Zer da gobernu irekia?

Gobernu Irekia eskubide zibilen aldeko mugimendua da, zentzu batean. Gobernu Irekiarena ez da hain mugimendu berria. Mugimendu zibil honen jatorria Suediako 1766ko prentsa-askatasunaren legean dago. Bi mende geroago Amerikako Estatu Batuetan beste bultzada bat eman zioten, 1966ko informazioaren askatasunaren legearekin (Freedom of Information Act). Lege honen arabera edozein estatu batuarrek informazio zehatza eska diezaioke gobernuari. Ideia hauen inguruan 70. hamarkadan Erresuma Batuan gobernua aldatzeko saiakerak egin ziren. Gurean Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen Irekia izan zen aintzindaria.

Mugimenduaren helburuak honoko hauek dira:

  • Gobernatzeko modua hobetu
  • Administrazioa modernizatu

Halaber, eta ez dira bigarren mailako helburu makalak, ustelkeria murriztu eta administrazioaren eraginkortasuna areagotu nahi dugu.

Horretarako hiru printzipio ditugu oinarri:

  • Gardentasuna: edozein herritarrak eska diezaioke informazioa gobernuari, eta honek informazioa argitaratzeak lehenesten du.
  • Partaidetza: herritarrek parte hartzen dute gobernuaren erabakietan, eta gobernuak beraien esku hartzea sustatzen du.
  • Lankidetza: gobernuak, bere helburuak lortzeko herritarrekin, enpresekin eta beste administrazioekin elkarlanean jarduten du.

Printzipio hauei jarrera batzuk gehitzen dizkiogu. Entzuketa aktiboa eta hiritarrenganako sentiberatasuna, besteak beste.

Azken batean herriak eskatzen duen bezala demokrazia bera aldatu nahi dugu. Demokrazia Atenasen K. a. 508an sortu zenean edozein hiritarrek bazeukan herriko plazan bere iritzia ematea. Estatu modernoetan alderdi sistema eta hauteskundeak asmatu ziren, baina ez digute iadanik balio. Orain IKT ditugu lagun demokrazia berreskuratzeko bidai honetan. Parte hartu nahi?

Horren inguruan Donezteben Nafarroako Gobernu Irekiaren Bide-orria aurkeztuko zen.

Iñaki Agirre