Horren ondorioz gure kaleetan ez dago ia disko-dendarik. Liburuaren industriari ere ez ote zaio gauza bera gertatuko? Zer egin daiteke arrisku hori saihesteko? Konparatzeko modukoak al dira bi sektoreok?
Internetetik ordaindu gabeko deskarga bidez soilik lor zezaketena, gero eta gehiago legalki eros dezakete musika maite dutenek.
Liburu digitala bizkor ari da hazten. Lehenbizi AEBn hazi zen eta orain Europan ari da hazten
Buruhauste handiak ditu liburuaren industriak ibilbide horretan: produktua DRMz babestu ala ez, katalogoko tituluak nola digitalizatu, zer prezio ezarri bertsio digitalari, pirateriari nola erantzun, nola eutsi errentagarritasunari diru-sarrerak gutxitzen badira, musikarekin geratatu zena nola saihestu.
Segurua dena da ez dagoela digitalizazioa geraraziko duenik eta gero eta jende gehiagok kontsumitzen dituela eduki digitalak.
Musikaren kasuak eta liburuarenak badituzte antzeko ezaugarri batzuk.
Bi merkatuok badituzte desberdintasunak ere
Bien arteko desberdintasun nagusia kontsumitzeko era dateke. Abesti bat behin eta berriz entzuten da, liburu bat, aldiz, gehienetan behin bakarrik irakurtzen da. Beste desberdintasun bat: liburuak, edozein dela ere formatua, euskarri fisikoa eskuetan izatea eskatzen du. Horretan euskarri digitalak ez du hainbesteko abantaila paperezkoarekiko.
Digitalizazioak musika liburua baino lehenago harrapatu zuen, baina Internet orduan orain baino motelagoa zen eta jende gutxiagok erabiltzen zuen. Digitalizazioa liburura iritsi denean banda zabaleko Internet jende askok du. Musikak denbora gehiago izan du erreakzionatzeko liburuak baino, beste kontu bat da ea garaiz erreakzionatu zuen hark eta nola erreakzionatuko duen honek.
Digitalizazioak eragindako astinduari erantzuteko, bi industriek bestelako diru-sarrerak bilatzeko modu desberdinak jarri dituzte abian: musikariek kontzertuetara jo dute, musikari ospetsuek behintzat, baina idazleak nekez balia daitezke zuzeneko ekitaldiez.
Desberdinak dira, orobat, kasu bietan diru-sarrerak sortzean bitartekari-lana egiten dutenak. Musika-arloan disko-etxeak jokoz kanpo gelditzen ari dira, euskarri fisikoak gero eta gutxiago saltzen direlako, eta ekitaldi-antolatzaileak doaz gorantz. Horregatik, musikariek sinatzen dituzten kontratuetan balioa sor dezaketen jarduera asko sartzen dira: eskubideak, marchandising-a, iragarkietako musika, telebista-programak, jokoak, etab.
Gure artean, AEBn ez bezala, paperezko liburuak prezio finkoa du legez; argitaletxeak publikoarentzako jartzen duen salmenta-prezioa. Musikan, berriz, saltzaileak prezioaz baliatzen dira lehiatzeko. Liburu digitalen kasuan ere prezioa ez da finkoa, nahiz eta saltzaileak elkarri begira ibiltzen diren, prezioetan beherantz ez saihesteko. Izan ere, kontsumitzaileek pentsatzen dute ebookak paperezkoak baino merkeagoak izan behar dutela, baina saltzaileek ez dute galdu nahi.
AEBn, merkatua beste heldutasun batera iritsi baita, ebooken salmenta handitzeak hasieran saltzaileek zuten diru-sarreren beherakadari goranzko joera ekarri dio.
Badago beste kontu bat ahantzi ezinezkoa: ingelesezko edukiak argitaratzen dituztenei digitalizazioak merkatua izugarri handitu die; mundu osoan dago jendea ingelesezko edukiak kontsumitzeko prest, eta garai batean bidalketa-gastuek ezartzen zuten hesia eraitsita dago orain. Fenomeno horrek mesede egingo die, esate baterako, espainierazko edukiak saltzen dituztenei, baina euskarazko, estonierazko eta hedadura txikia duten hizkuntzetako produktuak ezin izango dute aprobetxatu. Horren ondorioz, agian, saltokiak hainbat hizkuntzatako produktuak salduz handitu nahi izango dituzte diru-sarrerak.
Produktuen sustapenaren ikuspegitik musikak badu tresna indartsu bat liburuak ez duena: irratia, dela uhinen bidezkoa, dela Internet bidezkoa.
Azkenik, liburua eta musika beti elkarren lehiakide izan badira ere, kontsumitzailearen erosteko ahalmena hainbesterainokoxea delako eta produktu batean gastatzen duena ez duelako bestean gastatuko, orain lehia hori areagotu egingo da, liburua eta musika tresna beraren bidez jaso daitekeelako. Lehen disko-dendara edo liburu-dendaren musika-sailera berariaz joan behar zuen kontsumitzaileak musika erostera. Orain, berriz, leku berean eta aldi berean eskainiko dizkiote bi aukerak. Une horretan bulkadazko erosketa egitera joko du kontsumitzaileak. Musika entzun daiteke beste gauza bat egiten duzun bitartean, baina irakurtzeak horretara jartzea eskatzen du.
Oraindik ikusteko dago liburuaren industriaren bilakaerak zer ondorio izango dituen, baina ez dira txikiak izango.