Burbuila ekonomiko desberdinak

Higiezin errealeko burbuila oso desberdina da beste burbuilekiko. Alde batetik, puntu. com-eko burbuilak dei daitezkeenak daude; eta, beste aldetik, etxegintza-burbuilak.

Puntu.com-eko konpainiek porrot egiten dutenean, zorrak kitatu egiten dira, eta, hortaz, galera batzuk daude. Baina etxegintza-burbuilak zor hipotekarioaren herentzia uzten du, eta orduan gobernua ahalegintzen da zor hori ahalik eta gehien bereganatzen. Hori ez da gertatzen puntu.com burbuilekin.

Puntu.com-eko konpainia baten porrotaren ondoan, beste konpainia batzuek erosten dute geratzen den ekipamendua, gehienetan nahiko merke. Baina etxegintzaren burbuilak aktiborik handienaren zamak lagatzen ditu: lurra eta higiezin erreala.

Puntu.com-eko burbuila lehertzen denean, jendearen aktiboak jaisten dira, baina ez da inolako ekitate negatiborik gelditzen. Konpainiek porrot egiten dute, baina jendea, multzo gisa, ez da geratzen ekitate negatibo batekin. Inbertsiogile askok gutxiago daukate, baina soilik horietako gutxi batzuk zorren interes-zamak jasan behar dituzte. Etxegintza-burbuilak, aldiz, ekitate negatiboa uzten du jende askorengan.

Beste aldetik, puntu.com-eko burbuila, normalean, monopolioei dagokie. Jabego-burbuilak, aldiz, lur-orubeei dagozkie. Puntu.com-eko burbuilarekin konpainiak berak dira iruzurrak. Baina higiezin errealeko burbuiletan bankuak dira iruzurrezko eran aritzen direnak, bankuak eta haien kideak: hipotekak hornitzen dituzten zerbitzu-enpresak, abokatuak, burtsalariak, aseguru-konpainiekiko loturak, eta abar luzetxo.

AEBetan hori guztia Alan Greenspan-en bankuen liberalizazioarekin batera joan da. Banku bakoitzak jakin zuen zer gertatzen ari zen higiezin errealeko burbuila lehertzen ari zen bitartean. Ez zen inolako sekretua. Hortaz, Federal Reserve delakoak ere (Fed) ezagutu behar zuen fenomeno hori. Baina Fed-ekoek uste zuten segurtasuna zegoela. Puntu.com-eko burbuilak arau bereziak sorrarazi zituen moduan, segur aski higiezin errealeko burbuilaren leherketak arau eta erregulazio berriak ekarriko lituzke.

Azken burbuila Iraken eta Afganistanen egondako petrolio gerrekin sortu zen. Hortaz, AEBetako ez diren banku zentralek badakite beraiek finantzatu dituztela AEBen atzerritar gastu militarrak; gainera, kasu askotan, beraien hiritarrek onartzen ez duten gerran. Halaber, badakite dolar standardak behartzen diela AEBek hasitako gerrak finantzatzea.

Hori dela-eta, atzerritar gobernuek hemendik aurrera nazioarteko finantzaren arauak aldatu nahi dituzte. Kontua hauxe da: azken bi burbuilak hornitu zituzten funts globalak ez izateko gehiagorik etorkizuneko burbuila bat hornitzeko iturriak.

Hortaz, etorkizuneko burbuilari dagokionez, atzerritar mailegariak jakitun daude AEBetako abentura guztiak beraiek finantzatu dituztela. Beste aldetik, AEBen barnean, jendeak ez du sinesten kontabilitate-enpresetan. Gauza bera gertatzen da kredituari balioa ematen dioten enpresei dagokienez, inork ez du inor gehiagorik sinesten. Konfiantza horren haustura bazter ezinezkoa da, zeren burbuilaren oinarrian Ponzi-ren eskemak funtzionatuko zuela denboraldi labur batean baino luzeagoan uste baitzen. Gaur egun guztiok dakite Ponzi-ren eskemak soilik funtzionatzen duela denbora-tarte laburrean. (Ponzi-ren eskemaren arabera, banku sistemak bezeroen insolbentzia gainditu nahi du zordunei dirua mailegatuz, interes-zamak ordaintzeko. Interesak zorrari gehitzea da Ponzi-ren eskema. Beharrezkoa da esponentzialki hazten den funtsen barnerako fluxua, inbertsiogile eta hartzekodunei ordaintzeko. Hortaz, eskema horrek ezin du luze iraun, zeren historian inongo ekonomia ez baita zor globala bezain azkar hazi.)

Jendeak ez du ulertzen kreditu modernoen merkatuak nola funtzionatzen duen. Egia da bankuek kreditua sor dezaketela bezeroak IOU (I owe you) delakoak sinatzeko prest dauden bitartean. Baina arazoa ondokoa da, alegia, bankuek kreditua sortzen dutenean, kredituak interes-zama bat daramala. Interes horiek gero eta diru gehiago bereganatzen dute ekonomiatik, eta ekonomia husten dute. (Gainera, egunkari honetan jadanik ikusi dugun moduan, interes-tasak erabiltzen dira aktibo prezioak puzteko, eta horrela, kontsumitzaile-prezio maila orokorra puzten da.)

Ezerezetik dirua ateratzeko magia hautsi da. Kreditu-balioko enpresekin gauza bera gertatzen da. Inork ez du inorengan ezelako konfiantzarik. Bankuek ez diote elkarri konfiantzarik. Hortaz, banku horiek Fed-etik hartzen dituzte maileguak[1].

Ondorioz, Fed ahalegintzen ari da burbuila puzten, Ponzi-eskemaren ildotik. Gaur egungo politika ekonomikoaren muinean dagoen arazoa zor bedeinkatua salbatzea da, alegia, gainontzeko ekonomiaren gainean finantza-sektorearen eskaerak jartzea. Ahalegin horrek ekonomia polarizatzen du (piramidearen puntako) hartzekodunen eta (piramidearen oinarriko) zordunen artean, azken hauen kopurua handituz doalarik.

Finantza-burbuila batek funtsean errentaren ateratzea irudikatzen du. Horixe da, finantza-burbuilaren ondorio kaltegarri zuzena: zorra ordaindu behar da eta ordaintzeko zerbitzu publikoak saltzen dira. Publikoa zena esku pribatuetan jartzen da, eta modu pribatu batez zerbitzu publikoa kudeatzen da, bidesariak edo eta erabilera-sariak garestiago ordainduz.

Beste aldetik, finantza-burbuilatik ateratako mozkinak oso denbora-tarte laburrean gauzatzen dira. Zenbat iraun dezake tarte laburreko burbuila-ekonomiak? Agian atzerapen ekonomikoa kontrolik gabe egongo den arte, eta neurri politiko berriak hartuko diren arte. Bitartean, gutxiengo batentzat piramide ekonomikoaren ertzeko paradisua dena, piramide berbereko oinarriko jende arrunt gehiengoarentzat sufrikarioa besterik ez da.


[1] Ikus M. Hudson-en A Trillion Dolar Rescue for Wall Street Gamblers in http://www.counterpunch.org/hudson04142008.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude