Iturria: PublishingPerspectives
Prezio finkoaren sistema ona da liburu-denda fisikoentzat eta, beraz, baita denda horietan beren liburuak dauzkaten argitaletxeentzat ere. Baina zer gertatzen da beste profil batzuk dituzten argitaletxeekin?
Utz Verlag editorialak batez ere zientzia-liburuak argitaratzen ditu — doktorego-tesiak, txostenak, sekula liburu-denda tipiko batean jartzen ez dituenak. Herbert Utz argitaratzaileak dio prezio finkoek kalte egiten diotela bere negozioari — eta bere negozioaren parte bat atzerrira mugitzea pentsatzen ari dela, sistema hori saihesteko.
Utz-en kritika guztiz ulertzeko, Verzeichnis lieferbarer Bücher (VLB, Liburu eskuragarrien katalogoa) ere ezagutu behar da. Alemaniako merkatuan aurkitzen diren liburu inprimatuen zerrendarik osatuena da katalogo hori. Joan zen ekainaren bukaeran, Alemaniako argitaletxeen eta liburu-denden elkartearen batzar nagusiak VLB gomendatu zuen liburuen prezioen erreferentzia ofizial gisa. Lehen argitaletxeek espresuki esan behar zuten, han zerrendaturiko prezioak balio zutenak zirela, eta horrek bere garrantzia du, zeren eta Alemanian arazoak izan ditzakezu legearen aurrean, liburua ez baduzu prezio ofizialean saltzen. Beraz, liburuak VLBn erregistratzea beharrezkoa ez zenetik, haren itzala asko areagotu da
Utz jauna luzaro kritikoa izan da prezio finkoarekiko eta VLBrekiko. (2002an parte hartzea derrigorrezko bihurtu zen arte, Utz argitaletxea ez zen sartu prezio finkoan). Utz Verlag-ek titulu espezializatuen katalogo handia du eta, inprimaturik badaude ere, titulu horien ale asko ez dituzte saltzen. Liburu bat VLBn erregistratzea dirua kostatzen da, eta Utz-ek dio haiek nahi dituztenek aurki ditzaketela sarean — eta bidal ditzakeela Google Book Search-era doan.
Horregatik, erregistratzeko prezioak igo zituztenean 2007an, liburuak VLBtik kentzen hasi zen eta dio “ez zuela ikusi inolako korrelaziorik” salmentetan. Gaur egun asko saltzen dituen tituluak soilik mantentzen ditu zerrendan. Argi dago zergatik izan litekeen hori kezkagarria VLB prezioen erreferentzia unibertsala sustatzea interesatzen zaienentzat. Utz bera kezkaturik dago VLBn erregistratzea derrigorrezkoa egiteko saio bat izan daitekeelako. Egoera konplikatzen dute Argitaletxeen eta liburu-denden elkartearentzat VLB diru-iturri bat izateak eta VLBren kuotak Libreka! liburu digitalen plataforma sostengua izateak.