Haustura globala

Egungo politika eta ekonomia neoliberalei aurre egiteko, hona hemen dekalogo antzeko bat; Hudson-en proposamena besterik ez da (Global Fracture, 2002, bigarren edizioa, sarrera[1]):

1. Mundu ordena berri batek gobernu-kreditua hornituko luke, aurrekontu defizitak finantzatzeko, inbertsioak bultzatzeko eta langabeziari aurre egitearren. Izan ere, ekonomiek ez dituzte behar atzerritar mailegua eta kanpo-aurrezkiak lan-indarrari eta beste produkzio-faktoreei ordaintzeko. Ez dago inongo argudiorik edozein gobernuk AEBek egiten dutena egin ez dezan, alegia, aurrekontu defizitak izatea barneko merkatu eskaria jasotzearren, lan-indarra enplegatuta mantentzen duen maila batean.

Nahiz eta monetaristek esan gobernu-kreditua inflaziogilea dela, ez dago arrazoirik esateko gobernu-kreditua inflaziogileagoa dela kreditu pribatua baino. Kreditu publikoa epe luzean bizitza-standarra hobetzen duen moduan gastatu ohi da. Epe luzean bizitza-standarda hobeagotzen dueneko moduan; bankuek, aldiz, nahiago dute finantzatzea jabego burbuilak edo jadanik existitzen diren aktiboak eta higiezin errealak bereganatzea.

2. Nazioarteko zorrak barneko monetan izendatzea eta zor-zerbitzua ordaintzeko ahalmenean jarri. Herrialde gehienen garapena hobe daiteke teknologia eta kapital-ondasunak inportatuz. Baina zor-menpekotasunekiko azken mende erdiko esperientziak erakutsi du mailegu hartze hori soilik norberaren monetan egin behar dela, soilik moneta horren balioa eduki baitaiteke kontrolpean. Autodeterminazioa desiragarria baldin bada (berori estatu subiranoen definizio politikoaren parte izanik), ondorioztatzen da ezen moneta eta zor kontrola sine qua non-eko baldintzak direla. Zorrak etxeko monetan izendatzea behartzen du horrek, ez inongo dolarizaziorik.

Helburua garapena bultzatzen duen balantza ekonomikoa lortzea da, ez soilik birbanaketa bat. Gaurko ortodoxiaren arabera, tasa gisa definitzen da oreka, zordunek hartzekodunei beren aktiboak ordaindu behar dizkieten tasa. Izatez, amerikar diplomatikoek finantza-oreka honela definitzen dute, alegia, atzerritar banku zentralek AEBetatik erosi behar duten Altxor Publikoko zor-kopurua. Erosketa horrek AEBetako aurrekontu defizita finantzatzen du, kopuru horrek barneko zergak murrizten dituen heinean. Hortaz, badirudi merkataritza oreka atzerritar herrialdeek AEBei hornitu behar dieten produktuen bolumena dela, hiritar amerikarrek beren bizitza mailari eustearren, nahiz eta atzerritar ekonomia horiek desindustrializatu eta populazioa rentier bilakatu.

Arazoa da egungo merkataritzak eta ordainketa sistemak rentier direnei saritzen dietela, herrialdeak garatu gabe. (Logika neoliberal hori ez da soilik ikusten Errusiako barne merkatuaren deflazioan 1990ko hamarkadaren erdian, baizik eta Europar Batasuneko austeritate fiskalean ere. Adierazgarria da kontsensu monetarista hauek autoeratuak izan direla, inolako Pinochet jeneralik gabe.)

3. Errenta-zerga eta baliabide zerga lurrean, lur azpiko horniduretan eta monopolioetan jartzea. Egungo politika finantzarioan bereziki baliabide errentak (monopolio irabaziak barne) lortu nahi dira, monopolio publikoak, natur baliabideak eta higiezin errealak bereganatuz, ez kapital eraketa berrian inbertituriko mozkin industrialak irabaziz. Jabego errenten lorpena maximotu egin da, gobernuei errenta horiek zerga gisa biltzeko blokeatuz. Finantzagileek dakiten moduan, zerga biltzaileak jasotzen ez duena eskuragarria da interes, dibidendu eta gestio-kuota gisa ordaindua izateko.

Hortaz, gobernuek egin behar dutena erraza da: lurra, lur azpiko ondasun minerala eta pribatizatuak izan diren natur monopolioak zergapetzea. Zergapetze horren bertutea hauxe da, industria eta lan-indarrean ezarritako zama fiskala arintzea. Zerga sistema alokairuetatik eta industrial mozkinetatik naturak eta energia monopolioek produzitutako errenten ibiltze aske-ra igaro behar da. Rentier direlakoen aktiboen errenta berreskuratu beharko lukete gobernuek.

Errenta eta jabegoen zergapetzea nazioarteko legearekiko legala da, barneko eta atzerritar jabeei modu berean aplikatzen zaien heinean. Errenta zergak ez du esan nahi jabegoen nazionaltzea, zeinak beharko bailuke nazioarteko legearen araberako konpentsazio moduko bat. Izan ere, edozein gobernu baimenduta dago bere jabegoa eta errenta zergapetzeko, berak nahi duen moduan (Gogoratu Europar Batasunak daukan zergapetze atzerakoia. Horra hor, bada, lan egiteko arlo zehatz bat.)

Milton Friedman-ek ere onartu zuen errenta-zerga bat zergapetzerik zuzenena eta bidezkoena zela. Baina monetaristek, oro har, mozkina eta errenta nahasten dituzte, lurra eta beste jabego eta monopolio eskubideak gizakiek sortutako kapitalaren kategoria bera  balira bezala. Kapitalak bere sormenerako lan-indarra behar du. Beste jabego horiek bereganatzea besterik ez dute behar. Lur eta kapitalaren arteko nahasketa hori politikoki kapital inbertsio ukigarria eta errenta ekonomikoaren ‘bazkari librea’ ez bereiztetik dator. Bigarren Mundu Gerlaz geroztik, mendebaldeko herrialdeek zerga-zama lan-indarrean eta kapital finkoaren eraketan ezarri dute. Joera hori aldatu beharra dago, hazkunde eta garapen ekonomikoa bultzatzeko, eta ez rentier direlakoak saritzea, zeintzuek maileguz harturiko kreditua erabiltzen baitute jabego-kontrola eta monopolioen eskubideak lortzearren (eskubide horiek puztuta egonda).

4. Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), Mundua Bankua (MB) eta Munduko Merkataritza Erakundea (MME) ordezkatzeko, nazioarteko erakunde berriak antolatzea.

Ezin daiteke espero NDFa eta Mundu Bankua ekonomia zordunen gaineko kontrola ahulduko luketen proposamenen alde egotea. Nahiz eta jatorriz haien helburua truke tasa egonkorrak eta modernizazio ekonomikoa finantziazioa bultzatzea izan, beraien egungo doktrina ekonomikoa rentier-en baliabideen eta zor-menpekotasunaren alde dago. Bi erakunde horiek ordezkatu behar dira, ez baitira erreformagarriak.

Ez da behar herrialdeak bi erakunde horien partaideak izaten segitzea, edo eta enpresa publikoen eta jarduera erregulatzailearen aurka dagoen MMEko partaideak izatea. Kideak diren herrialdeek eskatu behar dute beren urre-harpidetzat itzultzea, Washingtongo Kontsensua alboratuz eta Kontsensu horrek errenta zergapetzeari, defizita finantzatzeari eta kreditu publikoari aurre egiten dieneko joera baztertzea.

5. AEBetako tarifa-babesen eta dirulaguntzaren antzekoak erabiltzea. 1950eko hamarkadan NBEko ekonomialariek lur erreforma oinarritzat hartu zuten janari-defiziteko herrialdeei beren garau propioa hornitzeko, eta ez inportazioetan oinarritzea. (Europatik eta AEBetatik kanpo) politika horrek MME delakoaren merkataritza libreko printzipioen inposizioarekiko haustura suposatzen du. Beste alternatiba ezaguna da: janari menpekoak diren erregioek AEBetatik uzta-superabitak inportatzea, eta AEBek produzitzen ez dituzten landare tropikalak AEBei hornitzea, barne merkatua asetzeko.

AEBek eta Europak daukaten oso babestutako nekazaritzatik janari defiziteko herrialdeek beren buruak elikatu behar dituzte. Autosufizientziak esportazio-merkaturako atzerritar jabeturiko plantazio-produkziotik aldaketa behar du. Nekazaritza eta industria modernizatzearren, Europak eta AEBek beren industrial eta nekazal iraultzetan egin zutena egin behar dute herrialde horiek ere: hots, babes tarifak hornitzea behar den kapital inbertsioari dirulaguntza emateko. Beste hitzetan esanda, egin behar dute gaur egun AEBek egiten dutena, eta ez beraien diplomatikoek esaten dutena.

6. AEBetako Altxor Publikoko bono-standarri alternatiba ematea. Ordainketa-balantzako superabitak dauzkaten atzerritar herrialdeak AEBetako Altxor Publikoari ad infinitum maileguak ematera behartuta daude gaur egun, beren banku zentralek erreserbak edukitzeko. Aurrezki horiek AEBetako finantza-sistemaren parte bat dira; ez dira erabiltzen herrialde horien ahalmen produktiboa eraikitzeko. Mailegu horien baliorako, ez dago moneta sendo baten bermerik. Bitartean dolarra euroen, yenaren eta merkataritza eta ordainketa superabitak dauzkaten ekonomien moneten aurrean erortzen da.

Arazoa hauxe da, alegia, nola behartu AEBei mugarik gabeko ordainketa defizitak ez edukitzeko, eta nola konpentsatu herrialdeei beren atzerritar truke galeretarako, hots, haien banku zentralen dolar-erreserbak edukitzetik datozen galeretatik.

1971 baino lehenago muga bat zegoen, herrialdeek beren atzerritar truke erreserbak urrean edukitzen zituztelako, metal hori erabiliz nazioarteko balantzak moldatzeko. Gaur egun, horrelako aktibo baten ezean, edo Europako eta Asiako ekonomiek jaulkitako monetak erreserba gisa ez erabiltzean, arazoa soilik konpon daiteke dolar superabitak gastatuz, dolarrak metatzen diren heinean.

Aukerarik egokiena eta simetrikoena hauxe izango litzateke: AEBei berauek beste herrialdeei behartzen dieten eskaera bera behartzea, hots, dolar edukitzaileei baimentzea AEBetako baso eta natur baliabideen, teknologia puntaren eta industriaren kontrola erostea. Beste aukera bat da atzerrian jabeturiko dolar superabitak erabiltzea AEBetako korporazio inbertsioak erbestean erosteko. Azken aukera bat hauxe litzateke, monetak depreziatzen ari direneko herrialdeei esportazioetarako diru-laguntzak hornitzea. Kasu honetan, helburua ohiko merkataritzaren teoria praktikan jartzea da, kostuak normalizatzearren.

7. Atzerriko ihes-kapitala eta zergapetzerik gabeko gune bereziak isolatzea eta transfer-prezioak erregulatzea. Azken urteotan zerga-lege eta arau nazionalak korporazio anitzek baztertu dituzte zergarik gabeko paradisuetan erregistratuz[2]. Modu horretan korporazioen arteko transfer prezioak gauzatu eta erabili dira zergei eta lege bereziei ihes egiteko. Kontra-estrategia erraza da. Finantza-sistema nazionalek eta zerga-biltzaileek horrelako guneak ez onartzea. Horrek erregio-itunak suposatzen ditu.

8. AEBetako hedapen militarraren gaineko mugak. Ch. Johnson-ek dioenez (The Sorrows of Empire), Pentagonoaren urteko higiezin errealeko inbentarioaren arabera,  “AEBek 725 base militar dauzkate munduan 132 herrialdeetan. AEBen base horiek inperio berri bat osatzen dute, enklabe militarren inperioa, ez aspaldiko kolonien inperioa (…) Munduko ozeanoak eta itsasoak menperatzeko…”. Hori gutxi balitz bezala, AEBak espazioa militarizatzen hasi dira satelitetan oinarritutako armekin.

Gastu ikaragarri horrek AEBetako ordainketa-balantza defizita eta aurrekontu defizita, biak, areagotzen ditu, zeintzuk Europako eta Asiako banku zentralak ordaintzen ari baitira. Mundu geopolitikaren axioma bat izan da handinahi inperialak soilik mantendu behar zirela zordun status baten bidez eta botere finantzario sakrifikatuz, Britainia Handiak Lehen Mundu Gerla eta gero ezagutu zuen bezala. Baina AEBek urre-standarra utzi zutenetik, atzerritar gastu militarren gaineko baldintza horrek ez du gehiagorik funtzionatzen.

Handinahi inperialak alboratzeko giltza inperioaren kostuen eta egoera ekonomikoa deuseztatzearen arteko lotura birjartzean datza. Inongo nazio ez da gai izango bere kabuz gastu horiek ordaintzeko, teknologia militarren gaur egungo gastuak kontuan hartzeko. Historia modernoan inperioaren kostuek diseinu inperial bakoitza apurtu dute, Britainiar Inperioak Lehen eta Bigarren Mundu Gerlaz geroztik erakusten duen moduan. Haren mantentze-kostuek libra AEBetako dolarraren finantza-dependentziaren menpe jarri zuten: dependentzia hori AEBek dependentzia politiko eta diplomatiko bihurtu zuten, gaur egun zutik dirauena. (Esan bezala, AEBek kostu izugarri horiek Europari eta Asiari igorri dizkiete.)

Baldin eta indar militarren giltza inperio-kostuak periferiari igortzean badatza, inperioa deuseztatzeko giltza igortze horren aurka aritzean datza. 1776ko Amerikar Iraultzaren mezuak zioen moduan, “Ez zergapetzerik aurkezpenik gabe”. AEBek mundua zergapetzen dute ordainketa-balantzako defizitaren bidez, atzerritar banku zentraletatik mugarik gabeko kreditua negoziatuz, rentier nagusi bezala, ibilbide askea gozatzen duten bitartean. Rentier egoera hori da geldiarazi behar dena.

9. Teoria post-liberal berriaren beharra, irabazitako eta ez-irabazitako errenta bereiziko dituena. Barregarria (eta iraingarria) da gaurko sistemari ‘enpresa libreko’ sistema deitzea. Gaurko baldintzapean ‘merkatu fundamentalismoak’ gobernuaren gaineko finantza-menpekotasuna esan nahi du. Beste plangintza zentralista bat da, ez plangintzarik eza. Dependentzia behartzeko plangintza mota bat da, ez autosufizientzia baterako plangintza. Egokiago eta baketsuago den biharko mundu-ordena batek joera hori aldatu beharko luke, plangintzaren boterea finantza-erakundeen gainean jarriz. Ekonomiek outputa ekoiztu behar dute: ekonomiak ez dira behar izan interesak, dibidenduak eta kapital irabaziak sortzeko ibilgailuak.

Kapital inbertsioa eta enplegua amortizatzeko ez dira behar ez atzerritar maileguak, ezta atzerritar aurretiko aurrezkiak ere. Kreditu nazionala edozein herrialdek produzi dezake, izan ere, berori subiranotasunaren ezaugarria baita. Barne merkatuak garatu behar dira, eta ez AEBetako kontsumitzaileen eta gastu militarren atzean egotea.

Irtenbidea politiko eta ekonomikoa da. AEBen diseinu inperialak finantza-austeritatea aldarrikatzen du; behar dena ekonomia modernizatzea da, AEBek berek jarraitu duten ibilbidea bera ibiliz, hots, subiranotasunari eutsiz.

10. Azkenean FIRE sektoreak[3] egungo ekonomian daukan zeregina eta garrantzia aztertu behar dira. Izan ere, Finantza, Aseguru eta Higiezin Errealeko sektoreak erabat aldatu du egungo ekonomia.


[1] Ikus http://www.michael-hudson.com/ —> Books: Global Fracture: The New International Economic Order, second edition, 2002.

[2] Ikus T. Naylor, 2004, Hot Money, eta liburu horren Hudson-en sarrera.

[3] Ikus http://www.michael-hudson.com/ —-> Articles: Saving, asset-price inflation and debt-induced deflation. Oso garrantzitsua den artikulu honetara itzuliko gara laster.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude