Rakel Gamito: “Helduek oso gutxi dakite adin txikikoen errealitate birtualari buruz”

“Adin txikikoak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Nafarroako gobernuarekin elkarlanean. Rakel Gamito Gomez Haur Hezkuntzan graduatua eta Psikodidaktikan doktorea (UPV/EHU) izango da irakasle. “Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturei eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera” izeneko tesia egin zuen hain zuzen ere.

Zer da nortasun digitala izatea?
Nortasun digitala da Internetek norberari buruz esaten duen guztia. Askotan pentsatzen da nortasun digitala norberak argitaratzen duenaz osatzen dela eta, ondorioz, Interneten eskaintzen den auto-irudia dela, baina harago jo behar da. Gainerako erabiltzaileek norberari buruz argitaratzen dutenak (webguneetan, egunkarietan, sare sozialetan…) ere eragina du nortasun digitalean; edota norberak beste erabiltzaileen argitalpenetan utzitako iruzkinek, norberaren gustuek (jarraitzen dituen pertsonak/elkarteak/enpresak), gustuko dituen argitalpenek (“me gusta” edo “like” emanez)… Guzti horrek eragina du norberaren nortasun propioan zein kanpoko irudian. Beraz, ondo zaindu beharreko kontua da.

Noiz hasi behar genuke adin txikikoei sarean ibiltzeko irizpideak jartzen?
Txiki-txikitatik. Ibiltzen hasten diren momentutik aurrera errepidea kontuz gurutzatu behar dutela azaltzen zaie behin eta berriro, ezta? Bada tresna digital bat esku artean jartzen zaien momentutik aurrera, horien erabilera arduratsuari buruzko informazioa eta gidaritza jaso beharko lukete.

Zer gako hartu beharko genituzke kontuan?
Gertu egon, laguntzeko prest. Euren errealitate digitala ezagutu behar dugu, zertan ari diren jakin; beti ere interesarekin, errealitate horretan elkarbizitzen irakasteko. Txikiak dira eta, beste edozein arlotan bezala, online ere helduaren laguntza eta gidaritza behar dute.

Helduek errealitate birtuala zein den benetan ba al dakigu, haurrekin landu ahal izateko?
Helduek oso gutxi dakite adin txikikoen errealitate birtualari buruz. Gainera, askok ez dute interes handirik edota teknologiari beldurra diote. Argi dago online abiadura jarraitzea ez dela erraza, baina gertu mantendu behar gara. Euren bizitzaren parte garrantzitsu hori existitzen ez dela pentsatzen badugu, ez dugu inoiz laguntzeko aukerarik izango.

Ze arrisku izan ditzakete haur eta nerabeek irizpide argirik gabe?
Adin txikikoen kasuan, online dauden bitartean, egoera gatazkatsu nagusienak hauek dira: ziberjazarpena, grooming-a (helduen jazarpen sexuala), sexting-a eta; horrekin batera, sextorsion-a, eduki ezegokiak eta gehiegizko erabilera.

Hala ere, badira ere sareren erabilera arduratsua bermatzeko kontuan izan beharreko bestelako kontu batzuk: nortasun digitala, pribatutasuna, kontrola, like-ek duten garrantzia eta eragina, estereotipoak eta eredu irrealak…

Guzti horiek eragin zuzena dute adin txikikoen osasun psikologikoan eta fisikoan. Ondorioz, ondo ezagutu behar ditugu, horien aurrean estrategiak garatzen laguntzeko!

Ze helburu ditu ikastaroak? Zein dira gogoetarako eman nahi dituzun gakoak?
Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturak eta online bizipen arriskutsuak ezagutzea; eskolan zein familian sarearen erabilera arduratsua sustatzeko bitartekaritza-estrategiak garatzeko. Asmoa da, batez ere, barneratzea, gidaritza eta laguntza direla segurtasun-tresnarik onenak eta helduok erronkari arduraz erantzun behar diogula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude