Bikaintasunaren krisia

Zorigaiztoko krisiak txikizio ederrak ekarri ditu. Arazo larriak ekarri ditu, bai, eta, bide batez, agerian utzi ditu XXI. menden honen hasieran liberalismoaren eta globalizazioaren hainbat oinarri gaizto. Gogoratu nahi ez duenari memoria labur geratzen zaio beti. Mundializazioak gaitzik zekarkeenik ez ziguten esan. Ekarri du, bai horixe, ekarri duela. Mundializazioak sozializatzen ditu pandemiak eta krisiak, ez, ordea, aberastasuna eta ongi izatea.
Krisiak jo aurretik bikaintasuna eta goren mailako kalitate bila ari ginen. Gaur askok konformatuko lirateke erdipurdiko soldatarekin ordu luzeko lanpostu zital batean. Bikaintasuna eta kalitatea ametsen tiraderan gorde ditugu eta, euren ordez, biziraupena jarri dugu helburu.
Ai, gure politikari sufrituak! Moztu hemendik, ebaki hortik eta murriztu handik! Konbentzitu nahi gaituzte “ongi izatearen” muinari eutsi nahi diotela eta eusteagatik edozein mozketa egiteko prest daude. Lehenengo “ongi” moztu digute eta, ondoren “izate” hori ebaki digute, muinarekin geratu gara. Arazoa da ez dakigula zeren muina den.
Oteiza zaleak bihurtu zaizkigu politikariak derrepentean eta ezereza deskubritu digute. Murrizten dizkigute soldatak, zergak emendatu, lanpostuak ezabatu eta, trukean, ezereza oparitzen digute. Oteizari berari Arantzazuko eskulturaren hutsuneari begira galdetu omen zioten eran: “Hori horrela utziko duzu ezer gabe?” Haserre antzean erantzun omen zien: “Nola ezer gabe? Ez, ez, gabe ez, ezerezarekin!”
Ezerezarekin utzi gaituzte muina gorritan. Politikari batzuei, antza denez, ikastea kostatzen zaie eta ez dira jabetu ezerezaren balioarekin krisia etorri arte. Hau miseria! Justu gure unibertsitateak bikaintasunerako prestaturik genituenean, plaust! krisiak jo eta kalitate-plan guztiak popatik hartzera. Krisia eta kalitate hasiera berekoak dira, k-z, baina lotu ezinak dira.
Guretzat, euskaldunontzat, krisiarekin, kalitatearekin edo bikaintasunarekin gauza bera da: guk gogor lan egin ezean gureak egin du. Biziraupena genuen helburu lehen eta biziraupen berbera daukagu erronka gaur baina, hori bai, lehen bezala orain ere bikaintasunez borrokatuko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude