(Bagoaz!) Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…XXII…): “Ahateen” parke-lorategiko iturri miresgarriak

*Oharra: seguruenik, hauxe izango da espazio honetan jarriko dugun azkeneko sarrera. Matxoa amaieran, WordPress plataformara eramango gaituzte. Milesker UEUri urte hauetan guztietan eskainitako aukera apartagatik!

Lerro hauetara ekarri dugun aurreko iruzkintxoan genionez, ur-emariaren hiri-altzari izatetik monumentu izatera iragapidea egin izan duten iturriek ondare-ibilbideekin ez eze, maiz hiri-espazioko toki-leku seinalatuetako nortasun eta memoriekin ere tupust egiten dute, horiek esparruok izate berezikoak bihurtuz.

Halakoak izan dira arestian komentatu ditugun adibideetako batzuk, baina batik bat itsasadarretik gertuko hiri-bilakaerari so-eginez, ezin ditugu ahaztu, Bilbotar orok modu herrikoi bezain kutunez “ahateen parkea” legez ezagutu izan dugun Casilda de Iturrizar lorategietan presentzia nabaria bereganatu zuten iturriak. Ur edangarritik haratago, hiri-zabalguneko mugarri eta ezein pertsonaia historikoen oroigarri diren monumentuen kutsua darie, duda baga, bertako bizpahiru kasuri.

 

Zeinu-adierazkortasunari atxikiriko iturriak

Hala bada, aipatu zonalde arraz bereizgarriaren gisako ingurune paregabeetan edota hiritarrek horrela kontsideratuak direnetan dauden hiri-elementu zein eraikintxo anitzak, gehienetan kokalekuak babesten ditu. Hau da, jarriak izan diren gune aukeratuak sarritan ohorezko estalduraz janzten ditu. Beste batzuetan, aldiz, horiek artelan, altzari nahiz objektuok leku-espazioa sonaz eta garrantziaz aberasten dute. Paragrafo hauetan batez ere idatziko dugun paraje horretantxe, bere izaera kasik lurzoruan zokoratuta funtzionatzea delarik ere, arkitekturatxo edota hiri-altzari adierazgarriaren sama zailtasunez ukatu ahalko diogu bertoko pergola erdi-zirkularraren aurrean dagoen iturri zibernetikoari.

Ornamentuzko izate peto-petoaz, urarekin zirkuitu etengabean jolas egiteko sistemak hodi-sortak lur-kotaren azpitik mantentzen ditu eta gainetik begiratuz atzeman daitekeen lobulu geometrikodun ur-azalerak altuera osoro eskasa lortzen du. Egotzitako edertasuna, oraingo honetan, mekanismoa piztuta dagoenean soilik nozitzen baita, denboran aldatzen eta errepikatzen diren ur-irudikapen ludiko, kurba, parabola, zipriztin eta zuhaizti-zuriekin, uraren gardentasuna eta bitsa ingurumariarekin estanpa erromantiko deigarrian uztartuz, Gonzalo Font-en ideia eta proiektuaren arabera 1991n inauguratua.

Horizontaltasun-ezkututik bertikaltasun-euskarri sendora salto eginez, Ricardo Bastida Bilbon ospe handiko arkitektoaren iturriak (1914koa), izan ere egikera arkitektoniko eta eskultorikoa erakusten du. Lau alderdi-aurpegi eskaintzen ditu bakoitzean ur-hodia duela, hirian txit ezagunak ziren beste launa abizen famatuen gogoangarri lez eraikia: Hurtado de Amezaga, Arrikibar, Gardoki eta Markina, hain zuzen. Aitatu diren abizenak goraipagarri bilakatu zituzten pertsonen aurpegi-erliebeak gorputz zentralaren paretetan itsatsiak dakusagu, estetika modernista areagotzen dioten pilare greko, dekorazio-kiribil eta fundiziozko piezez gain, hemeretzigarren mende-amaierako gustuen harian.

Parke-espazioak San Mameserantz heltzeko egiten duen triangelu zuzenaren izkina biribilduan, Adolfo Guiard-en omenezko iturria instalatu zuten, dirudienez 1927. urtean. Ur-hodi bakarreko horma nahiko biluzia aurkezten du, honako esaldia inskribatua duela: “A/ ADOLFO GUIARD/ MDCCCLX-MCMXXVII/ MCMXXVII”. Material berberaz jorraturiko albo-jesarlekuek simetria gogorra eraginez, bi mailekin lur-kotatik zertxobait goratzen duen plataformak duintasun-xarma baimentzen dio. Aldameneko beste bina eskultura-erliebeek simetrikotasuna azpimarratzen lagunduko zuten; E. Barrós eskulturagileak zizelkatuak, hauek panelok askozaz beranduago ekarri baitzituzten, 1972an ezarriak izanik.

 

Ur-jauzia, ornamentazio-iturria

Parke-lorategiak Arte Ederren Museorantz dituen malda eta aldapan, erdian leiho-zulo laukizuzena duen murru irekiaz altxaturiko iturria dago, itxura klasikodun estatuarentzat ate-zirrikitua bailitzan. Beheko partean, harlanduzko eskaileratxoen gainean bi aurpegi-maskara gisako irudien ahoetatik ur-isurketa abiatzen da, azpiko hondodun plano karratura bitartean, belarrez inguraturik. Hemen urak musika sortarazten baitu, belarri finez hurreratu eta adituz gero. Aurrealdean grabatu hau inskribatua dauka: “AL MAESTRO/ DN AURELIANO VALLE” // “DIRECTOR/ DE LA SOCIEDAD CORAL DE/ BILBAO”. Berau ere talde arkitektoniko eta monumentala izaki, eskulturak Quintín de Torre artistak egin zituen 1922an.

Hauek ondare-lekukook, hiriko eszenak koherentziaz argitzen dituzte eta singulartasuna erakutsiz ere, homogeneoki integratuak nahiz trama urbanoarekin artikulatuak agertzen dira normalean. Balio sinbolikoz blai, hiri-garapenaren eredugarri diren tipologia-ekarpenak, estilozkoak, antolaketa-tipoei eta paisaiei dagozkienak nabaritzen zaizkie. Konposaketaz, egituraz eta funtzioz iturriek hainbat eraikuntza-elementu tipiko agerian usten dizkigute gainera: kolomak, kapitelak, pilastrak, mentsulak, basamentuak, oinarriak, arkuak, burdinazko piezatxoak eta beste, erritmoz eta eskalaz zinez orekatuak.

Idazlanean lehenetsiz, gogoan hartu ditugun iturrien perspektiba zein hurreko argazkiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude