Andoni Egaña: “Mugak sormenerako mesedegarriak izan daitezke”

Normal
0
21

‘Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa’ ikastaroaren baitan, ipuingintzaren, zutabegintzaren eta bertsogintzaren parekotasunak aztertu ditu Andoni Egaña bertsolari eta idazleak.

–         Zein da ikastaroaren ideia nagusia?

Narrazio laburrek, egunkariko zutabeek edota irratietako kolaborazioek eta bat-bateko bertsoaldi batek elkarren artean duten antza aztertu nahi izan dugu. Eta elkarren artean zerbaitetan antza badute, batean trebatzeak bestean aritzeko zertarako balio duen, baita ere.

– Zerk lotzen ditu ipuingintza, zutabegintza eta bertsolaritza?

Ezberdintasunak ezberdintasun, ondorio nagusia da antzekotasunak badirela. Luze-laburreran, adibidez, badute parekotasunik, bai sortzailearen eta baita hartzailearen aldetik ere. Sormenaren ikuspegitik, hiru alorretan printzak marrazten direla azpimarratu genezake. Bakarkako lan batean printza bat marrazten duzu eta gauza bera gertatzen da zutabe bat idazterako orduan ere, ez duzu tesi bat idatzi beharrik. Eta ipuingintzan ere berdin, printzatik haratago lantzen hasten bazara… orduan hori ez da ipuin bat, hori nobela bat da. Printza horren kudeaketan ere badute antzekotasuna. Printza nola landu, nola kudeatu, noizko gorde ideia nagusi hori.

–         Ikasleen artean denetarik topatu duzu?

Bai, hala da; irratietan aritzen direnak, idatzizko medioetan aritzen direnak, bertsolariak, eta baita medioetan aritzen diren bertsolariak ere, besteak beste. Adibidez, euskal hedabideetan zutabegintzan bertsolari asko egotea ez da kasualitatea. Lan mota horretara bertsolaria ohituta dagoelako gertatzen da hori. Zutabegintza askotan enkarguzkoa eta epe baten barruan izaten da, eta bertsolaria sormenezko denboran lan egitera ohituta dago.

–         Ipuingintzaren, bertsogintzaren eta zutabegintzaren bidez ideia bat komunikatzea lortzen badugu ere, komunikatzeko modua desberdina da oso, bakoitzean.

Bai, galdetuko banio jendeari, irratsaio bat egiteak, egunkarirako zutabe bat idazteak edota bertsotan egiteak, zerk emango liokeen beldur gehiago, askok bertsotan aritzeak erantzungo luke. Baina bertsotan egitea errazagoa da, zu han baitzaude zeure burua defendatzeko. Zutabe txar bat idatzi eta hurrengo egunean zu ez zaude irakurlearen etxean azalpenak emateko. Horrek esan nahi du, komunikazioan zenbat eta zailtasun gehiago hobe dela, zeren eta zailtasun horiek gainditzen ikasten duzuenean, jada komunikazioaren zati handi bat egina duzu, arrakasta komunikatiboa gertuago duzu.

–         Bertsotan oso muga hertsien barne lan egiteak nolako eragina dauka sormenean?

Mugak mesedegarriak direla esango nuke. Bertsogintza, orri zuriaren aurkakoa da. Gutxienez doinu bat eta neurri bat beti ditugu, eta askotan gaiak ditugu, eta baita laguna ere. Heldulekua duzu, beraz, sormenerako hesiak ez dira txarrak. Gero momentu sortzaile on-onetan, hesi horiek gainditzeko gai bazara, oraindik hobe, baina marko bat izateak sormenerako lagundu egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude