Euskal unibertsitateei buruzko mezuak gaika
Ahaztu samar genuen ildoari jarraituz, euskal unibertsitateen irudiari beste bistarazo bat emango diogu gaur. Zertaz hitz egiten den, elkarrizketa zertaz den begiratuko dugu. Horretarako, gizarte-sare bakar batean jarriko dugu arreta, twitter ospetsuan, eta topsy zundaketa tresna bezala hartuta, mintzagaiak aztertuko ditugu.
Unibertsitatearen eginkizuna irakaskuntzan eta ikerketan datza, batik bat. Esparru hauek sostengatzeko kudeaketa prozesuak dauzkagu. Eta azken hamarkadetan unibertsitate-hedapenaren aterkinaren azpian sartzen diren bestelako jarduerek garrantzi handiagoa hartu dute. Espainiako Unibertsitateen Lege Organikoaren 14. tituluarekin bultzatu nahi den kirola, zientzia eta jakintzaren zabalkundea, musikaldi eta jaialdiak, edo eta elkartasuna eta giza-eskubideen defentsa sartzen dira esparru honetan.
Sarearen mintzoa entzuten badugu, unibertsitate-hedapenak hartzen duen lekuaz jabetuko gara. Izan ere, horrelako jarduerak mikroblogetako aipuen gehiengoa dira. Berezko edo jatorrizko jardueren artean, ikerketak irakaskuntza aurreratzen du. Honek, zalantzarik gabe, sareko mintzoak unibertsitateetatik bertatik gidatuta dagoela erakusten du, beraien barneko ikuspuntua baita. Unibertsitateetan ikerketa aintzat hartu ohi da, irakaskuntzaren gainetik. Laugarren lekuan kudeaketa bera dago.
Unibertsitate-hedapenean zentratzen bagara, elkartasunak eta giza-eskubideen defentsak mezuen erdia hartzen dutela ikusiko dugu. Agian Ameriketan gertatu diren hondamendiek bultzatuta, unibertsitate katolikoak nahiko mintzatu dira horretaz. Gero, zientzia eta kulturaren zabalkundeaz mintzatu da. Piska bat gutxiago, musikaldi eta jaialdietaz. Eta agertu ez dena, gure harridurarako, kirola izan da.