2008/04/21 10:49:32.180 GMT+2
AEBetan Federal Reserve banku zentralak (Fed aurrerantzean), orain dela gutxi, banku sistemari 200 x 109 dolarreko kreditua luzatu zion. Bankuei aukera eman zitzaien beren mailegu hipotekarioak eta beste mailegu batzuk itzultzeko Fed-en gainean pareko balioan (ez merkatu-preziotan). Fed-ek uste zuen infusio horrek ekonomiari eragingo ziola, berriz ere mugimenduan jartzeko. Baina bankuek diru hori erabili zuten dolarraren kontra apustu egiteko.
Izan ere, bankuak Fed-tik maileguak hartzen ari dira interes-tasa txikian, eta interes-tasa handiagoak dituzten eurotan izendaturiko bono atzerritarrak erosten, prozesuan moneta-irabaziak lortuz, euroa dolarretan izendaturiko aktiboen aurka altxatzen den heinean. Horrela, Fed kapital ihesa bultzatzen ari da eta inflazioa puzten, inportazioen prezioak garestiagoak eginik (bereziki petrolioaren eta beste lehengaien prezioak). Salgai horiek ez dira garestiagoak europar erosleentzat, depreziaturiko dolarretan ordaintzen duten erosleentzat baizik.
Fed-en jarrera horrek ondoko galdera sorrarazten du: beharrezkoak ote dira banku zentralak?
Banku zentralen betiko eta ohiko ideia hartzekodunei orientatutako neurriak eta finantza-liberalizazioa sustatzea izan da eta finantza-sektorea larrialditik atera gastu publikoen kontura, ekonomia zor-ertz batean agertuz. Baina hori egin ondoren, Fed-ek ezin ditu Greenspan-en sistemaren menpe sorturiko arazoak konpondu. Sistema horren rola eta, oro har, banku zentralena, gaur egungo finantza-dilema sortu duten politikei jarraitzea da.
Banku zentralek merkataritza-banku sistemaren interesak irudikatu ohi dituzte. Zoritxarrez, finantza denbora-markoa beti izan da epe laburrekoa. Bankuek mozkinak lortzen dituzte gero eta bezero kopuru handiagoa lortuz maileguak hartzeko, inbertsio-bankariek eta artekaritza-etxeek beren komisioak hartu eta alde egiten duten bitartean. Bankuen helburua Burbuila Ekonomia bultzatzea da higiezin errealeko erosleei eta korporazio-kudeatzaileei maileguak hartzea induzituko dien burbuila, aktibo-prezioko inflazioaren uhina korrituz. Mailegu-hartze horiek lehen momentuan badirudi jasangarriak direla, mailegu hartzaileek jabegorako, akzio eta bonoetarako prezioak altxatzen dituzten heinean. Aktibo horiek gero berme gisa eskain daitezke mailegu handietarako, prezioak eta zorrak batera handitzen diren heinean.
Aberastasun sormen horretarako Greenspan-ek kreditua bilatu nahi zuen. Baina hori ez da ekonomiari, bere osotasunean, egonkortasuna ematen dion prozesua. Finantza-sektorearen interesak kontsumitzaileen eta ekoizleen ekonomia errealaren interesen aurka bilakatu diren moduan, Fed-en politikak zor-arazoa konpondu nahi du are zor gehiagorekin, mailegu txarrak egin dituzten bankuei bermea luzatuz. Berme hori diseinatuta dago bankuek dirua maileguz eman dezaten, aktibo prezioak sostengatzeko.
Bankuei bermea emanez, beren maileguak handitzeko, helburu horiek lortzearren, Fed finantza-gerra bateko eragile aktibo bilakatu da, higiezin erreala, lan-indarra eta industria are gehiago zorpetuz.
Ondorioa hauxe da: orain arte egon ez den gobernuaren esku-sartzea ekonomian, ez era sozialista batean baizik eta piramide ekonomikoaren puntan finantza eta jabegoa babesteko, diru publikoa erabiltzeko moduan. Hori lortzen da morrontzarako ildo finantzarioa eramanez, zor-peoiko sistema bat babestuz. Fed-en sistemaren bidez, AEBetako gobernua Burbuila Ekonomiaren bukaera konpontzen ari da mailegu nahikoa hornituz, industria eta nekazaritza, lan-indarra eta kapital ukigarria zorpetzeko, gobernuak zor-zerbitzua ordaintzeko dirua maileguz eskatzen duen heinean (beste era batera, bete gabe egongo liratekeen mailegu batzuetan).
Baina, jakina denez, zorrik problematikoena kanpo-zorra da, eta nazioarteko subprime-en zordunik handiena AEBetako gobernua da. Gaur egunean atzerritar gobernuekiko zorduna da (haien banku zentralei 2,5 x 1012 dolar-erreserbako akzioen bidez), baita atzerritar inbertsiogileekiko (beste 1012 dolarreko batzuk ere), alegia, AEBek ordaindu ezin duten kopurua, nahi izango balute ere (eta ez dute nahi!). Hori dela eta, atzerritarrek ez dituzte gehiago onartzen dolarrak: AEBetako kontsumitzaileek, atzerrian enpresak erosiz AEBetako inbertsiogileek, eta beren baseak erbestean hedatuz AEBetako militarrek botatzen dituzten dolarrak.
Eta dolarra erortzen den bitartean, inportazio-prezioak altxatzen dira, bereziki petrolioarena eta mineralenak.
Nola ordain ditzakete etxe-jabeek eta negozio-gizonek beren zorrak baldin eta berogailurako, elektrizitaterako eta garraiorako kostuek beren errentak absorbitzen badituzte?
Hemorragia hori geldiarazteko bide bakarra zor-aringarri bat negoziatzea da, atzerritar banku zentralek dauzkaten AEBetako Altxor Publikoko bonoekin hasiz. Horren parean, zer da AEBek eskain dezaketena?
Atzerritar gobernuei hain handia den sakrifizioa eskatzeak AEBetako gobernuaren hitzarmen global handi bat behartzen du. Eskaintzeko quid pro quo gutxi edukiz, AEBen ekonomiaren gainean atzerritar herrialdeek dauzkaten eskaera finantzarioei borondatez uko egiteko, AEBek eskain dezaketen arlo berezi bat oso garrantzitsua da: arlo militarra.
Hudson-ek dionez, bide bakarra dago hitzarmen global hori lortzeko: AEBek kanpoko base militar guztiak desmuntatu behar dituzte. Horrek suposatuko luke daukaten mundu-hegemoniarekin bukatzea. Halaber, arma-lehiaketarekin bukatzea. Gainera, horrek kontsumoaren eta produkzioaren ekonomia berpiztuko luke, aske geratuko liratekeen errentak kontsumoan eta inbertsio zuzen berrian gastatuz. Prozesuan, desmuntatze horrek AEBak askatuko lituzke Pentagonoko Kapitalismotik.
Atzerritar herrialdeak AEBak ikusten hasi dira, AEBetako gobernuak beste herrialde horiek ikusten dituzten perspektiba berean: edozein potentzial ekonomiko, definizioz, militarra da. Ondorioztatzen da ezen potentzialtasuna dena hasieratik ito egin behar dela. AEBak mundua ez-egonkortzeko indarrik handiena bilakatu dira. Arazo horri aurre egin behar zaio.
Era zuzen batez tratatu behar da kontu militar garrantzitsu hori. Bestela, AEBetako ekonomiaren gaineko atzerritar eskaeren edozein gutxitzek AEBei ahalbideratuko lieke beren presentzia militar globalari eustea edo/eta areagotzea, are base gehiago eraikiz eta dolarretan ordainketa-balantzako isurbidea are handiagoa inposatuz. Izan ere, Hudson-ek dioenez, Dolarrari atxikitzea AEBetako diplomazia militarra onartzea da.
Horra hor, gure mundu globalizatu eta erabat finantzialdu honetan, benetako ezkertiar baten mezua.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/04/21 10:49:32.180 GMT+2
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/21 10:46:24.768 GMT+2
Egungo krisi finantzarioa eta ekonomikoa bistakoa da. Alta, jende askok ez du nahi horretaz ezer jakin nahi. kasurako, gaur egungo zor-arazoa ez da marjinala, egiturazkoa baizik. Alan Greenspan-ek deituriko aberastasun sormena aktibo-prezioko inflazioa bilakatu da –jabego baloreak eta burtsa kredituan altxaraziz-. Burbuila-ekonomiak etxejabeak, higiezin erreala eta konpainia osoak zorrekin zamatu ditu.
Politika horrek jarraituko du zorrak puztutako jabego prezioak ordaindu behar den interes-tasa baino arinago handitzen diren bitartean.
Jakina, interes eta amortizazio kargak ordaindu behar izateak kontsumotik eta produkziotik inbertsioak alboratzen ditu. Horixe da zor-deflazioak esan nahi duena. Jabego- eta finantza-sektoreak lehen ondasunetan eta zerbitzuetan gastatutako errenta eskuratzen dute.
Kasurako, AEBetan, 2006. urterako, zor-zerbitzua etxe-jabeen ahalmena baino handiagoa zen. Hortaz, AEBetako Federal Reserve izeneko banku zentralak kreditu txarrei fidantzaz ordaintzen hasi zen. Helburua argi zegoen: zordunei maileguak luzatzea, beren bankuei eta beste hartzekodun mota batzuei ordaindu ahal izateko, beraien ordaintzeko ezintasunari diruarekin lagunduz, beraiek ezin ordaindu zituzten obligazioei eusteko. Baina diru laguntza horrek soilik denbora irabazten du zor-arazorako, egoera are sakonago oinarrituta egoteko.
Errealitatea gordina eta gogorra da: gaur egungo zorren maila ezin da kitatu. AEBetako gobernua bera munduko subprime-en zordunik handiena da. Atzerritar banku zentralei 2 x 1012 dolar zor dizkie (kontuan hartu gabe sektore pribatuak beste atzerritar batzuei zor diena): kopuru erraldoi hori ezin da ordaindu, kontuan hartzen badira AEBen merkataritza-defizita eta gastu militar izugarria. Nazioarteko sistema finantzarioak egoera hori onartzeak atzerritar gobernuei eta inbertsiogileei dolarretan izendatutako bonoak eta akzioak metatzera eraman du. Horrek dolarraren truke-tasa jaitsi du, petrolio eta beste baliabideetarako dolarizaturiko prezioak handituz.
Dena den, ironikoa ondokoa da: zenbat eta handiagoak izan AEBen merkataritza-defizita eta gastu militarrak, orduan eta atzerritar esportatzaileek eta AEBetako fondoen edukitzaileek gehiago itzultzen dituzte dolar horiek atzerritar banku zentralei. Orduan, banku zentral horiek aukera gutxi izan dute beren dirua gastatzeko, ez bada AEBetako Altxor Publikoko tituluak erostea. Hainbeste erosi dute ezen amerikarrek ez dutela AEBetako aurrekontu defizitaren kostua jaso behar. (Normalean defizita finantzatzeko bonoak erosi behar baitira. Baina AEBen kasuan, atzerritarrek erosi dituzte bono horiek.) Horrek esan nahi du ezen, izatez, AEBetako gobernuari dolar horiek eta atzerritar trukea maileguz eman dizkiela, Ekialde Hurbilean gerla finantzatzeko, atzerritar boto-emaile gehienek babesten ez duten gerla! Izan ere, AEBetako nazioarteko ordainketa-defizita eta defizit federala finantzatzeak gerla horri dirulaguntza ematea da.
Hori guztia ikusita, azken urtetan, atzerritar gobernuek AEBetako Altxor Publikoko bonoak erosteari alternatiba bat bilatu diote. Baina Txinak Union Oil-eko aktiboak erostea eskatu nahi zuenean, AEBetako Kongresuak hitzarmenari betoa jarri zion. Hortaz, atzerritar gobernuek blokeatuta daude dolarrekin, zeintzuk ezin baitituzte gastatu AEBetabo benetako aktiboetan eta soilik AEBetako esportazioetan gastatu ditzakete. Egin dezaketen gauza bakarra AEBetako gobernuari dirua maileguz ematea da.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/04/21 10:46:24.768 GMT+2
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/31 21:43:18.636 GMT+2
Merkataritza-teoria ez da gehiegi aldatu azken urte hauetan. Alta, errealitate aldatu egin da oso.
Merkataritza-teorialari neoliberalek gobernuen esku-sartzearen aurka daude eta ondoko politika hauek bultzatzen dituzte: (i) industriaren, nekazaritzaren eta arlo publikoaren babesaren kontra; (ii) arlo publikoa saltzearen alde; truke librearen alde; kapital mugimenduen alde.
Halaber, neoliberalek, finantza-dependentzia, merkataritza-dependentzia eta dependentzia teknologikoa bultzatuz, herrialdeak zor-zerbitzuetan eta ordainketa-balantzaren hustubide kronikoetan uzten dituzte, inportazioak eta atzerriko maileguak ordaintzeko.
Ondorioz, nazioarteko errentak eta aberastasuna polarizatuz doaz. Finantza-dinamika osoa fenomeno exogeno gisa harturik, merkataritza-teorialariek mundu errealaren analisiak zenbait lobby-ren esku uzten dituzte.
Historian zehar, protekzionismoak lehiakortasuna, enplegua eta autosufizientzia (batez ere elikaduran) bultzatu ditu; alegia, kanpoarekiko dependentzia murriztu du. Aldiz, gaur egungo zientzia ekonomiko ortodoxoak babes-tarifak eta kapitalen kontrolak baztertzen ditu. Bestalde, Nazioarteko Diru Funtseko monetaristek bultzatuta, kanpo-zorrak ordaindu behar izateak moneta depreziatu egiten du eta merkataritza-trukeak gutxitu.
Moneta desbalioztatzen denean, inportazio-prezioak altxatzen dira, barneko prezio-presioei gehituz. Banku zentralek erantzun dezakete interes-tasak altxatuz, truke-tasa egonkortzeko. Baina interes-tasa altuekin prezioak gehiago handitzen dira. Kontua da interes-kargak negozioak egiteko kostuak direla, zergak diren moduan.
Oraindik nazioarteko merkataritzaren eta ordainketen teoriek ekonomia nazionalak funtzionatzen duteneko kontzeptuetan oinarritzen dira. Merkataritza-teoria rikardiarra, Marxen lan-indarraren teoria zein makroekonomia keynestarra ez dira batere lagungarriak gaur egungo munduan, non zorpetzea eta lan-indarraren gaineko zergak areagotuz doazen. Izan ere, merkataritza-teoria gehienek oraindik produkzio zuzenaren kostuei begiratzen diete.
Baina etengabe handituz doazen kostu ez produktiboak hartu behar dira kontuan. Gaur egun, etxeen kostuak (batez ere hipotekak direla-eta), banku-kredituak, gizarte segurantzarako aurrezki bortxatuak, erretiro-pentsioak eta osasun-asegururako kargak gero eta gehiago handitzen dituzte ez-ondasunen kostuak. Gainera, egun, finantza- eta jabego-kargek ondasun-esportazioen prezioak menperatzen dituzte, eta, hortaz, baita merkatu-terminoak ere.
Bestalde, gobernuek gero eta gehiago jartzen dute zerga-zama lan-indarrean eta industrian; eta finantza-burbuilak eta higiezin errealeko burbuilak bultzatu dira, non zorrek finantzaturiko erosketak kapital-inbertsio berrian itzaltzen baitira. Ondorioz, aldaketa berezi horiek produkzio-kostu-aren kontzeptua erabat konplexu bilakatu dute eta konplexutasun horri erantzun behar zaio.
Web honetan jadanik ikusi dugunez, zor globala interes konposatuen bidez handitzen da, produkzioa eta kontsumoa handitzeko ekonomia errealaren gaitasuna gaindituz. Interesek eta beste karga batzuek errenta desbideratzen dute ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ordainketen fluxutik. Zor-zerbitzu hori galtze finantzarioaren eta fiskalaren modukoa da.
Kontua ondokoa da: nahiz eta finantza produkzioan elementu kritikoa izan, egungo kreditu gehiena estraktiboa da, ez produktiboa. Ondorioz, alde batetik, inbertsio zuzena (kapital eraketa) eta, beste aldetik, espekulazioa bereizi behar dira. Espekulazioa jadanik existitzen diren jabegoan eta finantza-aktiboetan mugitzen da, kapital irabaziak lortzeko helburuarekin.
Erosketa-ahalmenari buruzko ohiko teoriaren arabera, truke-tasek ondasun-prezioak islatzera jotzen dute. Gaur egun, herrialde gehienetan, ordainketa-balantzak atzerritar inbertsioek menperatzen dituzte, hots, akzioetan, bonoetan eta higiezin errealean egindako inbertsioek. Hortaz, ondorioz, truke-tasen analisiak interes-tasak, atzerritar maileguak, eta higiezin errealerako, akzioetarako eta bonoetarako aktibo-prezioko inflazioaren nazioarteko tasak kontuan hartu behar dira.
Fenomeno berriak azaldu dira. 1980tik kredituen erraztasunak bono-merkatuko eta aktibo-merkatuko burbuilak ekarri dituzte, eta, segituan, higiezin errealeko burbuila globala. Finantzializazio globalak ohiko printzipioak hankaz gora jarri ditu. Ondasun-prezioko inflazioak inportazioetarako eta esportazioetarako lehiakortasuna gutxitzen du.
Ekonomiak gero eta finantzializatuagoak bilakatu diren heinean, errentaren handitzeak, jabegoak eta zor-kargek alokairu-abantailak berdintzera jo dituzte. Hortaz, nazioen arteko ondasun-prezioei eta lehiakortasun abantailei buruzko zor- eta jabegoko teoria berri bat beharrezkoa da, kostu ez produktibo guztiak kontuan hartzeko, zeintzuek prezioetan eta errenta nazionalean gero eta elementu garrantzitsuagoak eta eragingarriagoak diren.
Teknologia materiala muga nazionalen gainetik nahiko unibertsala den bitartean, zorra, finantza, zergak eta jabego-legeak ezaugarri instituzionalak dira, baita nazionalak ere. Nazio batetik bestera aldatzen dira. Ondorioztatzen da ezen nazioarteko ekonomia-zientziak begiratu behar dio gobernuaren politikak prezioei nola moldatzen dien.
Produkzio-funtzioetan eta lan-indarraren kostuetan oinarritutako ohiko merkataritza-teorien mundu simetrikoa ordezkatzeko, mundu asimetriko batek finantzaren eta zorraren analisi instituzional berri bat eskatzen du.
Izan ere, finantzaren eta jabegoaren gune instituzionalak exogenotzat harturik, aberastasuna eta oparotasuna gero eta mailegatze gehiagorekin lotu da, aktiboetan inbertitzeko, aktibo horien prezioak interes-tasak baino arinago haziz.
Ondorioz, nonahi zorren eta oso finantzializatutako prezio altxatzeen lasterketa gauzatu da, Adam Smith-en nazioen aberastasunaren kontzeptua pikutara bidaliz. Bide horretatik, ekonomiak hartzekodunen eta zordunen artean polarizatu dira, finantzializazioaren maila handituz joan den heinean.
Aipatu dugunez, zor eta jabego globala esponentzialki handitzen da, ordainketa-interesak aurrezkiei metatzen zaizkien eran, eta jadanik existitzen den jabegoaren kontra mailegu berri gisa birziklatuak diren arabera (eta ez produkzio-medio berrien inbertsioetan). Era horretan, interes-kargak eta errenta ekonomikoak ekonomiatik erretiratzen dira eta ondasun eta zerbitzuetarako merkatuak murrizten dira.
Ekonomien finantzializatzeak, aurreztaileen eta zordunen polarizatzeak, produkzio- eta kontsumo-ekonomia zorpetzeago bilakatzeak, horiek guztiok nazioarteko ekonomiari buruzko teoria berri bat eskatzen dute; bestela, jai.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/03/31 21:43:18.636 GMT+2
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/02/26 09:09:32.381 GMT+1
Hudson ekonomialariak dioenez, kontabilitateak, berez, ez du erakusten AEBek daukaten bazka librea. Jakina denez, kontabilitatea partida-biko sistema da: aktiboan dagoena pasiboan dagoenak berdindu behar du. Baina kontabilitateak soilik aktiko/pasibo erakusten du, ez du erakusten kontuen azpian dagoen errealitate sozial eta ekonomikoa. Hortaz, kontabilitateaz haratago joan behar da ikusteko zein den quid pro quo arazoa. Ba ote dago nahiko 'quo' 'quid' baterako? (Euskaraz, zerbait beste zerbait baten truke edo antzekoren bat litzateke quid pro quo.)
Gobernu-moneta edo gobernu-dirua zorretik bereizi behar da. Zorrak berrordaindu behar dira --pasibo dira--. Alta, dirua ez da behar berrordaindu.
Gobernu-dirua zor gisa tratatu daiteke, baina berrordaindu behar ez den zor modura. Hori da balantze-orrian aintzakotzat hartu behar dena. Zor bat berrordaindu behar den zerbait gisa definitzen baldin bada, orduan moneta (currency) ez da zor bat, nahiz eta bera balantze-orriaren zor aldean azaldu.
Nahiz eta teknikoki dirua zorra izan balantze-orriko kontabilitatean, de facto, errealitatean, ez da horrela. Hortaz, kontabilitatearen formalismoa garrantzi gutxiagokoa da errealitate politikoa baino.
Kontabilitate-sistema nazional guztietan, dirua jendearekiko estatu-zor gisa definituta dago. Baina hori kontabilitatearen formalismoa besterik ez da, zeren praktikan ez baita inoiz ordainduta izango. Hauxe da benetako arazoa. Kasurako, AEBetako dolarrak ez dira inoiz ordainduak izan --praktikan, dolar gehiagok zirkulatzen du atzerrian AEBetan baino--, eta ondorioz, AEBek bazka librean segitzen dute, dolarraren hegemonia dela-eta.
Are gehiago, AEBen kasuan, haien Altxor Publikoko bonoak ez dira berrordaindu behar, gutxienez europar eta txinatar banku zentralek dauzkaten bonoak. Okerrago oraindik, AEBek ez daukate inolako asmorik beren nazioarteko dolar balantzeak berrordaintzeko. Eta, orain arte bederen, AEBetako enpresetan edo beste aktibo baliagarrietan, beren dolar erreserbak gastatu nahi izan dituzten atzerritar gobernuek, gobernu horien erregimen aldaketa bat jasan dute edo ez atseginezko antzeko egoeraren bat.
Printzipioz, mailegu-hartzaile bakoitzeko, mailegu-emaile batek egon behar du. Horrek suposatzen du mailegu bat dagoela zor bakoitzeko. Baina Hego Ameriketako eta beste hirugarren munduko herrialdeetako zorrek interesen metaketa errepresentatzen dute, ez mailegu berriak.
AEBek atzerritar gobernuei behartzen diete beren Altxor Publikoko bonoak finantzatzeko, ez beraiek ordaintze-medio gisa erabiltzeko. Beste aldetik, atzerritar banku zentralek soilik interes nominalak jasotzen dituzte, eta nahietara pilatu ditzakete, besterik ez.
Izan ere, munduko edozein banku zentralen esku dauden AEBetako Altxor Publikoko bonoak edo tituluak funtsean eskaera hutsak dira, alegia ez-beteak, airezkoak. Haiek sarrera biko kontabilitatean azaltzen dira. Egia da. Baina sistema bera ustiatzailea da: aktibo tazitu bat dago item orekatzaile baterako. Are gehiago, nahiko argi dagoenez AEBek ez dutela beren nazioarteko zor erraldoia ordainduko, ezta pentsatu ere ez. Hortaz, balantze-orriak berez ez du ezer esaten sistemaren balantzeaz, berori ekitatikoa zein ustiatzailea izanik.
Aipatu bezala, AEBetako Altxor Publikoen zorrak ez dira berrordaindu behar, ez interesak ordainduz ezta bono gisa ere. Okerrago oraindik, AEBek ez diete ahalbidetu atzerritar herrialdeei beraiek dauzkaten dolarrekin nahi dutena egiteko.
AEBek dolarrak esportatzen dituzte, beste herrialdeek ondasunak esportatzen dituzten bitartean edo/eta beraien arlo publikoa dolarren trukean saltzen duten artean; dolar horiek ezin dituzte gastatu beren nahietara, ez bada dolar horiek mailegatuz AEBetako Altxor Publikora.
Altxor Publikoko bono-estandarra termino egokiago eta konkretuagoa da dolarraren hegemonia baino, zeren lehenak esplikatzen baitu dolarraren hegemonia nola lortzen den. Dolar estandarrean inplizituki dago estandar bikoitza: ez baitu berdin funtzionatzen AEBetarako eta gainontzeko herrialdeetarako: alde batetik, AEBek nazioarteko ordainketen defizit izugarria daukate; eta beste alde batetik, AEBek ondasun, zerbitzuak eta atzerritar aktiboak (baita konpainia osoak ere!) lortzen dituzte modu libre batez. Hauxe da bazka librearen mekanismoa.
Kontua ez da pertsona batek eros dezakeen gauza bakarra AEBetako Altxor Publikoko bonoak direla; arazoa da banku zentralek, beren dolarrekin, eros dezaketen gauza bakarra AEBetako Altxor Publikoko bonoak direla. Esportatzaile indibidualek eta aktibo-saltzaileek beren dolarren soberakina beren banku zentralei pasatzen diete, barneko moneta edo dolarra ez diren beste moneta batzuk lortzeko. Horrela, banku zentralak dolarren gehitzea bereganatzen duten helmuga bilakatzen dira. Eta banku zentral horiek egin dezaketen gauza bakarra AEBetako Altxor Publikoko bonoak erostea da.
AEBetako ekonomiak hegemonia lortzen du, ez, jende askok uste duten bezala, beren indarragatik, beren ahulezia ekonomikoagatik baizik. Ahulezia horrek urteko merkataritza defizit ikaragarrira eramaten du. Baina defizit hori munduaren arazoa da, ez AEBen arazoa. AEBkoentzat defizit erraldoi hori soluzioaren partea da --ezerezaren aldez, zerbait, asko, lortzen baitute--. (Arlo teorikoan ere, Europa eta Txina AEBen menpe daude, ez baitira konturatzen zer-nolako tranpatan harrapaturik dauden.)
Diruaren balantze-orriko fokapena eta kausa/efektuarena, biak, beharrezkoak dira. Historikoki zorrak ziren diru-transakziorik inportanteenak. Gaur egun, aldiz, kreditua da fokua. Gaur, aurrezkien kontrapartida zorrak dira. Dakigunez, aurrezkiak esponentzialki handitzen dira, interes-konposatuen bidez. Handitze horiek gizartearen zorrak sortzen dituzte. Hau da, historikoki, kausazioaren noranzkoa alderantziz ezarri da. Hortaz, balantze-orriko analisiek ez dute balio ezertarako, kausazio lerro berri hori kontuan hartzen ez bada. Nazioarteko mailan, kausazio lerroa AEBetako ordainketa defizitekin hasten da, dolar hegemoniaren baldintzapean. Aipatu bezala, atzerritar banku zentralen kredituak AEBetako ekonomiari ematen zaizkie. Kreditu berri horien izaera berria da kontuan hartu behar dena (ikus M. Hudson-en Super Imperialism: The Economic strategy of American Empire).
Hortaz, balantze-orriko analisiek ez dute balio ezertarako, kausazio lerro berri hori kontuan hartzen ez bada. Nazioarteko mailan, kausazio lerroa AEBetako ordainketa defizitekin hasten da, dolar ‘hegemoniaren’ baldintzapean. Aipatu bezala, atzerritar banku zentralen ‘kredituak’ AEBetako ekonomiari ematen zaizkie. Kreditu berri horien izaera berria da kontuan hartu behar.
Ondorio zehatza: AEBetatik autonomia finantzario eta politikoa lortu ahal izateko, munduko erreforma finantzarioa egin behar da. Zorraren arazoari aurre egin behar zaio, baliabide produktiboetan oinarririk ez daukaten zorrak --eta berorien kontrapartidako aurrezkiak-- ezabatuz. Horrek finantza sistema berri bat suposatzen du, lurrean, baliabide naturaletan eta natur monopolioetan oinarritutakoa, ez lan-indarrean eta kapitalean (nonahi egiten den moduan), jadanik Hudsonek erakutsi digun bezala.
Ikus M. Hudson-en Global Fracture liburua.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/02/26 09:09:32.381 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/24 19:02:44.897 GMT+1
Euskal Herrian planteatzen diren aterabide 'ekonomikoak' oso atzerakoiak dira, hasi Ibarretxe-ren plana delakoarekin, segi Nafarroako gobernuak bultzatzen duenarekin eta bukatu Iparraldean aipatzen den apurrarekin: neoliberalismoa da jaun eta jabe, Europar Batasuna paradisua, eta politika fiskalaz soilik zenbait sindikaturen artean zertxobait planteatzen da, ez gehiegi.
Hona hemen zenbait lerro nagusi, soilik erreferentzia gisa, jakiteko zer nolako munduan bizi garen eta zer nolako irtenbideak egon daitezkeen.
1. Euskal Herria mundu ekonomikoari begira
a) Sarrera gisa
Dolarraren inperiotik inperio militarrera ( http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2003-07-03&orria=008&kont=013); Elkarrizketa (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=ekonomia&data=2003-10-19&orria=020&kont=007); Errealitatea eta fikzioa (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2005-12-28&orria=005&kont=825).
b) Finantza-kapitalismo berria
Superinperialismoa eta finantza ingeniaritza (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-04-25&orria=006&kont=846); Ustiaketa berriaz hitz bi ( http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-05-04&orria=005&kont=922); Diru beroa, diru beltza (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-09-14&orria=004&kont=008); Finantza-inperialismo berria (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-10-27&orria=004&kont=008); Euroaren etorkizuna (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-11-10&orria=004&kont=009); Azken buruko maileguak (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-12-20&orria=004&kont=008).
c) Hausturarantz
Nazioarteko ordena ekonomiko berrirantz (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-03-01&orria=004&kont=008); Haustura globala ( http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-03-25&orria=004&kont=008); Hausturarantz (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-05-31&orria=005&kont=007).
d) Ereduen bila
Letonia, eredua ote? (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-01-30&orria=004&kont=009); Separatista? Bai noski (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-04-06&orria=005&kont=009).
2. Euskal Herria: itun estrategiko baten bila
a) FIRE sektorea
FIRE: sua ote? (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-06-30&orria=004&kont=009); Inflazioa, langabezia eta FIRE delakoa (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-09-14&orria=004&kont=009); Ekonomia irudietan (http://nabarralde.com/irudiak/ekonomia.pdf); Morrontza ekonomikorako bide (zuzen) berriak (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-08-24&orria=005&kont=005); Hipotekak: morrontzarako bide zuzenak(http://www.gara.net/paperezkoa/20070815/33543/eu/Hipotekak:/morrontzarako/bide/zuzenak/); Finantza burbuilak http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-10-07&orria=004&kont=008); Krisi finantzarioa eta ziklo ekonomikoak (http://nabarralde.com/irudiak/ekonomia.pdf); Zorrak ordaindu behar dira (http://www.gara.net/paperezkoa/20070914/38087/eu/Zorrak-ordaindu-behar-dira).
b) Finantza-kapitalismoa, kapital industriala eta lan-indarra
Marx hasiberrientzat (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-08-17&orria=005&kont=006); Finantza-kapitalismoa versus kapitalismo industriala (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-11-21&orria=004&kont=008); Finantza-kapitalismoa eta burbuila-ekonomia (http://www.gara.net/paperezkoa/20071017/43555/eu/Finantza-kapitalismoa-eta-burbuila-ekonomia).
c) Irtenbiderako zenbait proposamen
Programa fiskal berrirako sarrera (http://www.gara.net/paperezkoa/20071114/48262/eu/Politika-fiskal-berrirako-sarrera); Programa fiskal aurrerakoi baterantz (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2008-01-02&orria=004&kont=008); Kreditu-ekonomia (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-07-04&orria=005&kont=007); Segurtasun soziala (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-07-27&orria=004&kont=008).
d) Lan-indarraren eta kapital industrialaren arteko itun estrategikorantz
Itun estrategiko baten bila (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2008-01-18&orria=004&kont=008).
Hona hemen, laburbilduz, azken artikulu horretan dagoena:
Egungo finantza-kapitalismo berriak (bere burbuila finantzarioekin eta FIRE -Finance, Insurance eta Real Estate- sektorearekin) pikutara bidali du ohiko kapitalismo industriala. Gaur lan-indarra eta inbertsio zuzen eta ukigarrirako den kapital industriala ustiatuta daude, biak .
Kapitalismoa aldatu da. Erabat. Ondorioz, lan-indarrak ere aldatu behar du errotik bere eginkizuna. Sindikalgintza abertzale berriak gai izan behar du, indarrak metatuz, bere plan estrategikoa eztabaidatzeko eta plazaratzeko. Are gehiago, soilik inbertsio zuzenerako den kapital industrialarekin behar diren itun taktikoak eta estrategikoak gauzatu beharko lituzke.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/01/24 19:02:44.897 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/18 08:57:35.943 GMT+1
Aspaldian ibili naiz Michael Hudson amerikar ekonomialariaren lanak aipatuz eta komentatuz orri hauetan. Irakurleek hobe lukete, noski, lanen iturrira joatea: http://michael-hudson.com/. Bertan liburuak, artikuluak, elkarrizketak, eztabaidak, hitzaldiak, hamaika posta elektroniko eta abar topa daitezke. Hudsonek mezu elektroniko batean (2001ean) idatzi zuen moduan: “Gure lehen beharra gu babesteko interes bat topatzea da. Hogei urtean zordun herrialdeek -batez ere hirugarren mundukoek- interes hori izango zutela pentsatu nuen. Baina haien barneko helburuak kanpo-zorra ordaintzea nahi du, dolarretan, zeinak beraien monetaren depreziaziora eramaten duen, eta, hortaz, helburu hori de facto-ko lan indarraren aurkako politika den. Gero Errusiari eta Kubari begiratu nien. Baina Errusiako kudeatzaileek AEBetako moneta lortu nahi zuten, dolarrak mailegatuz -nomenklaturak bere kapital-ihesa babesteko. Kubak ez zeukan arazoa ulertzeko ahalmenik, Marxek ez baitzuen AEBetako Altxor Publikoko tituluez eta Nazioarteko Diru Funtsaz kapitulu bat idatzi. Gero uste nuen industrialariek gure ikuspegia babestuko zutela. Baina horiek ere dolarrak nahi zituzten, bereziki beren kapital-ihesa babestearren. Edo beraiei burua jan zieten, Chicagoko eskolakoen ekonomia ikasiz, Norvegian bezalaxe. Uste dut edozein teoriak estrategia bat eduki behar duela bere hedapen eta adierazpen politikorako”.
Eta gu? Non gaude gu? Hirugarren munduari begira? Ohiko sobietar ‘sozialismoaz’ amesten? Kubako ‘paradisuari’ begira? Europako Iparraldeari so? Industrialarien zain? Non daude ELA eta LAB edo LAB eta ELA? Zertan ari dira sindikatu abertzale horiek?
Non gauden jakiteko, hona hemen zenbait irizpide:
a. Egungo finantza-kapitalismo berriak (bere burbuila finantzarioekin eta FIRE -Finance, Insurance eta Real Estate- sektorearekin) pikutara bidali du ohiko kapitalismo industriala. Gaur lan indarra eta inbertsio zuzen eta ukigarrirako den kapital industriala ustiatuta daude, biak.
b. AEBak mundu mailako zordun handienak dira. Hala ere, gainontzeko munduak merkataritza-defizit ikaragarri hori estaltzen du. (AEBetako zorraren edukitzaile handiak atzerritar banku zentralak dira. Horiek ez dute nahi AEBetako dolarrak edukitzea, baina hori egiten dute beren moneta babesteko, garestitu ez daitezen, eta, ondorioz, esportazioak ez zigortzeko). AEBek ez dute inolako aktiborik ‘askatuko’. AEBek ez diete emango benetako balio ekonomikoa beren dolarrei. Horrek esan nahi du Europak (eta Txinak) bere esportazioak oparitzen dituela, AEBetako bazka librea ez baita ‘hazkunderako makina’. (Hortaz, Europak –eta Txinak- bere dolarrak hartu behar ditu eta barneko europar enpresen AEBetako korporazio-jabeei ordaindu. Horrek presionatuko lioke AEBetako korporazio-sektoreari ordainketen erantzukizun handiago edukitzeko.)
c. Nazioarteko ordainketa balantzearen fluktuazioetatik babesa lortu behar du herrialde bakoitzak. Horretarako, kontsumorako eta produkziorako barneko merkatua sostengatu behar da. Efizientzia lortzeko, horrek suposatzen du blok handi samarretan aritzea). Merkataritza teorialariek ez dute kontuan hartzen gaur egungo ordainketa balantzeen desorekak ez dagozkiela soilik alokairu altuko/baxuko herrialdeen arteko alokairu ezberdinei, baizik eta gobernuen gastuetan islatzen diren zerga desberdinei ere bai. Halaber, etxeen kostuei ere bai. (Horrek praktika fiskala eta finantzarioa islatzen ditu.)
d. 1971tik, Bretton Woodseko sistema alboratu zenetik, AEBek bazka librea izan dute. Egungo globalizazioa asimetrikoa da erabat, gune boteretsu batekin. Nola berrezar daiteke simetria? Hemendik aitzin, zein izan daiteke munduko erreferentzia? AEBetako Altxor Publikoko tituluak, orain arte bezala? Urrea? Korporazioen jabegoa? Zein ote?
e. Munduko moneten arteko arazoak ezin daitezke konpondu dolar, yen eta euroaren arteko lotura formal baten bidez, zeren lotura horrek ez du konpontzen ezegonkortasunaren iturria, hots, gero eta globalizatuagoko sisteman produkzioaren, merkataritzaren eta ordainketen maila nazionalean dauden arazo finantzarioak.
f. Europako Batasunak ez dauka estrategia garbi eta finkorik AEBen aurrean (orain arte behintzat Txinak, Japoniak eta Errusiak edukitzen ez duten moduan). Europa ez da gai ordainketa-balantzatik bere burua babesteko. Irtenbide bat: Europak dolarrak erabili beharko lituzke Europan dauden amerikar konpainiei bazkide-partea erosteko.
g. AEBak baztertu behar dira sistema ustiatzailetik. Horrek suposatzen du mundu ekonomiko asimetriko batekin bukatzea. (Beharbada Europak Errusiari eta Ekialde Urruneko herrialdeei ‘begiratzen’ hasi beharko luke.)
h. Politika fiskala da garrantzitsuena. Beraz, Altxor Publikoa da edozein herrialdetan agindu behar duena. Horren azpian banku zentralak egon behar du, ez alderantziz (orain gertatzen den moduan). Izan ere, politika monetarioak politika fiskalaren barnean egon behar du.
i. Aurrekontu defizitak Altxor Publikoaren bidez kudeatu behar dira. Altxor Publikoak bere kredituak jaulki behar ditu. Kasurako, Europan EBko euroen bidez, ez AEBetako Altxor Publikoko tituluen bidez.
j. Herrialde baten barneko moneta babesteko, ez da behar AEBetako Altxor Publikoko bonoak erostea -aparteko interesak ordainduz- (Errusiak errubloa babesteko egin zuen antzera): barneko moneta hori gobernuak enplegaturiko langileek erabil dezakete. Gaur egunean ez dago inolako arrazoirik herrialde baten moneta eta gobernu-aurrekontua atzerritar erreserben bidez babesteko.
k. Kreditu-ekonomia deitzen dena babestu behar da (ikus http://credec.org/: printzipioak, metodologia, esparrua, helburuak).
l. Inbertsio ukigarri zuzena bultzatu behar da nonahi, politika fiskalean behar diren neurriak hartuz. Horretarako zerga-plan aurrerakoi bat beharrezkoa da.
m. FIRE delako sektorea modu berezi eta argi batez zergapetu behar da.
n. Ekonomia mistoa da esparru ekonomikorik egokiena. Aurrekontuan zerbitzu publikoak, osasungintza, segurtasun soziala, irakaskuntza (euskara bera bultzatzea, barne), enpresa publikoak, garraioak eta komunikabideak bultzatu, sustatu eta babestu behar dira. Jarduera pribatuaren mitoak baztertzekoak dira. Enpresa publikoak, berez, ez dira desegokiak.
Kapitalismoa aldatu da. Erabat. XIX. mendeko eskemak pikutara joan dira, betiko: gauza asko daude jokoan ohiko eskematxoei atxikita segitzeko. Gaur egungo mundu industrial, finantzario eta sozialean eragina edukitzeko, mundu hori nolakoa den jakitea ezinbesteko baldintza da. Aldaketa horiek analizatu behar ditugu. Eztabaida dezagun horietaz guztiez inolako beldurrik gabe.
Ondorioz, lan-indarrak ere aldatu behar du errotik bere eginkizuna. Sindikalgintza abertzale berriak gai izan behar du, indarrak metatuz, bere plan estrategikoa eztabaidatzeko eta plazaratzeko. Are gehiago, soilik inbertsio zuzenerako den kapital industrialarekin behar diren itun taktikoak eta estrategikoak gauzatu beharko lituzke.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/01/18 08:57:35.943 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/03 16:28:53.165 GMT+1
Estatu espainolean datorren 2008ko martxoan egingo diren hauteskundeei begira lanean ari dira buru-belarri zenbait alderdi. PSOEk, bere programa egiteko, nazioartean ezagunak diren hamalau pertsona, hiru Nobel saridun tartean, hauteskundeetarako fitxatu ditu.
Horien artean Joseph Stiglitz dago. Stiglitz ekonomian Nobel sariduna da, Munduko Bankuko nagusi izandakoa (1977tik 2000era). Gero ‘nolabait’ globalizazioaren aurka azaldu da, Nazioarteko Moneta Fondoa (NMF) erreformatu nahian SDR-en bidez (hots, Special Drawing Rights deiturikoak, igorpen eskubide bereziak alegia, mundu mailako erreserba moneta bihurtu nahiz.
Bi arazo nagusi daude SDR horiekin:
a) SDR horiek ez dira inoiz martxan jarri helburu zehatz horretarako; eta okerrena,
b) Michael Hudson-ek dioen moduan (Global Fracture, 1978/2002), SDR horiek ez dira bukatuko zordun herrialdeetan, AEBetako kreditudun bankuetan baino.
Izan ere, AEBetako Altxor Publikoak argi utzi du NMF-ak, SDR-en jaulkipenaren bidez, jadanik existitzen diren Altxor Publikoko bonoak ordezkatzeko dituela, bonoen ordez SDR-ak jaulkiz. Horrek esan nahi du AEBak aske izango direla bere zor propiotik, nahiz eta atzerritar dolar-edukitzaileak SDR aktibo berri bat jaso, aktibo ‘hutsa’ dena eta AEBetako pasiboa ez dena. Baina SDR horiek dolarretako zor-edukitzaileei berrordaindu behar zaizkie.
Hortaz, AEBen estrategia garbi dago: berriz ere, zordun izatetik kreditudun izatera igarotzea, dolarrekin gertatu den bezalaxe.
Stiglitzen proposamena amarru bat da, besterik ez.
Ba ote dakite psoespañolistek amarru horretaz ezer? Ez dut uste. Baina Stiglitzen irudia ‘ongi’ saltzeko prest daude.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/01/03 16:28:53.165 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/02 09:53:25.854 GMT+1
Zerga-zama dagokion lekuan jarri behar da, hots, jabetzan, finantza-eskaeretan eta kapital irabazietan, ez lan-indarraren gainean, gutxienezko alokairuak jasotzen dituzten langileengan edota enpresa txikiko eta ertaineko kapital industrialean, finantza-kapitalismo berriak azken horiek guztiok ustiatzen baititu. Gainera, gure egunotan, arlo publikoaren eta berorren oinarrizko azpiegituraren pribatizazioak handituz doaz: aireportuen lurreratze-eskubideak, autobideak, oinarrizko beste garraiobide batzuk eta enpresa publikoak gehien eskaintzen duenari saltzea da arriskua.
Zorrak gidaturiko gaur egungo finantza-ekonomian pribatizazio horiek ondokoa esan nahi dute: bankuentzat eta diru-kudeatzaileentzat zorretarako merkatu berri bat sortzea, arlo publikoa mailegaririk handienei salduz. Hortaz, zorrak finantzaturiko kapitalismoari aurre egitean datza kontuak. Zerga-sistemaren erreforma sakona beharrezkoa da industriari behar zaion lekua emateko. Ondorioz, zerga-politikak kapital eratzea eta kapital inbertsioa bultzatu behar ditu (ez aktiboen espekulazioa), lan produktiboa areagotuz, eta aktibo-prezioko inflaziotik datozen kapital irabaziak zergapetuz.
Hona, bada, litekeen programa horren ildo nagusiak.
1. Errealitatean oinarritutako zerga-politika, ez zabor-ekonomian. Finantza-interesak zabor-zientzia bermatzen eta bultzatzen ari dira, zerga-politikari eta politika fiskalari buruz ez eztabaidatzeko. Hortaz, zenbait neurri hartu beharko lirateke:
a) Aspaldiko markoa berriz martxan jartzea; oinarrizko beharrak eta premiak betetzeko behar den errenta zergatzetik kanpo egon beharko litzateke, zeren zergapetzeak bizitza-kostua handituko bailuke. Ondorioz, enplegatzaileek gehiago ordaindu beharko lukete.
b) Aurrekontu korrontean segurtasun sozialak eta osasungintzak parte hartzea. Kontua ez da ‘erabilera-kuotak’ jartzea, are gutxiago beraiek pribatizatzea. Noski, gutxiengo marko bat egon beharko litzateke: muga hori baino gehiago daukanak ordaindu beharko luke, eta hori baino gutxiago daukanak ez. (AEBetan alderantziz gertatu da: populazioaren %90ek aparteko zerga-zama jasotzen du, eta gainontzeko %10 ordaintzeko aske edo erdi aske daude.)
c) Kapital irabaziak eta herentziak zergapetzea, gutxienez alokairuak eta mozkinak beste. Aspaldiko sistemaren arabera, kapital irabaziek aurrezturiko errenta arruntek zeukaten ondorio ekonomiko berbera zeukaten.
d) Zerga-ihesbideak ixtea. Lehengo zerga-sistema ihesbide-sare bilakatu da. Sare horrek zenbait jenderentzat bazka librea suposatzen du eta ‘errenta bereziak’ zergapetzetik askatzea, ez soldata eta industria-mozkin gisa irabazitako errenta.
e) Beste zerga-ihesbideak higiezin errealean daude, esate baterako, kanpoko jabeen etxeak, ez jabeak bizi direneko etxeak berak. Gain-depreziazioarekin amaitu behar da.
f) Interes-tasaren dedukzioa beste zerga-ihesbide bat da. Interes-tasaren dedukzioak higiezin erreala eta industria finantzatzea bultzatzen du zorretan arituz; zor horiek finantza-sektoreari errenten fluxua interes-ordainketa bihurtzen dizkio. Bestalde, jokaera horrek beraiei ahalbidetzen die bulego-, apartamentu-eraikinen eta etxeen prezioak altxaraztea.
g) Beste zerga-ihesbide handiak itsasoz haratagoko banku-guneak dira, errenta-tasak alboratzeko. Aitzakia da itsasoz haratagoko konpainia batek errenta sortzen duela. Hori korporazio-fikzioa besterik ez da zerga-babesleku bat, zeina zerga-faktura errealista batek zulatu behar baitzuen.
2) Arlo publikorako politika fiskala. Historian zehar arrakastatsuak izan diren ekonomia guztiak ekonomia mistoak izan dira, sektore pribatuak eta publikoak rol espezifikoa jokatuz. Hona hemen zenbait puntu garrantzitsu:
a) Arlo publikoan merkatu-berrelikadura erabiltzea. Negozio-gizonak eta merkatu askea goresten duten lobby-ak ez dira lotsatzen politika kanpainetan, arlo publikoa kudeatzeko gobernuak merkatu-prezioak bazter ditzan. Izan ere, garrantzia handikoak dira aireportuko lurreratzen eskubideak, autobideak eta beste garraio-bideak, eta pribatizatuz doazen arlo publikoko beste parteak ere bai. Kontua da errenta hornitzearren, gobernuek bere ohiko zerga-ordaintzaileei --aberatsei-- zergak mozten dizkietela. Joera hori bukatu egin behar da.
Beste zerga berezi bat kontsumo berezien gaineko zerga izan daiteke: garraio-autoak, kamioiak eta beste gasolina-hartzaileak. Horrela, nazioaren autobideak finantzatzen lagundu daiteke.
Azpiegiturak despribatizatu behar dira, autobide bat edota trenbide bat saltzea jabetza zerga alboratzeko bidea baino ez baita. Mezua hauxe da: modu horretan eraginkorragoa izango da. Maxima ekonomiko gisa, zabor-zientzia defendatzen dutenek, aberatsentzako klase-gudariek, gobernuen kontrako errentadunek lelo hori errepikatzen dute behin eta berriz. Baina mezu hori mitologia hutsa da, edota erlijioa.
b) Arlo publikoa hedatzea. Alaskak erakutsi duen moduan, arlo publiko zabaleko gobernuek ez dute hartzailerik behar. Haiek partaideak izan daitezke, arlo publikoa guztiena delako. (Aldiz, AEBetako ekonomia ‘bazka libre’ko kopuru hain handia izanik -gastu publikoak sorturiko lur-tasazioan, komunikazio- eta irrati eta telebista saioetan, eta arlo publikoko beste akzio batzuetan-, izatez ez litzateke soldatapeko gehienak zergapetu beharko. Bazka libre hori nahikoa eta sobera litzateke.)
c) Politika fiskala lehenestea: politika fiskaletik politika monetariora igaroz, eta ez alderantziz. Banku Zentrala Altxor Publikoaren menpe jarri behar da, politika monetarioa azken horri baitagokio eta bertan baitatza. Eta ez ‘sektore pribatuko’ diru-kudeatzaileei ekonomiatik beren eskuetara aberastasuna transferituz irabaziak jasotzen uztea, aberastasun berria finantzatu beharrean.
d) Bestalde, Gobernuak bere kreditua sor dezake eta sortu behako luke. Ez du behar inondik maileguz hartzea.
Laburbilduz: Gaurko finantza-kapitalismoak lehengo kapitalismo industriala menperatu du, zerga-politiken logika guztia pikutara bidaliz. Zerga-politikari dagokionez, aberatsen lobby-ek klase-borroka berriz negoziotan jarri dute erlazio publikoen erretolika bat hedatuz, ekonomia des-industrialduz, ekonomia bera zorpean jarriz eta zabor-zientzia nonahi goratuz. Soldatapekoen, alokairu baxuko errentadunen eta enpresa txikiko enpresarien gaineko zerga-zama kendu behar da, zama berriro ere jabetzan eta finantza-aberastasunean jarri.
1980ko hamarkadaren hasieratik komunikabide publikoek, lobby politikoek eta merkatu libreko zaleek klase-gerla berri bat jarri dute martxan. Zabor-ekonomiak, jendea informatu barik, manipulatu egin du, negozio handien helburuak askatasun ekonomikoak balira bezala aurkeztuz eta gobernuak monopolioen kontrako legeak apurtuz. Beraz, klase-borroka berri honetan politika fiskal berri eta egoki batek eskatzen du Gobernuak bizitza ekonomikoan inoiz baino rol handiagoa jokatzea. Ikasiko ote dugu?
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2008/01/02 09:53:25.854 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/12/28 09:29:37.192 GMT+1
Ekonomia-zientzia harrigarria da. Harrigarriena hauxe da: zenbait autoreren hipotesi ekonomikoek ez daukate inolako erlaziorik errealitatearekin. Joera horrek ekonomia-zientzia, itxurazko zientzia bilakatu du, eta matematikaren erabilera bitxia adierazten du. Eredurik aipagarrienetako bat 1997ko Nobel saridun William Vickerey-en Microeconomics (1964) testu-liburua da. Bere ustez, ‘teoria huts’ batek tautologien kate bat izatea besterik ez du behar: “Teoria propio baten baliotasuna ez dagokio teoriaren hipotesien eta mundu errealean [dauden] konklusioen eta datuen arteko korrespondentziari, ala korrespondentzia ezari. Teoria bat, barneko sistema tinko gisa, baliotsua da baldin eta ondorioek premisetatik logikoki segitzen badute; eta ez premisak, ez ondorioak errealitateari ez dagozkiolako egitateak, adieraz lezake teoria ez dela oso erabilgarria, baina horrek ez du teoria desbalioztatzen. Edozein teoria hutsetan, proposizio guztiak esentzialki tautologikoak dira, ondoko zentzuan, alegia, ondorioak inplikatuta daude egindako hipotesietan”.
Baliotasun enpirikorako mesprezu hori natur zientzietan erabilitako metodotik desberdina da erabat. Natur zientzietan, edozein teoriaren hipotesi faltsuak errealitateak berak (edo esperimentuak) baztertzen ditu.
Baina arlo ekonomikoan, ekonomia-zientzia hipotesi abstraktuen itxurazko zientzia bilakatu da. Teorialari ‘hutsek’ sinplekeria banalak aurkezten dituzte ‘dotorea’ omen den era matematikoan, izatez, airezko jolas hutsak direnean. Arloan matematika erabilirik, ariketak gehiago dagozkio zenbaki-sistemari beste edozeri baino.
Joera hori ongi baino hobeki ordezkatzen duena Nobel saridun Paul Samuelson da. Haren The Gains for Trade artikulua (1939) erabat argia da: “Hipotesi abstraktuen multzo baten ondorioei dagokienez, ez da lotuegi egon behar errealitatearen eta hipotesi horien arteko erlazioari”.
Are gehiago, haren Factor-Price Equalization Theorem delakoan, merkataritza libreko sistema batean, ekonomia globalean zehar, prezioek eta mozkinek berdintasun batera jotzen dute. Hona Samuelson-en hitzak: “Gure arazoa (...) arazo logiko hutsa da. Ba ote da `Baldin eta H, orduan nahitaez O' delakoa baieztapen egokia? Kontua, ez da ea O delakoak (faktore-prezio berdintasuna) benetan segitzen duen; ezta ea H (hipotesia) balioko generalizazio enpirikoa ote den ere. Kontua hauxe da, ea O ez den izango benetakoa, H benetakoa dela suposatzen denean. Arazo logikoa izanik, erantzun bakarra onartzen du, teorema benetakoa ala faltsua da”.
Ondorioa argi dago: teoriak errealitatea bortxatzen du. Baina arazoa logikoa izan behar baldin bada, zer dela-eta ez hasi hipotesi errealistekin? Erantzuna garbia da, hipotesi errealistek ez dute eramaten ideologo ekonomikoek aurreikusten dituzten politika-ondorioetara.
Aspaldian Gunnar Myrdal-ek (How Scientific are the Social Sciences, 1956) erakutsi zuen moduan, analisi zientifiko baten ondorio praktikoak ez ezik, analisia bera ere halabeharrez datza balio-hipotesietan.
Nola liteke ekonomialari ospetsuek aldarrikatzea, alde batetik, haien hipotesiak ez direla lotuta egon behar errealitatearekin, eta, beste aldetik, errealitaterako politika-gomendioak ematen segitzea. Zer dela-eta Heckscher/Ohlin/Samuelson-en nazioarteko orekaren teoria aldarrikatu, mundu errealean, gero eta gehiago, zordun eta hartzekodun herrien arteko polarizazio finantzario eta ekonomikoa azaltzen denean?
Egungo egoera larrian zenbait estatistika ekonomikok fisikako zulo beltza dirudite. Errua ekonomialariei dagokie. Kanpo-zorrak, paradisu fiskaleko banku-guneek, lurraren balioak, akzioen balioak, aurrezkien eta zorraren osaketak ekonomialarien modeloetan ez dauzkate beharko dituzten garrantzia eta lekua. Ez hori bakarrik. Herrialde txiroak herrialde aberatsen menpe dauden modura, edozein lekutan barneko ekonomia polarizatu egiten da, zordunak (gobernua barne) gero eta gehiago, hartzekodunen menpe dauden heinean. Fenomeno horiek ez dira inoiz azaltzen mundu ederreko ekonomia ortodoxoaren modeloetan, hots, statu quo defendatzen duten ekonomiako ipuinetan. Ipuin horiek matematika erabiliz edertzen dira.
Gainera, ekonomia polarizatzen den heinean, aberastasunak botere politiko bilakatzeko joera dauka. Baina fenomeno horien analisia ukatzen dute oreka orokorreko teorialariek, ingurugiro politiko konstante eta aldagabekoa suposatuz, eta lege aldaketak ekonomia-zientziatik 'exogenoak' direlakoan. Exogenotasunezko mezua gehiegi aipatzen da. Hortaz, argi egon beharko denez, irtenbidea ez da ekonomikoa soilik, politikoa baizik.
Hona hemen matematikaren beste erabilera gaizto bat, egun arazo ekonomiko unibertsal bilakatu dena: munduko aurrezki finantzarioak interes konposatuetan ad infinitum handitzen segitzeko ezintasuna. Izan ere, ekonomiaren aurrezkien hazkundearekin batera, beraren zor orokorraren hazkundea dator (aurrezki horiek inbertsio ukigarri zuzenean erabiltzen ez badira, edo eta ekitate-jabetzan birziklatzen ez badira).
Zor batzuk produktiboak dira, noski. Kreditu produktiboa eta ez-produktiboa bereizi behar dira: a) merkataritza-maileguak daude, mailegu-hartzaileari bere zorra eta interesa ordaintzeko dirua irabazteko baliabideak hornitzen dituztenak; eta b) kontsumitzaile- edo gobernu-maileguak daude (kasu honetan interesa zordunaren gainontzeko baliabideetatik ordaindu behar da). Kreditu bi mota horiek ez bereizteak hipotesi irrealetan (edo ez-garrantzizkoetan) oinarritutako modeloak eraikitzera darama.
Horrela, aberastasun finantzario hutsek (hau da, inbertsio ukigarria eta ordaintzeko medioetan hazkunde korrespondentea ez daukaten eskaera finantzarioek) gizartea bera txirotzen duten mailegu berrietan inbertitzera jotzen dute. Horrek ekonomia blokeatzen du. Izan ere, oso arriskutsuak diren mailegu berrietara jotzen dutenean, gobernua bera bilakatzen da azken babesleku zorduna. (Baina Adam Smith-ek azpimarratzen zuen moduan, inongo gobernuk ez ditu inoiz bere barne-zorrak ordaindu). Historikoki, dirutza handiak galdu dira gerretan eta horien ondoren etorritako inflazioetan, zein atzerrian egindako inbertsio arriskuetan, zein familia aberatsen oinordekoen diru-xahuketan.
Gure egunotan, kontua da, dirutza finantzarioa ezin dela etengabe metatu, interes konposatuen matematika zehatza dela kausa. Ezinezkoa da aberastasuna areagotzea interes konposatuen bidez. Horixe da ‘ekonomia matematikoak’ argi eta garbi erakutsi beharko duena. Tamalez, zentzurik gabeko modelo matematikoko ipuin irrealetan aritzen segitzen dute ekonomialari ospetsu askok.
Nork: joseba felix tobar-arbulu.2007/12/28 09:29:37.192 GMT+1
Etiketak:
ekonomia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/21 08:11:43.311 GMT+1
Egungo ekonomia motak zerikusi gutxi du ikasliburuetan azaltzen denarekin. Oraingo arazoak oso ezberdinak dira marxistek eta beste kritikari batzuek aspaldi salatutakoengandik. Egun, kapital industriala eta lan-indarra, biak, kapitalismo industrialaren aurka finantza-kapitalismo berriak daraman etengabeko erasoaren menpe daude.
Marxek uste zuen kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela. Aldiz, gaur egungo arazorik handiena finantza arloan dago: ekonomiaren zor globala arinago hazi da ekonomia ‘errealak’ zor hori eramateko daukan gaitasuna baino. (‘Zor-kutsaduraz’ hitz egin daiteke, zeren zorrak ingurune ekonomikoa erabat kutsatu baitu.)
Langile gehienentzat alokairuak beherantz joan dira. Bien bitartean, gastu militarra ez da gutxitu, eta munduan zehar Gobernuek bide berri bat topatu dute aurrekontu defizitak orekatzeko: aberatsei zergak murriztea. (Zergak lan-indarraren gainean jarri dira, baita kontsumitzaileengan ere balio-eranskinen zergen bidez, eta segurtasun sozialaren zerga-zamaren bitartez.)Indar finantzarioek murriztu dute lan-indarrak eta kapitalak operatutako gune ekonomikoa. Kapitalismo industriala ordezkatu du finantza-kapitalismoak.
Hona hemen egungo rentier kapitalismoaren ezaugarri nagusiak:
1. Higiezin erreal eta burtsa-merkatuko kapital irabaziak eskuratu nahi izatea. Kapitalismo industrial zaharrak mozkinak bilatu zituen bitartean, finantza-kapitalismo berriak kapital irabaziak bilatzen ditu, lur-prezio handiago moduan eta errenta daramaten beste aktiboen prezio eran.
Industria kapitalista zaharrek lantegiak eraikiz eta soldatapeko lan-indarra enplegatzeko kapital ekipamenduan inbertituz lortzen zituzten mozkinak. Kapitalista zahar horiek beren eredua eskulanean aurkitu zuten bitartean, rentier kapitalismo berria FIRE sektorean zentratu da. Helburu berria ekonomiaren aurrezkiak higiezin errealean eta burtsa-merkatuan birziklatzea da, lur- eta ekitate-prezioak altxatzearren, ez aktibo berriak sortzearren. Burtsa-merkatuan, kapital irabaziak lan-indarra murriztuz eta produkzioa gutxituz lortzen dira.
2. Aktibo-prezioko inflazioa vs. salgai-prezioko inflazioa eta alokairu-inflazioa. AEBetan alokairu-tasak gutxitu dira, beste herrialdeetan moneta-depreziazioak soldata-tasak jaten dituen bitartean. Analisi monetario keynestarrak mozkin-inflazioa eta alokairu-inflazioa (eta ondorioz, salgai-prezioko inflazioa) bereizten zituen. Ez zegoen aktibo-prezioko inflazioaren inongo analisirik.
3. Pentsio-fondoak mobilizatzea burtsa-merkatuko prezioak altxatzearren. Marxen arabera, kapital industrial zaharrean mozkina soldatapeko lan-indarraren enplegutik etortzen zen, berak ustiaketa definituz. (Kapitalistak bere mozkina lortu zuen lan-indarraren produktuak salduz, berari lan-indarra kostatu zitzaion baino prezio handiagoan.) Finantza-kapitalismo modernoak lan-indarra ustiatzeko bide berria aurkitu du, pentsio-fondoak, aseguru soziala eta beste erretiro fondoak mobilizatuz, burtsa-merkatu, bono- eta higiezin errealeko prezioak altxatzeko. Bitartean gero eta soldata-errenta gehiago erabiltzen da zor pertsonalen interesak ordaintzeko.
Kapitalismo industrialaren menpe, aurrezkiak batez ere rentier aberatsen bidez metatzen ziren. Haiek beren higiezin errealak, trust fondoak eta beste aktiboak herentzia bidez lortzen baitzituzten. Egungo finantza-kapitalismoaren menpe, lan-indarraren aurrezkiak (pentsio-fondoak eta segurtasun soziala direla medio) hazi egin dira bono-eta burtsa-merkatuetan rol nagusia jokatzeko.
4. Aurrekontu publikoaren defizitak finantza-gerra berrian du iturria, ez gerra militarrean. Kapitalismo zaharrean ia zor nazional guztiek gerretan zuten iturria. Egungo defizitak aberatsei zergak murriztean du iturria, bereziki higiezin erreal, sektore finantzario eta aseguru sektorean egindako zerga murrizketetan.
5. Rentier kapitalismoaren balio libreko ekonomia. Gaurko ekonomiak lurra, produkzio-faktore gisa, baztertu egiten du. Finantza-kapitalismo berriak erretorika indibidualista erabiltzen du Gobernuen kontrola erosten duen bitartean: Gobernuak ere erabiltzen dira hitza betetzen ez duten zordunei maileguak emateko, beren kreditudunek ordain dezaten, eta aktibodunei finantza-aktiboen segurtasuna bermatzeko.
Marxek ikusi zuen moduan, kapitalismo industrialak langileen eta enplegatuen arteko klase-borroka zuen ezaugarri nagusi. Baina gaur egungo finantza-kapitalismoak kapital industriala eta lan-indarra, biak, ustiatzen ditu.
6. Lan-indar produktiboa, ez-produktiboa eta inbertsioa. Lehengo kapitalismoan lan-indarra industrian, nekazaritzan, garraioan eta energia-produkzioan enplegatzen zen (ekonomialari klasikoek ‘lan produktiboan’ deitzen zuten arloan). Egun enplegu ia guztia gobernu mota ezberdinetan, FIRE sektorean eta azken horri dagozkion zerbitzuetan (legegintzan, kasu) kokatzen da. Lan-indar eta kreditu produktiboa eta ez-produktiboa bereiziz, ekonomialari klasikoek azken enplegu mota ez-produktibotzat hartzen zuten. Gaur egun, aldiz, gizarte ‘post-industrialean’ enplegu hori ongietorria da laguntzaile modura. Egun, finantza-kapitalismoak lan-indar, inbertsio eta zor guztiak ontzat hartzen ditu, begiratu gabe nola dauden enplegatuta. Hortaz, badirudi ez dagoela inolako jarduera ek