetatik at, beste sektore garrantzitsu bat dauka. Egun diru gehiena, %99 hain zuzen ere, finantza-sektorean aritzen da, ez produkzioan. Gaurko ekonomialari gehienek finantza sektorea alboratzen dute, existituko ez balu bezala. Hola eginez, balizko munduan aritzen dira, Keynesi jarraituz («aurrezkiak berdin inbertsioak») eta egungo munduari bizkarra emanez.

Eta balizko ekonomia hori aztertzen, ikertzen, estudiatzen, irakasten eta hedatzen da etengabe. «Iker dezagun mundua finantza-kapitala existituko ez balitz moduan». Horrela, eta soilik aurrezkiak handituz uste da ekonomiek beren zorrak zuri ditzaketela. Teoria zaharberritu horren arabera, aurrezkiak produktiboki inbertitzen dira: errealitatean, alta, aurrezkiak espekulaziorako erabiltzen dira. Aurrezkiak inbertitzen dira zor berriak sortzean, alegia, jadanik existitzen diren aktiboen prezioak altxarazten dira espekulazioen bidez. Errealitate birtual batean aritzen dira ekonomialariak, fikziozko zientzian jardungo balute bezala. Teologia berria asmatu dute.

Baina aurrezkien definizio berri bat behar da. Ohiko definizioaren arabera, aurrezkia kontsumoan gastatu ez den errentaren zatia da. Baina analisi finantzarioak dioskunez, bankuek beren aurrezkien sarrerak birziklatzen dituzte mailegu bezala. Beraz, pertsona baten aurrezkia beste pertsona baten zor bilakatzen da. Hori horrela da ekonomia osorako ere.

Jendeak bere aurrezkiak bankuetan jartzen dituenean, finantza bitartekari horiek dirua maileguz berrematen diete mailegu-hartzaileei. Bere errentatik jendeak aurrezten duenarekin kreditu berria sortzen dute bankuek. Finantza-bitartekariek interesak ere birziklatzen dituzte mailegu berrietan. Horrela, ekonomiaren aurrezkien bolumena esponentzialki handitzen da, interesekin batera.

Kredituaren eskaintza-ekonomia ekonomia orokorretik autonomoki hazten da. Aurrezkiak esponentzialki handitzen dira eta horixe da arazoa. Aurrezki horien kontra-partidan gobernuaren zorrak daudenez, zorraren areagotze hori ekonomiatik autonomoki handituz doa. Azkenean banku-sistema osoa eta ekonomia bera irentsiz. (Denboraz, aktibo eta pasibo horiek azkarrago areagotzen dira ekonomiaren errenta osoa baino. Hauxe da, kasu, AEBetan 2000 urtean gertatu zena. Izan ere, AEBetako barneko zorrak azkarrago handitu ziren barneko aurrezkiak baino, Michael Hudsonen hitzetan aurrezki tasa «negatibo» bat sortuz.)

Irtenbidea, noski, banku-sistemaren erreforma sakonetik etor daiteke, ez-produktiboak diren maileguak alboratuz eta beste kreditu-politika bat martxan jarriz[2]. Kreditua enplegu berria sortzeko erabili behar da, ez espekulaziorako eta, horren bidez, epe laburreko diru «erraza» lortzeko. Kontu garrantzitsua hauxe da, alegia, banku pribatuek proiektu produktiboetarako kreditu pribatua hornitzea, ez inflaziogile edo ez-produktibo diren proiektuetarako. (Maiz gobernuek luzatutako kreditu publikoak ez-produktibo edo eta inflaziogileak izan daitezke.)

Baina kontua sakonagoa da. Izan ere, Chicagoko monetaristek (eta oro har, ekonomialari gehienek) soilik begiratzen diete ondasun eta zerbitzuei, diru eskaintza ondasun-prezioei eta alokairu-tasei lotuz. Arazoa da egun diru gehiena finantza-aktiboetan gastatzen dela, ez ondasun eta zerbitzuetan. Kreditu-ekonomia berriak batez ere aktibo-prezio eta jabego eskubide horiei begiratzen die, merkatu finantzarioak baitira nagusi gaur egun.

Kreditu-ekonomiaz jabetzearren, ikus, besteak beste, Institute on Creditary Economics delakoan azaltzen diren atal desberdinak[3].


[1] Ikus Michael Hudson-en “The use and abuse of mathematical economics”, Journal of Economic Studies 27 (2000):292-315.

[2] Ikus http://www.michael-hudson.com/ —> Articles: The creditary/monetarist debate in historical perspective.

[3] Ikus http://credec.daastol.com/index.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude