Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…XX…): Egungo argi-iturrien zeinu bilakaera

Kale, plaza, parke, lorategi, ibaiertz eta gainontzako hiri-esparruak, nola ez, desorduetan argiztatu beharrak sekulako hiri-altzarien loraldia ekarri zuen, ideia garatu horri gorputz emateko baldintzen eta material hornikuntzaz. Karriketan barrena norberak argia eraman beharrak, iluntasunean gotorturiko arriskuei aurrea edo lepoa emanez, ez baitzen erosoa eta hortaz, bidegurutze estrategikoetan eta halakoetan suziriak gauez irauteko eskarmentua orokortuko zen erdi arotik ateratzen eta abiarazten zeuden hiribilduetan. Bilbon ere antzerako zerbait izan bazen, ziur nork jakin, baina dena dela, hiri-argiztapenaren ernaltze ugalkorra luzaroan iraunarazteko argi-iturriekin nagusituko zen, batik bat zerbitzu publikoak egonkortzeko ere ezinbesteko aspektua zela konturatzearekin batera.

Horretan gaudela eta asko laburbilduz, lehendabizi olio-koipea, gero gasa eta ondoren elektrizitatea bezalako aurrerapenak bitarteko zeudela, argi artifiziala sortzearen, birsortzearen, hedatze zein mantentzearen lanak, aldika lortzen zituen lagungarri tekniko eta teknologikoei esker, bere bide propioak martxan jarriko zituen hemeretzigarren mendeko erdi-amaieratik aitzinera, batez ere. Abiada horrek iraultza baimenduko zuen hirietako argiztapen osoaren aferan.

 

Bilbori aspaldi argia eman zioten elementuak: farola, lanpara eta enparauak

Alabaina, berebiziko bizikidetza-beharrizana izateaz landa, gaueko eta ilunabarreko kale-argiaren zabalkuntzak hiri-altzarien erreinua sano irekiko zuen, horiek argiztapen-sareok ezinbestekoak zituzten puntu errepikakorren atontze txukunerako hein-heinean pentsatuak zirenak; farolak eta argi-mutilak.

Argia barreiatzeko lanpara bera, lurretik metro batzuetako altuera finkoan kokatzeko habe bertikalak halabeharrezkoak zirenez, gerora sasi-poliedro baten gisako beiradun leihatilez sorturiko argi-buruaren hankak tailu bereziz eta apaingarriz jositako egitura izaten zuen. Maiz burdinaz edota altzairuzko fundizioz, seriean moldarazten ziren elementuok estiloz, eskalaz eta erritmoz bitxitasun komunak izaten zituzten arren, kurioso bada ere hiriko bazter aukeratu batzuetarako beren beregizko objektu-altzariak planteatzen zituzten.

Diseinu-modu horiei jarraituz, enparantza, parke-lorategi zein hiri-espazio adierazgarrienetan tokian bertarako proposatuak zeuden altzari-aldaerak existitzen ziren. Beraz, hiri-nortasunaren baitako balio sinbolikoak eta oroigarriak irudikatzen zituzten, gure egunotara heldu zaizkigunak. Parajearen singulartasuna areagotuz eta tipologiaren antolaera espezifikoa medio, hiri-paisaiari atxikitako testigantza historikoen mamia eskaintzen digute, hein baten.

Bilboko lehen-zabalgunearen alderdietan, batik bat, Albiako ereduak landare-erako dekorazio organikodun lanpara-farola aurkezten digu, horietako batek, bere kideetatik ezberdintzen den oina duela, “J. ABANDO Y C…” inskribua erliebean adieraziz. Bestalde, Bilboko itsasadarren erriberei izate bateratua ematen zien zeinu ezaguna argiztapen-elementua baitzen (Bolueta Fundizioari egotzia), ertzetako eskudelarekin batera horizontal/bertikal erlazioa goraipatuz, eta argi-fokuaren poste fina barandarekin bat eginez. Izan ere, ur-bidearen alderdiei perspektiba baterakidea gaineratuz hiri-izaerarekin artikulatzen diren objektuok, Bilboko udalerrian Arenaleko, Volantin Pasealekuko, Uribitarteko, Deustuko, Zorrotzaurreko eta Olabegako moiletan ageri dira, besteak beste. Baten batzuk azpiko kutxatxoaren tapan “La Nave…” hitzak eta logotipoa dute. Gehientxoenak aldiz, ordezkatuak izan dira antzeko forma duten estrukturez.

 

Hiriko argiztapen publikoaren balioak

Atzo zein herenegun legez gaur ere, hiriko argiek sekulako garrantzia eskuratu dute, ibaitik hurreko Abandoibarra bezalako espazio eraberrituetan. Honaino aitaturikoak baino askozaz handiagoak eta eskalaz nabarmenagoak, López Chollet-Dalmau arkitektoen prisma luzeek (2004-2005 ingurukoak), eskultura-izaera duen segidaren aurpegia ibaiari erakusten diote. Posizio parekidea duten Federico Soriano eta Dolores Palacios-en lanpara-eskulturek ere (1998-1999), argi-isurketaz gaindi antzinako garabien itzalari monumentu-keinua gehitzen diote, Euskalduna Jauregitik ibai-aldera hurreratzen den kanpoaldeari.

Eraikin honen beste alderdiko barrutian, metalezko pilare zeiharren pilaketaz konposatu diren arbola hosto-gabekoek, adarretan gordetzen dituzten argi-hodi zilindrikoekin, metal-anabasadun oihan nahiz basoak egituratzen dituzte. Anton Amann-ek sorturik, enbor eta abarren gurutzapenek, hain zuzen, fatxadaren aurreko hutsunean ibiltarientzako oztopoez aparte, horror vacui delako betetasun-sentsazioa areagotzen dute lerro mehez, lodiz eta plano-atalez korapilaturik. Arestian komentatu ditugun kasu historikoekin alderatuta, gaur eguneko hauek ere hiriko gune konkretuak eraldatzen eta seinalatzen dituzte.

Abandoibarrako zonalde berreskuraturi irudia ematen dioten lanparak, ibaiertzeko argiztapen lerrokatua eta Albiakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude