Itun estrategiko baten bila

Aspaldian ibili naiz Michael Hudson amerikar ekonomialariaren lanak aipatuz eta komentatuz orri hauetan. Irakurleek hobe lukete, noski, lanen iturrira joatea: http://michael-hudson.com/. Bertan liburuak, artikuluak, elkarrizketak, eztabaidak, hitzaldiak, hamaika posta elektroniko eta abar topa daitezke. Hudsonek mezu elektroniko batean (2001ean) idatzi zuen moduan: “Gure lehen beharra gu babesteko interes bat topatzea da. Hogei urtean zordun herrialdeek -batez ere hirugarren mundukoek- interes hori izango zutela pentsatu nuen. Baina haien barneko helburuak kanpo-zorra ordaintzea nahi du, dolarretan, zeinak beraien monetaren depreziaziora eramaten duen, eta, hortaz, helburu hori de facto-ko lan indarraren aurkako politika den. Gero Errusiari eta Kubari begiratu nien. Baina Errusiako kudeatzaileek AEBetako moneta lortu nahi zuten, dolarrak mailegatuz -nomenklaturak bere kapital-ihesa babesteko. Kubak ez zeukan arazoa ulertzeko ahalmenik, Marxek ez baitzuen AEBetako Altxor Publikoko tituluez eta Nazioarteko Diru Funtsaz kapitulu bat idatzi. Gero uste nuen industrialariek gure ikuspegia babestuko zutela. Baina horiek ere dolarrak nahi zituzten, bereziki beren kapital-ihesa babestearren. Edo beraiei burua jan zieten, Chicagoko eskolakoen ekonomia ikasiz, Norvegian bezalaxe. Uste dut edozein teoriak estrategia bat eduki behar duela bere hedapen eta adierazpen politikorako”.

Eta gu? Non gaude gu? Hirugarren munduari begira? Ohiko sobietar ‘sozialismoaz’ amesten? Kubako ‘paradisuari’ begira? Europako Iparraldeari so? Industrialarien zain? Non daude ELA eta LAB edo LAB eta ELA? Zertan ari dira sindikatu abertzale horiek?

Non gauden jakiteko, hona hemen zenbait irizpide:

a. Egungo finantza-kapitalismo berriak (bere burbuila finantzarioekin eta FIRE –Finance, Insurance eta Real Estate- sektorearekin) pikutara bidali du ohiko kapitalismo industriala. Gaur lan indarra eta inbertsio zuzen eta ukigarrirako den kapital industriala ustiatuta daude, biak.

b. AEBak mundu mailako zordun handienak dira. Hala ere, gainontzeko munduak merkataritza-defizit ikaragarri hori estaltzen du. (AEBetako zorraren edukitzaile handiak atzerritar banku zentralak dira. Horiek ez dute nahi AEBetako dolarrak edukitzea, baina hori egiten dute beren moneta babesteko, garestitu ez daitezen, eta, ondorioz, esportazioak ez zigortzeko). AEBek ez dute inolako aktiborik ‘askatuko’. AEBek ez diete emango benetako balio ekonomikoa beren dolarrei. Horrek esan nahi du Europak (eta Txinak) bere esportazioak oparitzen dituela, AEBetako bazka librea ez baita ‘hazkunderako makina’. (Hortaz, Europak –eta Txinak- bere dolarrak hartu behar ditu eta barneko europar enpresen AEBetako korporazio-jabeei ordaindu. Horrek presionatuko lioke AEBetako korporazio-sektoreari ordainketen erantzukizun handiago edukitzeko.)

c. Nazioarteko ordainketa balantzearen fluktuazioetatik babesa lortu behar du herrialde bakoitzak. Horretarako, kontsumorako eta produkziorako barneko merkatua sostengatu behar da. Efizientzia lortzeko, horrek suposatzen du blok handi samarretan aritzea[1]). Merkataritza teorialariek ez dute kontuan hartzen gaur egungo ordainketa balantzeen desorekak ez dagozkiela soilik alokairu altuko/baxuko herrialdeen arteko alokairu ezberdinei, baizik eta gobernuen gastuetan islatzen diren zerga desberdinei ere bai. Halaber, etxeen kostuei ere bai. (Horrek praktika fiskala eta finantzarioa islatzen ditu.)

d. 1971tik, Bretton Woodseko sistema alboratu zenetik, AEBek bazka librea izan dute. Egungo globalizazioa asimetrikoa da erabat, gune boteretsu batekin. Nola berrezar daiteke simetria? Hemendik aitzin, zein izan daiteke munduko erreferentzia? AEBetako Altxor Publikoko tituluak, orain arte bezala? Urrea? Korporazioen jabegoa? Zein ote?

e. Munduko moneten arteko arazoak ezin daitezke konpondu dolar, yen eta euroaren arteko lotura formal baten bidez, zeren lotura horrek ez du konpontzen ezegonkortasunaren iturria, hots, gero eta globalizatuagoko sisteman produkzioaren, merkataritzaren eta ordainketen maila nazionalean dauden arazo finantzarioak.

f. Europako Batasunak ez dauka estrategia garbi eta finkorik AEBen aurrean (orain arte behintzat Txinak, Japoniak eta Errusiak edukitzen ez duten moduan). Europa ez da gai ordainketa-balantzatik bere burua babesteko. Irtenbide bat: Europak dolarrak erabili beharko lituzke Europan dauden amerikar konpainiei bazkide-partea erosteko.

g. AEBak baztertu behar dira sistema ustiatzailetik. Horrek suposatzen du mundu ekonomiko asimetriko batekin bukatzea. (Beharbada Europak Errusiari eta Ekialde Urruneko herrialdeei ‘begiratzen’ hasi beharko luke.)

h. Politika fiskala da garrantzitsuena. Beraz, Altxor Publikoa da edozein herrialdetan agindu behar duena. Horren azpian banku zentralak egon behar du, ez alderantziz (orain gertatzen den moduan). Izan ere, politika monetarioak politika fiskalaren barnean egon behar du.

i. Aurrekontu defizitak Altxor Publikoaren bidez kudeatu behar dira. Altxor Publikoak bere kredituak jaulki behar ditu. Kasurako, Europan EBko euroen bidez, ez AEBetako Altxor Publikoko tituluen bidez.

j. Herrialde baten barneko moneta babesteko, ez da behar AEBetako Altxor Publikoko bonoak erostea -aparteko interesak ordainduz- (Errusiak errubloa babesteko egin zuen antzera): barneko moneta hori gobernuak enplegaturiko langileek erabil dezakete. Gaur egunean ez dago inolako arrazoirik herrialde baten moneta eta gobernu-aurrekontua atzerritar erreserben bidez babesteko.

k. Kreditu-ekonomia deitzen dena babestu behar da (ikus http://credec.org/: printzipioak, metodologia, esparrua, helburuak).

l. Inbertsio ukigarri zuzena bultzatu behar da nonahi, politika fiskalean behar diren neurriak hartuz. Horretarako zerga-plan aurrerakoi bat beharrezkoa da.

m. FIRE delako sektorea modu berezi eta argi batez zergapetu behar da.

n. Ekonomia mistoa da esparru ekonomikorik egokiena. Aurrekontuan zerbitzu publikoak, osasungintza, segurtasun soziala, irakaskuntza (euskara bera bultzatzea, barne), enpresa publikoak, garraioak eta komunikabideak bultzatu, sustatu eta babestu behar dira. Jarduera pribatuaren mitoak baztertzekoak dira. Enpresa publikoak, berez, ez dira desegokiak[2].

Kapitalismoa aldatu da. Erabat. XIX. mendeko eskemak pikutara joan dira, betiko: gauza asko daude jokoan ohiko eskematxoei atxikita segitzeko. Gaur egungo mundu industrial, finantzario eta sozialean eragina edukitzeko, mundu hori nolakoa den jakitea ezinbesteko baldintza da. Aldaketa horiek analizatu behar ditugu. Eztabaida dezagun horietaz guztiez inolako beldurrik gabe.

Ondorioz, lan-indarrak ere aldatu behar du errotik bere eginkizuna. Sindikalgintza abertzale berriak gai izan behar du, indarrak metatuz, bere plan estrategikoa eztabaidatzeko eta plazaratzeko. Are gehiago, soilik inbertsio zuzenerako den kapital industrialarekin behar diren itun taktikoak eta estrategikoak gauzatu beharko lituzke.


[1] Ikus Hudsonen Global Fracture, 1978/2002.

[2] Ikus Hudsonen An alternative view of privatization, Riga, 2006.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude