Udako hasiera honetan zientzia fikziozko eleberri mardul bat leitu dut.
Mardula diot, nobelagintza anglosaxoian ohizko diten totxo horietako
bat delako: 580 orrialde letra txikian. Stephen Baxterrek idatzia, Titan du izenburua. 2004ean kokatzen da akzioaren hasiera: Cassini-Huygens zunda Titan inguruetara iristen ari da, Columbia
transbordadorea Nazioarteko Estazio Espazialetik bueltan dator eta
lehen taikonauta, emakumezkoa bide batez, Lurra orbitatzen ari da.
Fikzioan, Cassini-Huygensek helburua primeran bete egiten du, taikonauta bizirik itzultzen da Lurrera, baina Columbia
susko bola bihurtzen da lurreratzean. Errealitatean, lehena 2004ko
abenduan gertatu zen, taikonautak 2003ko urrian espazioratu ziren lehen
aldiz Shenzhou III ontzian eta Columbia
suzko bola bihurtu zen atmosferan 2003ko otsailaren 1ean. Eta?
pentsatuko du irakurleak honaino iritsia. Ba,… eleberria 1996n idatzita
dagoela.
Igarlea al da idazlea?
Ez printzipioz, logika baten
barruan kokatzen baita eleberrian desbribatutakoa. Baxterrek,
narrazioan erakusten duenez, oso ondo ezagutzen ditu
espazio-esplorazioa eta -teknologia, beraz, Cassini-Huygensen eta Txinaren balentria aurreikustea horren ondorioa da. Columbiaren
hondamendia aurreikusteko, nahikoa izan daitezke jakintza hori eta
zorte apur bat hondamendiren bat jasan zezakeen hurrengo
transbordadorea zein izan zitekeen asmatzeko.
Kezkagarriagoa da,
ordean, Baxterrek egin zuen beste igarkizun bat. Izan ere, geopolitikan
espazio-teknologian bezain jantzia baldin badago… Etxe Zurira Texasko
politikari kristau fundamentalista eta antizientifiko bat iritsiko dela
esaten du eta zer da, baina, George Bush? Urtea ez du asmatu, 2004an
kokatzen baitu gertakaria. Dena dela Bushen sosia horren politika
olkarkorrak, badu AEBetako presidentearenarekin antza eta jardun horren
ondodorenak eleberrian deskribatzen direnak fortunatzen badira, ez duzu
irakurle pentsio-planarekin, pisuaren hipotekarekin edo etorkizunarekin
arduratu behar. Onen onenean, negu nuklearrari aurre egiteko
prestaketak egiten hasi.