Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…XVI…): Karga-deskargarako aparailu mekaniko berriak

Itsas garraioaren fase eta momentu garrantzizkoa ez ezik, ikusgarri eta klabeenetako bat portura zetozen ontzien karga eta deskargarako lanak izaten ziren. Helburu horretara bidean, itsasontziek urrerapen maniobrak zailtasun edo erraztasun nabarmenagoz, anitz burutu behar izaten zituzten bai itsas portuetan, baita Bilboko meandroetan legez, ibaian behera zeudenetan ere.

Gizaldien barrenetik denbora historikoetan eta aurrekoetan ere, seguruenik orotariko merkantzien etorrera nolabaiteko ohikotasunez egin izango zuten parajeotan. Alabaina, itsas merkataritzaren aurrerakadak, hain zuzen, gertuko nahiz itsasoez bestaldeko lehengaiak mundu ezagunera erruz zabaldu zituenean, era horretako komertzioa zinez ugaldu zela aitortu behar litzateke.

Lehen-lehenik, kostaldeak begiz ikusteari utzi gabeko kabotaiazko nabigazioak, denboraren iraganaren poderioz ozeanoen burmuin uhintsuetan murgildurik, ludi aurkiberriaren ezein puntu estrategikoak loturik utziko zituzten teknika eta tresneria desberdinek ordutik honako arauak eta baldintzak zeharo aldaraziko zituzten. Horretan zeutzan, izan ere, mendebaldeko gizartearen erronkak.

 

Ondare-balioak darizkien arrasto esanguratsuak edonon

Esana eta jakina da Bilbok itsasotik zetozkigun bizpahiru produktu porturatzen zituela, horietako batzuk gerora, hiribildutik errepidez lur-barneko sareetan jarri asmoz. Aitzitik, hemeretzigarren mendearen lehen herenetik hasita inguruko mendien erraietako mineralaren produkzioa egonkortzearekin batera, burdin karga izango zen ontziralekuetako eginkizunik preziatuena, Bilbotik aldendutako latitudeetan transformazio-prozesuek ‘beruna’ ‘urre’ bilakatu zezaten. Horretan, mehatzeen ustiapena sekulako aberastasun-iturri izaten hasi bezain laster, industria-egokitzapen oparoa eta berebizikoa suertatuko zen Bilbo aldean, portu-hiribildu txikia industria-metropoli izateraino, ehun bat urteko ibilbidean.

Tamainako aldaketaren muinean, adierazi bezala, itsaso-garraioak zeresan itzela izango zuen batik bat, itsasadarreko industria-gune boteretsuetan. Mendi gorrixketatik maldan behera zetozen harri-mineral puskak ontzietara erortzeko asmatu ziren, hein-heinean, burdina kargatzeko aparailu-makinatzarrak.

 

Aspaldiko itsas jardueraren aurri bereziak ibaiertzeko industriaren prozesuetan

Mineral-ekoizpenaz gain labe-garaien ziztuak isiotzean, are eta inportanteagoa zen trukearen korronte etengabekoa mantentzea. Harat-honat, altzairua lortzeko sistemen orokortzearekin, horiek teknologiak Bilbon ere ezarri zituzten. Hortxe sortu zitzaigun altzairu-industria handia, modernotasun sakonaren baitako adierazle. Fabrika erraldoi horien metal-goseak burdinazko bizitza goriaren adinako egitura osagarri eta lagungarriak beharrezko zituen, egiazki.

Hortaz, XIX. mendearen azken herenetik XX. menderako bidean, Bilbotik Abrarainoko ibai-kilometroak mineral-kargagailuz bete zitzaizkigun, jadanik marroi bihurturiko ur-azalaren perpendikularrean, erritmikoki, enpresa-korporazio nagusiek instalatu zituztenak; alegia, itsasontzien karga errazteko. Formaz eta egikeraz diferenteak baziren ere, funtzio berdinak konpartitzen zituzten. Bilboko udalerrian bertan existitzen zirenak ere, askotarikoak baitziren.

Ohikotasunez, luzeran hedatzen ziren portu-espazioetako plataforma hauek moilaren pareko estruktura sostengatzailea zuten ibairantz irtendako ‘hankekin’. Bitartean, gaineko ‘besoetara’ burdin bagonetak heltzen diren eten baga, itsasontzien sabeletan deskargatua eta pilatua izan zedin. Urteen joan-etorrian garraio-prozedura honek aurrera egin zuen, zikloa guztiz teknifikatu arteraino.

Industriaren orroak itzalita, arkitekturatxo horietako baten bat bere oinarrizko funtziotik at kontserbatua izan bada ere, gehienak desagertuak edota aurri-moduko aurpegi goibelaz irudikatzen ditugu, ibaiko uretan kasik itoak. Izatez, tipologiaz, koherentziaz, eskalaz zein portuetako altzari-gisa aurkezten dituzten balioak bikainak lirateke. Azpimarragarriak dira, baita, hiri-garapenean pairatu dituzten erronkak eta teknologiazko ekarpenen berrikuntzak. Aspaldiko hiri-espazioak eta hiriko eszena-tokiak okupatzen zituzten mamutzarrok, geruza beltzez ilunduriko arrastoz ailegatu zaizkigu. Oroimen eta kultura-esanahiei sendo eutsirik, paisaia historiko eta, hein baten, kulturalen adierak gureganaino erakartzen dituzten egitura bolumetriko aireztatuak diren neurrian, hutsuneen eta habeen konbinazioz sortuak, ibaiertzeko kaien lerrokaduretan intentsitate nabariko irudi estetikoak probokatzen dituzte. Tipo jakineko ezein estruktura, konposizio eta antolakuntzak gailenduz ingurumariaren singulartasunean.

Olabeaga eta Zorrotzaurreko ibaiertzetan, begirada finduz antzeman ditzakegun aurri hondoratuak, erdi ustelduak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude