Euri jasa gero eta eskasagoek, zein urraturiko paraje galduen lurzoruetan gelditu diren lokatzezko nahiz ezein likido lohidun urmael ilunetan dakusagun isla belztuek, hiriko mekanismo produktiboen arima agortua irudikatzen digute, berori interpretatzen jakinez gero. Haiek mekanismoek sistema metabolikoak osatzen zituzten, burdinadun gibel-gizenak bailiran. Harria biluzik utzi eta metala kendu, garraiatu, pilatu, erre eta eraldatu, ekoitzi, saldu eta berriro ere eraman.
Lehengotik oraingora: aspaldiko hirian itzalitako su-garraren zantzuak
Horiek prozesuok, osoro errepikakor eta egunerokoak izaki, eskualde guztian erroturiko soinu eta irudiak prestuak zituzten –nahita edo nahigabe– jardun ekonomiko konkretuaren ikuspegi eta seinale, bai kostaldeko mendi-magalei, baita itsasoari eta bereziki, itsasadarrari loturiko hiri-estanpa modernoei begira.
Alabaina, modernotasuna iraganeko denbora-tarte ahitua ere badela ezin ukaturik, hiri-berreskurapenaren ahaleginak bitarteko izanik, zirrikituetatik so aitzin-mendeek utzitako nortasun-irudikapenak eta trazak nonahi sumatu eta identifikatu ditzakegu, ohartzea geroz eta nekezagoa den arren. Hiri-espazioen birmoldaketarako esfortzuek, hortaz, aurpegi-garbiketaren itxaropenaz jokatu zuten (dute); aztoratzearen zurrunbiloan beti ezabatzen delako oroimenaren zerbait, memoriaren arrasto biziak sarritan akabatuz. Egunotan, Bilboko ibaian gora eta beherako margenak bizitasun eraberrituaz hornitzen doazela, aspaldiko jantzi zapuztuak ez dira orotan desitxuratu, abandonatze-aroaren osteko indarberritzeak bizitzan eta bizi-esparruetan sano eragin izan badu ere.
Hiria metropoli bihurtzeak baimenduta –honako hau ere modernitateak erakarri baitzuen– zabalgunetik eta ingurumarietatik Abrarako bizkarrezur ureztatuaren ertzetan hedatu zen Bilbo Handiak, delako izen hori 80. hamarkadaren hasieran jadanik baztertu laga baitzuen, ez zuen ordea, bihotz metropolitarra ezbaian jarriko itsasadarraren bi alderdietan fabrikatzarrak arrakalez josiz, pabiloiak apurtuz, industriaren egiturak kenduz eta pareta zaharrak grafiti-lerro uhintsuz zein orban adierazkorrez zirriborratzen zihoazen heinean. Gizaldi laurdenaren bueltan, hantxe baitauzkagu klase ertain profesionalen auzo txukunduak, parke-lorategiak, urbazterreko pasealeku lirainak, hirugarren sektoreari eskainitako negozio-eraikin edo lur emankorrak, hiritarrentzat ekipamendu eta azpiegiturak.
Ikur bertikalak: antzinako paisaien zelatariak
Aitzitik, metal-mendiei, siderometalurgiari eta itsas merkataritza, ontziola nahiz bestelako testigantza-paisaiei lurrak eta toki-espazioak irabazten goazen neurrian, aurri oro zailtasunez menperatzen eta lurperatzen dela erreparatzen dugu, usainak oraindino presente dirauenean, behinik behin. Etxebizitza, lantoki teknologikoak edota ingurugiro apartak jartzeko sastraka garbiketaren laboretik hiri-eremu baliozkoak lortzen dira baina horietan ere, lehenagoko hiriaren testigu, iragan industriaren objektu kontserbatuak ager daitezke, zorionez eta zabaleran, metro karratu gehiegirik okupatzen ez dutenean, bederen.
Hala bada, Begoñako auzune garaiaren magalean zegoen Etxebarria tailerra desagertzearekin batera, aipatu laurogeigarren hamarraldiaren bigarren erditik aurrera garatu zen lehendabiziko esku-hartze urbanoarekin, delako enpresa ezagun horren tximinia zutik mantendu zuten etorkizunean atontzeko zain zeuden berdegunetan. Imajinatu gaitezke, kasik berrogei urteren ondoren zer gertatuko litzatekeen, tximinia berriro ere ketan hasiko balitz? Horixe baita, hain zuzen ere, industriaren ondorengo paisaiaren ikerlari eta artista batek planteatu duen egitasmoa, zoritxarrez bertan behera geratu dena. Bestalde, antzeko paradigma aurkituko dugu duela ehun eta berrogeita hamar urte Bizkaiko lehen siderurgia modernoa finkatu zen ibaiertzean, Boluetako ingurune lauetan. Santa Ana lantegi historikoaren hutsune oparoan zoruak urteetan ezbaian egon eta gero, orri hauetan bertan aurretiaz komentatu genituen etxadiak altxatu dituzte, adreilu gorrizko tximiniak kokagunean ornamentuzko oroimen-mugarria ezarriz.
Modu berean, Miribillako hiri-zabalgunearen testuinguruan txertaturik, Bilbo ondoko mehatzeetako labe koniko zaharberrituak bagoneta bat du aldamenean. Batzuetan sarrera-kargarako ate-leihatilak dituzte beheko partean eta beste kasu ugaritan zementuzko habedun oin-estrukturak, Dolaretxeko adibideak lez. Hauek elementuok, tipologiaz, estiloz eta konposaketaz baliodunak ditugu, erabilgarritasun funtzio zehatzak gorde beharreko eskalan, finkatze-toki eta balizko eraikitze-erritmoan gogor eragiten duela aitortuz. Ehun urte baino gehiago lepo-gain duten arkitekturatxoek, bolumen eta erremate paregabeak erakusten zituzten kanpoaldeak agerian uzten dizkigute. Ordutik honako ibilian, bizitza zikloa jada agortuta, homogeneoki integratuak zeuden tokietan bertan anakronismo gisa heldu zaizkigu; gaur egunen aldiz, zinez aldaturiko zonalde arrotzetan baleude legez, kultur adiera eta esanahia orotatik at ez-lekutuak.
Industria-altzari zutak, bizpahiru zatiko gorputz geometrikoen pilaketaz sortuak eta Enrique Epalzaren biltegia (1913).