Nire beste blogean ( Nire seiko urrea ) urtebetez aritu naiz Euskaldunon Egunkaria n astero astero argitaratu nituen zutabeak eskegitzen, nolabait, Del Olmo epaileak itxitakoaren zati bat sarean, denon esku, jartzeko. Bukatu nuen hori eta kezka sortu zitzaidan, Egunkaria n bertan, itxi arte Izarren Hautsa zutabean idatzi nituenekin zer egin nezakeen. Aukera bat blog berria zabaltzea zen. Hirugarren bloga? Gehiegi! Nire seiko urrea ri artikulu horiekin jarraipena ematea izan zitekeen beste bat. Batasuna apurtzea zela iruditzen zitzaidan. Atzenik, izen bereko blog honetan kokatzea deliberatu dut, toki koherentena delakoan, izenak aparte, mamia ere konpartitzen dutelako. Hona lehena.
Espazioaren esplorazioan istripuak edo porrotak gertatzen direnean ohizkoa da jardun horren arrazoia eta zentzuna kolokan jartzea. Gure herriko egunkari batek, Mars Polar Lander galdu eta gero Marteren esplorazioan horrelako dirutza usatzea zilegi ote den galdetu berri du; munduko gosea eta miseria aitzakia, jakina.
Neronek, egia esan, zalantza-izpirik ez dut. Espazioaren esplorazioan usatutako dirua ondo inbertuta dago oro har. Utz dezagun ezagutza alde batera! Espazioan sateliteak, zundak, estazioak, laborategiak edo transbordadoreak jarri izanak ez du soil-soilik giza ezagutza izugarri handitu, gure egunereko bizitza zeharo aldatu du.
Teknologia espazialaren bilakaerak sekulako eragina izan du gizartearen egunerokotasunean. Komunikazio-sateliteek txikiagoa egin dute mundua: urrutikoa auzo bilakatu zaigu. Eguraldi iragarpena ez genuke Meteosat en irudirik gabe konprenituko. Amazonasko desforestazioa ezin izango genuke teledetekzio-sateliterik gabe monitorizatu. Belauneko protesien zeramikak ameskeria izango lirateke. Zartaginetan arraultzak itsatiko lirateke eta ezingo genituzke velcroz tenisak lotu.
Espazio-esplorazioan erabiltako dirutzari buruz dudatzea izan daiteke zilegi, hala ere. 1992ko Mars Observer zundaren porrotaren ostean, NASAtik bultzatutako txikiago, merkeago eta azkarrago
politika merke-zuhurrean ez ote den jausi aztertu beharko litzateke. Voyager moduko garai bateko espazio-esplorazioa ezin da planteatu. Karta batean 1.000 milioi dolar jokatzea arrisku lar hartzea da eta ez ekonomikoa bakarrik. Horrelako misio baten porrotak zientzialari-balaunaldi bat zeri heldu gabe uzten du. Hala ere, Mars Polar Landere n 165 milioi dolar gutxiegi izan daitezke espaziora tresna bat arrakastaz bidaltzeko behar den segurtasun eta kalitate minimoa bermatzeko.
Edonola ere, Mars Polar Lander en kostua hainbat futbolarien deuseste-klausularen zifra baino txikiagoa da eta zeinek sortzen ditu aberastasun eta onura gehiago?