Ikerkuntzan ikusteko betaurrekoak jantzi behar dira. Are gehiago, gardentasunaren ikerkuntzan.
Sistema krisi honetan erakunde politikoak herriaren begiradapean geratu dira. Egoera zail honen aurrean gardentasunaren eskaera argi eta ozen plazaratu da. Gobernuak eta politikariek zer egiten duten ezagutzeko herritarren eskubidea bermatzea eta informazio publikoaren zabalkundea sartu da agenda politikoan. Gardentasun keinuak eta zinak arrunt bilakatu dira, baina gardentasunaren aldeko benetako lana poliki doa, zangotrabatzen ez dutenean.
Iragarkiak, propaganda eta ekintzak bereizteko asmoz hainbat erakundek gardentasuna neurtzeko txostenak eta aurkibideak prestatzen dituzte.
Erakunde hauen artean Fundación Compromiso y Transparencia delakoa dago. Besteak beste, “Examen de transparencia: Informe de transparencia en la web de las Universidades Públicas Españolas” / Esther Barrio eta Javier Martín Cavanna eta “Transparencia, el mejor eslogan 2012: Informe de transparencia en la web de los partidos y fundaciones políticas” / Esther Barrio, Javier Martín Cavanna eta Beatriz C. Martisi argitaratu ditu Madrileko Gobernuz Kanpoko Erakunde honek.
Bi txosten hauetan, irizpideen artean ulergarritasuna dago. Ez dirudi irizpide txarra. Baina, beldurrik gabe, ulergarritasuna espainoltasunaren parekoa da, beraientzat. Izan ere, erdaraz, gazteleraz zehazki, idatzita argitaratu behar duzu informazioa gardena izateko. To eta no!
Espainiar hauentzat Suediak bere prentsa askatasunaren legea atera zuenean, zer edo zer ezkutatu nahi izan zuen offentlighetsprincipen bezalako izen barbaroaren atzean. Barack Obamaren “gardentasuna eta gobernu irekia” memorandum ospetsua, Espainiako inperialista hauentzat, korridore ilunetan Shakespeareren hizkuntzan ostendu nahi izan zuten agindu misteriotsua besterik ez zen izan.
Horrelako akats metodologikoei esker, FAES bezalako erakunde ultranazionalista espainiarrak indizearen goiko postuetan geratu dira. Baina, orain hauteskunde europarrak gerturatzen ari direnean, zein izango zen beren kokapena balizko alderdi eta fundazio politiko europarren web gardentasun txosten batean? Zein izango zen ulergarritasunaren hizkuntza? Frantsesa? Ingelesa? Gaztelera? Eta horren arabera, non utziko dugu txostenaren egonkortasuna. Utikan!