Egitasmo hauek guztiak aurrera eramateko, lankidetza estuan jardun dute Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioak, Hezkuntza eta Informazio Zerbitzuak eta eskualdeetako hezkuntzako 16 ordezkaritzak, ministerioaren koordinaziopean.
IKTen azpiegitura ikastetxeetan ezartzearen helburua hezkuntzan berdintasuna sustatzea zen, osin digitala saihesteko. Eskolak Aitzinatzeko Egitasmoaren bidez sare lokalak instalatu zituzten ikastetxeetan, Internet bidezko multimedia laborategiak jarri zituzten, gelak ordenagailuz eta gainerako tresnaz hornitu zituzten eta laguntza-sistema bat ezarri zuten.
1990eko hamarkadaren erditik aurrera ari izan dira IKTak eskola-curriculumetan txertatzeko ahaleginean. Egitasmo bereziak bultzatu dituzte, hezkuntzarako material osagarria sortzeko, ikasliburu digitalak garatzeko softwaregintzarako eta horrela.
1980ko hamarkadaren bukaeran hasi ziren irakasleak IKTetan trebatzen. Lehenbiziko planetik hirugarrenerako bidean, irakasleen trebakuntza-saioon planteamendua aldatuz joan da: hasieran irakasleak informatikarekin ohitzea bilatzen zuten eta denbora joan ahala informatika curriculumean integratzeari garrantzi handiagoa eman diote.
Informazio-zerbitzuaren sistemak hiru atal ditu: irakaskuntzakoa, administraziokoa eta etxetik ikastekoa. Irakaskuntzakoak maila bakoitzerako multimedia edukiak, ikasgai-planak eta ebaluazio-tresnak sortu ditu, administraziokoaren xede nagusiak, alde batetik, datu estatistikoak kudeatzea izan da, eta, bestetik, pertsonaleko, finantzetako eta gainerako antolaketa-arazoak kudeatzea.
Etxean ikasteko sistemak edukiak eta tutoretza pertsonalizatua eskaintzen ditu.
Gero eta gehiago erabiltzen direnez e-learning sistemak, estandarizazio-, berrerabilera- ,bateragarritasun-arazoei eta kalitatea bermatzeko neurriei garantzi handia ematen diete.
Jagoletza- eta ebaluazio-sistemak funtsezkoak dira ekintzen egoera zein den diagnostikatzeko, emaitzak ebaluatzeko eta etorkizuneko ekintzak planifikatzeko.
Atzerriko harremanak ere zaintzen dituzte. Esate baterako, urtero hango sistemak ezagutu nahi dituzten gutxienez 50 herrialdetako bisitariak izaten dituzte.
Eredugarriak gertatzen ari dira, beraz, Koreako Errepublikan IKTak hezkuntzan txertatzeko garatzen ari diren programak eta ekintzak.