Oraingoan lerro hauetara dakargun pasarteak, mende-erdi baino lehenagotik gureganaino heldu zaigun eta oraindik erruz dakusagun hiriko kaleen espaloiak atontzeko laukidun zoladuraren alderdi ezberdinak erakusten dizkigu. Izan ere, Bilboko irudian garrantzia bereganatu duen zoladura-elementu paradigmatikoa. Tipologiaz, erritmoz eta koherentziaz integratuak, hasiera baten, karratu erako loza bakoitzak (15 x 15 zentimetrokoak) erliebe negatiboz hondoraturiko launa lobulu simetriko biribil-formakoak zeuzkan, erdiguneko zirkulutik jaioak, uraren bideratze egokia errazteko. Geroago, fabrikazio-tamaina handiagoa hobetsi zen, antza (30 x 30 zentimetrokoak), moduluak launaka bateratzeko asmoz. Aditu batzuen ustetan, Bartzelonan garatu zen beste modelo baten diseinuaren berrikuntza izan zitekeen, Puig i Cadafalch-ek diseinatu ohi zuena eta Escofet etxeak egina, Bilbokoa baino neurri zertxobait handiagoarekin.
Alabaina, kaleko ibilian zapaltzeko balio duten eta horretarako prestatuta dauden objektu hauetan arreta jarrita, besteak beste, Iñaki Ría artistak “Calcao” deitu zion interbentzio artistikoa proposatu zuen hiriko zonalde batzuetan. Itsasadarretik gertu edo behintzat, ez oso urrutiko espazioetan, hiruna fase izan zituen esku-hartzearen ideiarik behinenak, kasurako, burdinez sorturiko loza-lerrokadura batek, jarraitasuna eman zion enparantzako zola-marra zuzen bati.
Bilboko zola-elementurik ohikoena: pausoz pauso, oin azpiko ikur-karratuak artearekin uztartuz
Goiko paragrafoetan aipatu dugunari jarraiki, hiri-gune, pasealeku, iskina, enparantzan eta enparauetan ageri diren zoladura-plaken artean ohikoena, ezagunena eta ikusgarriena “Bilbao” zeritzona litzateke. Historia osoaren jabe ez bagara ere, Bartzelonako oihartzunaz landa, sare publikoaz arduratzen ziren Bilboko Udaleko teknikari batzuk asmatu zutela komentatu izan da, XX. mendeko 50. hamarkadako ongi definitu gabeko momenturen baten, alegia.
Orduantxe izan omen zen loza berriak, horren aurretik erabiltzen zen asfaltoa ordezkatu zueneko unea; kiribil geometrikoek ur-jauziak sikatzeko nahiarekin. Hastapenean, “Salf-ferromós” izendun konposatu kimiko berezia nahasten zioten hormigoiarekin batera, erresistentzia eta segurtasun nabariagoz gorpuzteko intentzioarekin. Gaur egun, ‘burdinazko bihotza’ mantentzen duten hauetako pieza batzuk ikusi ditzakegu lurrera begira, kolore marroi metalikoz identifikagarriak direnak. Gerora, formula hori desagertu zen egite-prozesutik.
Bestalde, ondo dakigu zoladura tipikoaren itxurak Bilbon gertatzen diren hainbat jarduerari irudizko aurpegia eskaini diela. Hala nola, Aste Nagusiko kartelak, aratusteetakoak zein gastronomian Bilboko pastela lez aurkeztu zen gozokia edota bitxigintzakoa miniaturetan aplikatua. Hauxe da, beraz, sinbolo apaingarri eta kasik identitate-ikur edo nortasun-seinale bilakaturiko zeinua. Hiria gora behera, espazio publikoan gertatzen den sinbolo-pilaketak beste sinbolo batzuk ditu aurrekari nahiz erreferente gisa, sinboloak handik, hortik eta hemendik metatzen diren eszena-tokietan (Vicente Caballero filosofoak zihoen moduan). Dena dela zuhurtziaz esan dezakegu, bidenabar, zola-lozen azpian hondartza-arerik aurkituko ez dugula, aspaldiko abestiari men egiten badiogu, bederen.
Artelana kaleari atxikia ulertzeko saiakera bitxia: kalkoa eta ordezkapena
Duela hogeita bost bat urte edo, originalarekin azalezko zerikusia zuen lobulu-irudidun beste zola handiago bat hirian barreiatuta aurkitu genuen. Laban egitea ekiditeko ehundura zuen zola-laukiari “Vibrazolit” zeritzon. Arestian genionez, agian Abandoko espaloirik zapalduenean zola-karratu hau imitatzen zuen burdinazko ilara bat txertatu zuten, BBVA banketxearen jabegoko zoruaren eta espazio publikoaren arteko muga zehazten zuena, hain justu ere metroko sarbide baten aldamenean gelditzen zena. Behin-behineko artelanaren kokaguneetako bati zegokiona, 2001eko “Calcao” planteamenduaren baitakoa.
Kalko hauek, baina, ez ziren gure oin-azpian gelditu. Gauza bera aldaera batzuekin aukeratu zuen artistak itsasadarraren bazterretik hurreko hiri-altzari hautatuen ordezko simulazioak jartzeko; Botica Vieja parkeko paper-ontzi bat eta Abandoibarran, Guggenheim museoaren ondoko eserlekua, lorez eraldatua. Hauek biak keinu iragankorrak izan ziren, metalezko baldosek ordea, luzaroago biziraun zutenez, herdoil-jarioak zelan ingurua inprimatzen zuen ohartu ginen.
Nola edo ahala, kopiatzetik haratago zihoan eragiketa duin eta burutsuak artefaktu funtzionaletatik eratorritako simulazioaren irudia erakartzen digu begi-bistara. Hiritarron ingurumarietatik altzariok kendu eta erreplika kakotx artean “eskultorikoak” instalatzeak, toki-lekuen erabileraz gogoeta piztera garamatza, maiz metaforikoki eragiten duten sinboloz beterik daudenak. Loza-ikurraren imajina, zuhaitzen enbor-oinetan eta kale-mahaietan ere zinez irudikatzen baita.
Burdinadun zola-ilararen pieza, laukote karratua, mahai gaineko erliebea eta antzinako metaldun loza txikia.