Sare sozialak baliabide gisa erabiltzen ikasi

Teknologiak aurrera egin du eta komunikatzeko modu berriak agertu dira. Interneten bidez munduko beste puntan gertatzen ari dena ezagutu dezakegu. Baita milaka kilometrotara dagoen pertsona batekin komunikatu ere. Sare sozialek komunikatzeko bide berriak ireki dituzte, baina arazoen iturburu ere badira erabilpen desegokia eginez gero. Hori ikasi nahian zenbait ikasle bildu dira UEUk Eibarren antolatu duen “Sexualitatea, gazteak eta sare sozialak” ikastaroan. Gaian sakondu nahian, Eider Goiburu ikastaroko irakasleari galdetu diogu. Goiburu Psikologian lizentziatua eta berdintasun-agentea da.

Sare sozialen agerpenarekin komunikatzeko bide berriak agertu dira. Zer eragin daukate sistema berri hauek gazteengan?
Komunikatzeko beste era bat dira. Beraiek jarraitzen dute harremanak izaten, kalera ateratzen, lagunekin egoten, kirola egiten… orain arte telefonoa edo email-a erabili izan duten bezala, orain sare sozialek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dituzte.

Sare sozialek aurrez aurreko harremanak gutxitzen dituzte?
Orokorrean ez. Ikerketek esaten dute gazteak lagunekin fisikoki egotea nahi dutela. Gelan sartuta gelditzea, bakardadean… askotan aipatzen den marjinazio irudi hori mito bat da. Egia da askotan, kalera ateratzean mugikorrarekin aritzen direla lagunekin dauden bitartean, baina harremana hoztea edo distantzia fisikoa ematea ez da errealitatea.

Sare sozialen bidez eta interneten orokorrean ikusten diren irudi eta komentarioek, sexismoa gutxitu edo areagotzen dute?
Ez gutxitu ez areagotu. Azken finean sare sozialak baliabide bat dira, bitartean sexismoa badin badago sexismo hori islatuko da. Sare sozialek publiko zabal bat hartzen dute, interneten mundu guztia dagoelako sartuta, eta momentu batean indarra hartu dezake, dagoena publiko egiten delako.

Ikastaroan alderdi horiek guztiak landuko dituzue? Zein da orokorrena ikastaroaren helburua?
Alde batetik, oinarrizko ezagutza batzuk emango ditugu. Orokorrean mundu guztiak ezagutzen ditu sare sozialak. Orokorrean gazteek menperatzen dute, baina hain gazteak ez direnak ez dituzte hain ongi menperatzen. Bestetik, aztertu nahi dugu zein erabilera egiten duten, bai sexismo aldetik bai sexualitate aldetik. Azterketa orokor bat egin nahi dugu gaztetxoekin ari diren irakasleek ikus dezaten ikasleek zer transmititzen duten gai batzuen bitartez.  Arriskuak ere ikusiko ditugu. Batez ere sare sozialen aspektu negatiboak, ondoren erabilera egoki bat eman diezaieten. Hala ere, esan behar dugu sare sozialek alde positibo ugari dituztela. Baina aspektu negatibo horiek lantzea da ikastaroaren helburua.

Aspektu negatiboen artean zer esan dezakezu?
Alde batetik, sexismo maila handia islatzen da sare sozialetan. Bestetik, pederastiaren arriskua dago, lapurretak, jende ezezagunarekin topo egitearena, pornografia arazoak, intimitatea galtzeko arriskua dago, norbaiten argazkiak hartu eta sarean jartzeko arriskua… denetarik eman daiteke.

Zer egin dezakegu horren aurrean?
Erabilera egoki bat erakustea irakasleei. Baina balore kontua da, sare sozialak komunikatzeko baliabidea besterik ez dira. Ikasitako baloreekin aurrera egin behar dugu eta sare sozialak baliabide gisa erabili. Erabilpen egokia egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude