Txus Perez de la Fuente: “Iraganeko datuak aztertuz etorkizuneko iragarpena egitea da Wekak ahalbidetzen duena”

Txus PerezWeka entzun eta zer ote den galdezka hasten direnentzat UEUWeka, ikasketa automatikorako tresna: datuetatik erabakietara ikastaroa antolatu du. Txus Perez de la Fuente Informatikan Doktorearen gidaritzapean atzo eta gaur indarrak batu eta ordenagailuaren aurrean tresna hau zer den eta nola erabiltzen den ikastera etorri dira.

Txus Perezen bideoa

“Weka, programazio informatikoa da, ikasketa automatikoa egiteko”, dio Txus Perezek. Gaur egun ordenagailuetan datu pila bat daude bilduta non etorkizuna iragartzeko balio duten, azaltzen digu Perezek: “Datu hauen artean dauden erlazioak bila daitezke, estatistikako tekniketan oinarrituta”. Eguraldiaren iragarpena egin daiteke, adibidez. Egun jakin batean egin duen tenperatura eta hezetasuna kontutan hartuta, biharko iragarpenak errealitatera asko hurbiltzeko aukera izango du. Azken batean Wekaren helburua horixe baita, “iraganeko datuak aztertuz etorkizuneko iragarpena egitea”. Ikastaroaren helburua tresna ezagutu, datu-meatzaritzaren prozesu osoa ezagutu, ikasketa automatikoko oinarri minimoak ezagutu eta tresna erabiltzeko oinarrizko trebetasunak erakustea izan da, irakaslearen hitzetan.

Weka programa erabiltzen hasteko lehenik eta behin, datu base bat behar da. Datu base horretatik ondoren algoritmoen erabilerarekin batera, datu esanguratsuak aurkeztu daitezke. Txus Perezek dio telekomunikazio enpresetan iruzurra detektatzeko erabiltzen dutela, besteak beste: “mugikorra izurratu zaiela eta beste baten bila asko joaten zaizkie. Pertsonak aztertuta, perfil konkretu bat atera dezakete iruzurra egiteko joera gehiago dutenak detektatzen dituzte”.

Weka software librean oinarritutako tresna da eta Perezek nabari du euskaraz software librearen presentziak gora egin duela. Irakaslearentzat software librea oso interesagarria da: “Ikusi egin dezakezu zein den hasierako kodea, iturburua dena. Eta ez hori bakarrik, hobetu egin dezakezu hasieran jaso duzun kodea, tresna berri bat sortuz”. Azken batean, Weka-ren atzean matematikarekin batera, prozesu bat dago eta software librea izatean atzeko lan hori ikusteko aukera ematen du ondoren bakoitzak nahi duen modura moldatzeko. Hala ere, aldatzea zaila izan daitekeela aitortzen digu Perezek, oso sistema konplexua delako baina abantaila handiak dituela aitortzen du: “zure enpresara egokitu dezakezu; logoa jarrita edo kodea aldatuta, zure beharretara moldatu dezakezu”.

Gaur egun, ordenagailua horren garrantzitsua den garaian “askotan harrapatuta gaudela”, dio Perezek. Izan ere, software itxiek, hala nola Microsoftek, ez dute aukera ematen bakoitzaren beharretara moldatzeko eta “kasu horretan, erabilera murriztua izango duzu”. Hori dela eta, Software librearen garrantzia handitzen ari da gero eta gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude