Amazon-ek 122 liburu argitaratuko ditu aurtengo udazkenean, hainbat generotakoak, bai paperean eta baita e-book formatuan ere. Amazonek, bere hornitzaile nagusiak diren New Yorkeko argitaletxeekin zuzeneko lehian, ezarriko duena txikizkako saltzaileen argitalpen-programa hasi berriaren bizkortze harrigarria izango da.
Argitalpen-arloan eskarmentu handia duen Laurence Kirshbaum-ek zuzendutako lerro nagusi bat jarri du, bere markaren pean fikziozko eta ez-fikziozko tituluak kaleratzeko. Lehenbiziko kontratua autolaguntzako tituluen egile Tim Ferriss-ekin sinatu du. Joan zen astean Penny Marshall aktore eta zuzendariaren oroitzapenak 800.000 dolarren truke iragarri zituela esan zuen kontratua gertutik ezagutzen duen pertsona batek.
Argitaletxeek diote Amazon erasokor ari dela bere goi-mailako autoreak tentatzen. Eta konpainia azpia jaten ari zaie argitaletxe, kritikari eta agenteei eskaini ohi zizkien zerbitzuei. Zenbait argitaletxe handik ez du azalpenik egin nahi izan Amazonen ahaleginez.
“Argitaletxeak izututa daude eta ez dakite zer egin” esan zuen pentsatzen duena esaten duelako ezaguna den Melville Houseko Dennis Loy Johnson-ek. “Mundu guztia beldurrez dabil Amazonekin” zioen, aspaldidanik agente-lanetan dabilen eta e-book argitaratzailea den, Richard Curtis-ek. “Liburu-denda bazara, Amazon zurekin lehian ari da aspalditxotik. Argitaletxea bazara, egun batean esnatuko zara eta Amazon zurekin lehian arituko da. Eta agentea bazara, Amazon ogia kentzen ariko zaizu, autoreei zuzenean argitaratzeko eta zu paretik kentzeko aukera ematen ari baitzaie. “Estrategia zaharra da hori: zatitu eta irabazi,” zioen Curtis jaunak.
Amazonen exekutiboek, egoitza nagusian elkarrizketatu dituztenean, ez dute esan nahi izan zenbat editore enplegatzen dituen konpainiak edo zenbat liburu dituzten kontratupean. Baina garrantzia kendu zioten Amazonen botereari […]
Zehaztu zuen, ordea, panorama nola edo hala aldatzen ari dela lehenbizikoz, Gutenberg-ek liburu modernoa ia duela 600 urte asmatu zuenez geroztik. “Argitaratze-prozesuan gaur egun benetan beharrezkoak diren pertsonak idazlea eta irakurlea dira”, esan zuen. “Bi horien artean dauden guztiek arriskua eta abagunea dute aldi berean.”
Amazon autore guztiei, argitaratzen dituenei eta ez dituenei, hain gutiziatuak diren Nielsen BookScan-en salmenta-datuak ematen hasi da. Agentzia horrek merkatu bakoitzean, hala nola Milwaukee-n edo New Orleans-en zenbat liburu fisiko saltzen ari diren erregistratzen du. Liburu-jiratan soilik izan ohi zen autoreen eta beren zaleen arteko banan-banako komunikazioari hasiera ematen ari zaio Amazon. Nobela historiko aleman ilun bat bestseller bihurtu zuen, erreseinagile profesional bakar batek ere ebaluatu gabe.
Amazonek joan zen hilean liburuetarako eta Amazonek saltzen dituen beste eduki batzuetarako Kindle Fire tableta kaleratu zuenean, argitaletxeak hasi ziren ikusten, zereginik izango ez dutelakoan, beldurra ematen dien etorkizuna. Konpainiaren buru exekutibo Jeffrey P. Bezos-ek, behin eta berriz esan zuen Kindle “ekoizlea eta kontsumitzailea zuzenean lotzen dituen zerbitzua” dela ”produktua garatzen, sustatzen eta hornitzen duen mundu bat ezerezetik ateratzen duena.”
Kalteturiko argitaletxeak –Amazon haien negozioetan sartzearekin– nola dauden ohartzeko, har dezagun Kiana Davenport hawaiitar idazlearen kasua. Idazle horren karrera bat-batean pikutara joan zen iragan hilean. 2010ean Davenport andreak kontratu bat sinatu zuen Penguin-en Riverhead Books argitaletxearekin, bere “The Chinese Soldier’s Daughter” Gerra Zibileko maitasun-istorioa argitaratzeako. Andre horrek 20.000 dolar jaso zituen aurrerakin gisa, hurrego udan plazaratzekoa zen liburu horrengatik. Idazleei egunotan behin eta berriz mezu bat igortzen bazaie hauxe da: mugi zaitezte. Beraz Davenport-ek atera zituen apaletik duela 20 urte idatzi zituen sarituriko zenbait istorio labur eta e-book batean paketatu zituen. Eduki hori Amazonen eskura daiteke “Cannibal Nights,” titulupean. Penguin ohartu zenean, “balistiko” bihurtu zen, Davenportek bere blogean idatzi zuen bezala, berarekin lehian ez jarduteko promesaz sinatu zuen kontratua urratzeaz autorea salatuz. “Cannibal Nights” salmentatik kentzea eta hari buruzko aipamen guztiak Internetetik desagerraraztea nahi zuen. Davenport-ek ezezkoa eman zion, beraz Penguin-ek bertan behera utzi zuen haren nobela eta auzitara eraman du aurrerakina berreskuratzeko asmoz.
“Eskarmentu bat ematen saiatzen ari dira: zeure kontura argitaratzen baduzu eta Amazonen bidez banatzen baduzu, zure arriskupean egingo duzu” zioen Jan Constantine, Davenport-en abokatuak. Idazleak badaki zer oker egin duen: “Arerioarekin lo egitea.” Penguin-ek ez zuen iruzkinik egin nahi izan.