Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…XXI…): Ur-emari diren monumentuak, identitate-iturri

Ur edangarria hirietako zerbitzu publiko lez ulertua bezainbat onartua ere izan zenetik, eguneroko bizimodurako lehengai hura herri zein hiri-eremuetara erakartzeko ahaleginak, ubideak eta kanalizazio prozesuak nonahi abiarazi zituzten. Edanaren parean, logikoa denez, garbiketa-funtsak ez ezik zeinahi produkziorako ere ezinbestekoa baitzen. Halaber, industrializazioaren lehen aurrekari nahiz gerokoek ur-iturburuak dezente aprobetxatu eta ustiatu zituzten. Etekinen etekinez, delako ustiapena esplotazio bilakatuta, zenbaitzuk galduak baziren.

 

Hiriko iturriak, erabilgarriak eta sinbolikoak

Ur-garden preziatua hiribilduetara eta ingurune urbanora ekartzeko horien sareen erpinetan, noski, iturriak kokatzen ziren. Haietako batzuk ur-hartzearen funtzio erabilgarri petoa betetzeko pentsatuak eta eginak, biztanleria zein populazioarentzat beren beregizko bazterretan finkatzea hoberena zitekeen. Orrialde hauetara dakarzkigun adibideen artean, Bilboko hirigunetik apur bat haratago edota aldenduago zegoen Deustuko Erriberako ibaiertzera heldu gaitezke, gerora Zorrotzaurreko penintsula legez ezagutu zenaren nukleorik historikoenean zegoen harrizko iturri eklektiko eta modernista aipatzeko.

Portu eta industria-zonaldea zenaren erdigune-antzean, etxebizitzak, eliza eta beste herri-eraikin bakan batzuk zituen bitarte txikiaren bihotzean gelditu zen iturriak, Bilbok XIX. mendean izan zuen hiri-sare direlako horien hobekuntzari atxiki diezaiokegu, alegia, “Prazuela” deituraz urte luzez izendatu zen tokian. Leku horixe berori, urteen joan etorrian “Plazuela Yolanda González” bihurtu zen, 2016an izen herrikoia eraldatuz, mutur-eskuindarrak 1980an Madrilen erail zuen auzoko ikaslearen omenezko eta oroimenezko keinua gogoan hartuz. Iturriak, bien bitartean, bertan zirauen bere eskala-humano urreragarri eta hiruzpalau kiribil apaingarriei men eginez, “ametsak eraikiz” zebilen auzunean.

Bestelakoa izanda ere seguruenik garai bertsuan agertua, hiriko beste alderdi baten baina hau ere ibaitik gertu, Salveko enparantzako iturri dotorea daukagu. Tamainaz handiagoa eta ur-bilketarako lau ontzi dauzkala, harriz eta marmolez taxuturiko gorputz printzipalak loreontzi-erako dekorazio objektu osagarria du buru-gorenean, Bolueta Fundizioen fabrikak brontzez husturikoa, barik bat, hemeretzigarren mende-akabuko jauntxo-burgesen gustu estetikoen arabera. Izan ere, zoladurazko baldosa zabalek bereizitako zirkuluaren barnean jartzeak, nolabaiteko garrantzia gehitzen dio delako hiri-altzariaren monumentu-izaerari.

Aipatu pieza hauen inportantzian eta oparotasunean gorantz joz, zentzu praktikoa ukatu gabe, XX. gizaldia hasi baino lehen Atxuriko barrutian instalatu zen balio historiko eta estetiko anitz darizkion iturria ikusi dezakegu. Hastapenean San Anton Bilboko tenplurik zaharrenetakoaren aurrean, Plaza Zaharra deritzon azaleraren hormari itsatsia omen zegoen, Azpeitiko Jaspe-zuriz altxatua, Santiagorako bidearen parte izanez. Arte Ederren akademiako gizon ospetsua zen Luis Paret y Alcázar-en 1785eko diseinuari eutsiz, hormara egokituriko zilindro-erdiei irudi-usain neoklasikoa darie[1]. Aurretiko perspektiba, beraz, sano goretsia atzematen zaio eta ur-biltzera hurreratzen denaren aurrez aurreko inskribuak honakoa dio: “Reinando Carlos III la N. Villa de Bilbao por el bien público. Año de MDCCLXXXV”, simetria bortitzaren indarrak azpimarratua.

 

Zentzua, presentzia eta funtzioa

Goian adierazitakotik nahiko gertu, Anton deunaren parrokiatik Solokoetxerantz igotzen doan Zabalbide kaleak, lurzoruaren kota topografikoak eusteko antzinako pareta baten oinean buruturiko kapsula antzerako zuloan sartuta, iturritxo batekin topo egin dezakegu. Apala izanagatik ere, fundiziozko ur-hodi parea eta zeramikazko losez konposaturiko atzealdea erakusten ditu. Kanpo-arkua adreilu gorriz eraikia da eta ingurumaria gauez argiztaturik suma daiteke.

Aspaldi Bilbotik at zeuden periferia berrietan ere, Apraiz mendi-magaletik hur, bide-bazterretan ohikoak ziren bezalakoak, famatua izan zen Iturrigorribide errepideko izen bereko iturria, Uretamendi-Peñascal aldean. Bilboko aldirietan, harrixka latzez eginiko mendi-itxurako iturri txikiak esparru urbanoko tankera lortu zuen geroago, aldameneko jesarlekuak, eskalinata zirkularrak, barandak eta zoladura ezarri zizkiotenean piramide baten amaituriko prisma bertikalari.

Hauetatik arraz desberdin, Arrikibar-eko oinarri poligonaldun urmaeletik jaiotzen den kolomak esfera armilarra du (izaki kosmikoen koordenada astronomikoak markatzeko erabili zen aparailua). Moyuako iturriarekin eta beste zenbaitekin batera, zentzu guztiz monumental eta sinbolikoa dute, baina hiriko trazaren eta bilbearen artikulaziorako txit eraginkorrak izanik, berauen presentziak paisaia-balioak, kultura-adierak zein tipologia eta egiturazko agerkariak pizten ditu.

Nortasun-iturri gisa itsasadarretik hurbil komentatu ditugunak (goikoak) eta Arrikibarren mantendutako iturri xelebrea.

[1] Egile berberaren beste iturri bat Bilbon, Katedraleko Santiago enparantzaren muinean aurkitu dezakeguna da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude