Edozein hiriko denbora-iraganean legez, Bilboko hiribilduko eta metropoliko ibilaldian ere, aro desberdinetako eraikin-arrastoak urteen iragate horren erraietan errotuak harritu zaizkigu. Adibide horietako gehientxoenak, nekez ekarri ditzakegu orrialde xehe hauetako idatz espaziora. Hala ere, haietako baten batzuk ibaiertzari keinu historikoz begiratzen diote eta beste batzuk, ordea, ez leudeke hiri-pasa doan bizkarrezur ureztatuaren albotik urrunduak.
Bai aztarna bilakaturik edo baita beraien funtzioak oraindik ere, ozta-ozta mantenduz, hizpide ditugun hauexek ez lirateke, hainbeste, hiri-garapenaren ikur ponposoenak (alegia, noizbait izan baziren ere) ezta berriki erakarri dugun berreskurapenaren euskarri ikusgarriak; euren erara, aspaldi hasia izan zen historia moderno, industrial eta burgesaren lekukotasun-erakusgarriak baino. Duela hamarkada erdi edo, hauetako eredu bakunak Hiri-antolaketako plan orokorraren berrikuspenerako eguneratzeetan interesduntzat seinalatu ziren.
Bizpahiru arkitektura zantzu: lekuko iraganaren adierazle gogoangarriak
Hiri-zabalgunearen unetik hona, zeinahi izan dira hedapenen segidan eraikitako arkitektura nabarmenak. Aitzitik, parada honen betaz aipatuko ditugunak, jadanik galduak daudenen arteko portu-arkitekturaren aurri nabarietako batez aparte, eskala txikiagoko bizpahiru kasu besterik ez dira, hiri-trazan irmo baizen ozen dirautenak. Besteak beste, hiriari barne-egituraren giharra eskainiz.
Lehenengo eta behin, hogeigarren mendearen hasierako urte-mugetan baina aurreko hemeretzigarren gizaldiko hiri-moldeetara egokituriko zabalgunearen baitan, eraikitze-lanetan lurzoruaren sendotasun-ezagatik edota urriagoagatik nahiz antolakuntzaren beharrizan bereziei aurre egiteko zioengatik, hiri-ehuna eraberrituan parke ia triangeluarra atontzekotan zeuden. Gaur egun ere, Abandoibarratik eta ibaitik gertu berdegune-birika lez dugun zuhaizti mardulean, Casilda de Iturrizar deritzon lorategi horretako pergola ezagunak zutik dirau.
Ricardo Bastida eta Juan (de) Egiraun-en diseinuaren arabera 1912-1920ko tarteren baten agertu eta altxatua, pasealekuei aterpea eranzten dien elementu arkitektoniko azpimarragarria litzateke, modernitateak beregain zuen karga erromantikoaren gurarietara egokituriko arkitekturatxoa alegia, lasaitasunerako, osteratxo geldorako eta bertako paisaia-giroaren gozamenerako zirrikitua dena.
Hiri-egikeraren antzerako asmoekin, neurri batean bederen, baina funtzioa arraz bestelakoa izaki, Bilbotik Artxanda mendira ailegatzeko garraiobide mekanikoak, oro har, herritarren mesedetan eta modu partikularrean, gizarte-klase hiritar-burges erosoaren aldeko gustuen tankeran garaturiko estetika ez ezik teknologia-berrikuntzak ere erruz bereganatzen eta maneiatzen zituen. 1915ean lehen aldiz inauguratu zen funikularrak maldan gorako lerro zeiharraz gain, abiatze eta helmugako estazioak behar zituen, ahal bezain egokien integratuak. Hiri-kotako sarrera, hortaz, Volantin Pasealekuaren atzealdeko karrika eta izen bereko plazaren harrizko pareta zaharrean zulatua dakusagu, aspektu teknikoak direla bitarteko, azpiegiturak izandako loaldiaren ondoren berriro martxan jarri zutenean jasandako zenbait birmoldaketa eta gero. Hauek dagoeneko 1980ko hamarraldian eginak, berriki ere goiko alderdirako igogailuak erantsi zaizkio nahiko ongi aprobetxaturiko bitartean. Plano horizontal biluzian aurkitu daiteken horma bertikal soilak, bi armarri eta erdi-puntuko arku zokoratua mantentzen ditu, kolore-zeinu eta hizki-ikurrez osatuak.
Bizitza luzearen akaberan galdutakoak
Bigarren multzo hauetakoen artean, Uribitarteko erriberan itsas arkitekturaren mugarri izan zen Gregorio Ibarretxeren portu-biltegiaren (1917-1926) aurrealde-zatia eta murru kasik eraitsiaren atalak ibaiari aurpegia emanez atzematen ditugu. Esku-hartze urbanistikoaren osteko gorputz hutsituaren aurre-atze fatxada parea bere betiko kokalekuan irauteagatik ere, ingurumariaren aldaketa bortitzak eta barneko dorre bikiek paraje bitxia eratzen dute, txit postmodernoa.
Alabaina, joan-etorrien testigantzaz, presentzia itxuroso edota gainbeherako hauek tipologia-ekarpen eta estilistikoak egin dizkiote hiri-garapenari, ezarriak zeuden tokiarekin erlazio homogeneoak, hiri-eszenak eta perspektibak osatuz. Balio sinbolikoei zegokienez, hiri-bilbean eta ehunduretan puntu estrategikoak sortzen zituzten, espazioaren organizazio-tipoetan artikulazioak eraginez eta ingurukoa singular bihurtuz. Gainera, balio ukiezin paregabeak izan dituzte toki-leku konkretuen memoria eta nortasunaren oinordekotasunari atxikiak. Hiriko eskalak ongi zainduz, bere garaian bai estiloz, bai koherentziaz adierazgarriak ziren. Berauen aurrekari gisa, XV. mendeko etxe baten atari gotiko puntadun harlanduzkoa dugu, Bilbo Zaharreko errotondan testuingurutik kanpo geratua.

Leiho nahiz ate arkudunak, kolomak, pilastrak, kapitelak eta dekorazio-erliebeak halako arkitekturekin bat egiten zuten.






