Bilbao hirian eta beronen ibaiertzeko zein itsasaldeko ingurune metropolitarretik darabilzkigun osteratxoetan, duela bizpahiru hamarkadatik honaino, lur-azpitik doazen sareekin bezainbat ur-bideekin ere harreman estua duen garraiobide-azpiegitura txit erabilia zonalde metropolitarrera hedatzen den Metroa genuke.
Ohi denez, trenbide-metropolitarra deritzona, industriaren osteko fabrika eta ezein ekipamenduren agortze eta abandonatze faseetan murgildurik, ibaiaren bi ertzetako industria-paisaia berantiarretatik barneratzen den zain lurperatua dugu. Barneratu aditza zentzu literalean darabilgu gainera, oraingo honetan, arestian genionez itsasadarraren bi margenetako aitzin-trenbideen lerroetara egokitzen baitu, neurri batean, bere trazaduraren luzera. Alabaina, 1990eko hamarkadaren erdialdetik amaierara bitartean, Metroan zulo-lanak eta bestelakoak puri-purian zeudenean, gogoratzen baldin badugu, delako burdinbidearen sator-zuloak Zazpi kaleetatik hasi eta San Inazio auzoraino ailegatzen ziren gutxi gora behera. Metropoli-nortasuna beraz, inaugurazioaren ondorengo urteetan etorriko zitzaion, nahiz eta Bilboko udalerritik haratagoko estuarioaren parajeetatik lurrazalean abiarazten den, lurpeko iluntasunetatik goiz argitara atereaz. Metroa hortaz, kasik trenbide itxurakoa bilakatzen zaigu.
Ibaiertzetik zeharo aldentzen ez den azpiegitura mugikor zokoratua
Era batean ala bestean, pertsonen garraiorako baliabide garrantzitsu honek itsasadarrarekin duen zerikusia ez da makala. Bilbotik Santurtziraino ezkerraldetik eta Bilbotik Getxo zein Plentziara eskuinetik, ur-korrontearen alboetan hazi diren bigarren mailako hiriguneetako populazio-poltsa handiak elkarlotzen ditu, dentsitate altu horren alderdi geografiko, urbanistiko zein soziologikoari nolabaiteko bateragarritasunez gaituz. Metroari aldez aurretik atzematen zitzaion laburtasunaren eta txikitasunaren eraginez kritika gogorrak jasan zituen, baina era berean gaur eguneko metropolia ulertzeko lagungarri litzakeela zailtasunez ukatu dezakegula adieraziko nuke. Edozelan ere, trenbide-metropolitarrak ibaian gorako hiriguneetatik hasi eta Abraraino heltzen den aglomerazioaren handik honako kilometroetan, denbora mugatuan eta erraztasunez mugitzeko aukera orokorra –ez bakarra– baimentzen du, nahiz eta batzuentzat tunel lurperatuetatik bidaiatzea deserosoa suertatu daitekeen.
Hala bada, Bilboko Metroak jada mende laurdena baino gehiagoko bizitza bete badu ere, honakoa ez zen izan halako egitura Bilbon ezartzeko lehen asmoa. Aspalditik zetozen ideiek hiri-azpiko uraren presentziarekin, ubide ikusezinekin, topografia arraz konplikatuarekin eta antzeko mugapen fisikoekin topo egin izan zutela transmititu zaigu beti hiritarroi. XX. gizaldiaren hastapeneko 1920ko hamarraldian ere Bilbo hiriak Metroa eduki zezan intentziorik bazegoen, garaian garaiko estetika eta gustuen araberako diseinu txukun eta pertxentak paper gainean bederen, existitu izan zirela ikerlan batzuk azpimarratu izan dutenez.
Metroaren hari uhintsuak lurrazpiko ardatzetan: Bilbotik Bizkaiko kostalderaino
Nola edo ahala, hiri-espazioko sareen erraietan txit eragiten duen aplikagarritasun tekniko hau historikoki eta modu goiztiarrean garatu duten hiri ezagunetan, Metroak lur-gaineko kotara azaleratzen dituen arkitekturatxoak eta ikur korporatiboak sano identifikagarriak bihurtu dira horien hirien izaeran. Halaber, Metroaren ahoetako euskarri zutak ikustearekin batera eta zeinu bertikalez ohartzerakoan, zein hiritan gauden duda-baga pentsa dezakegu. Kokapen-puntu horiek Bilbon ere premiazkoak izan zitezen saiatu ziren, irudi indartsua erakutsiko zuen asmakizunaz arreta guneak han-hemenka igartzeko.
Horien ezaugarrien artean koloreek, formek eta tipografiek nabarmen hezten eta ohitzen dute gizabanakoaren begia eta orientazioa baina zalantza barik, elementurik boteretsuenetakoa Metroaren autoreak berak, Norman Foster arkitektoaren ekipoak 1995. urte aldera aurkezturik, estazioetarako sarrera-gisako arkitektura txikiak lirateke. Goitik behera leuntasunez apalduz doazen ia erdi-puntuko altzairu-arkuek, hiri-azaleko gizakion eskalatik lurperantz eramaten gaituzte beiraren bestaldetik kaleak ikuskatzen ditugun bitartean. Koherentziaz, estiloz eta tipologiaz sendoak, plaza, angelu eta karriken zoladuran itsatsiak dauden egituratxo teknologikoak baitira; lotura-balio urbano anitz erakusten dituztenak hiri-antolakuntzari eta artikulazio-funtzioei dagokienez. Bilboko metropoliaren estrukturan ur-paisaiaren identitateari atxikiak beharko lukete, lehenago aipatu izan ditugun adibide bitxien ildoan, salbuespenak salbu, itsas nabigaziorako egokitzen ziren argi-dorretxo errepikakorrak, kasurako. Populuak “Fosterito” izenaz bataiatu dituen hauek ere erritmikoki eskaintzen zaizkigu lur-barneko ‘mamarro luzanga’ ibiltariaren sartu-irtenetan. Tankera honetako erakinak, nolanahi ere, hiri-bilbearen momentu oso jakinetan topatuko ditugu. Beste zenbaitetan, estetika berbera jarraituz karratuagoak nahiz, oro har, handiagoak izan daitezke eta gainontzeko batzuk, aldiz, zeharo desberdinak.

Metrorako sarreraren ikuspegi parea, aurrez aurre eta errepidearen aldamenetik (Bilboko Moyua enparantzan).




