Euskal unibertsitateak gizarte-sareetan (1)

Euskal unibertsitateak gizarte-sareetan

Online ospea/aipua eta web 2.0a

Laura Pascual Cantabrana, Iñaki Agirre Pérez

Sarrera

Artikulu sorta honetan Euskal Herriko unibertsitateen
online ospea aztertu nahi dugu. Unibertsitate hauek berandu iritsi
dira gizarte-sareetara. Alta, unibertsitate gazte hauentzat ospea
eta izen ona lortzeko aukera irekita dago. Azken hilabeteetan kokapen
eta mugimendu berri estrategikoki interesgarriak somatu ditugu, eta
txosten labur bat prestatzea deliberatu dugu. Gure helburua
komunikazio estrategia hauek ebaluatzea eta erkatzea izan da, unibertsitate bat hautatzear dagoen ikaslegaiaren ikuspuntutik.

EuskalUnibertsitateenLogoak

Txostenaren lan eremua Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute.

Online gizarte-sareek gizartean merkatu-penetrazio handia lortu dute, batik bat erdiko eta goiko klaseetako gazteen artean. Izan ere, hauexek dira unibertsitate-ikasketak hasteko aldekoenak.

Espainian, adibidez, Tuentik Googlek baino %35 trafiko gehiago eramaten du. Eta datuak bildu genituen hilabetean Facebookek 584 mila erabiltzaile
gehiago lortu zituen Espainian bakarrik, hau da, %6,7ko igoera.

Internauten kopuruei dagokienean, Espainiako biztanleriaren %72ak erabiltzen du internet, munduko 6. sartze-maila (Internet World Stats 2009/08).

Ingelesez esaten duten bezala, fish
where the fish are
, edo Willie Sutton banketxe-lapurrak zioen legez, go where the money is… and go there often.

Xperience Consultingek idatzi eta Universian
argitaratutako txostenaren arabera, unibertsitate ikaslegaietako %69ak karrera hautatzerakoan Interneten bilatzen du informazioa.
Erabaki hau hartzerakoan eragile nagusiak programen aniztasuna (1.a), salneurria (2.a), unibertsitatearen ospea (3.a) eta bekak eta laguntzak (4.a) dira.

Web orrietan gehien bilatzen duten informazioak honako hauek dira: titulazioak, onarpen irizpideak eta programen salneurriak. Bai eta bestelako informazio akademikoa, egoitzei buruzkoa edo bekei buruzkoa ere errazago aurkituko nahi lituzkete.
Izan ere, ikasketa-planei, onarpen-baldintzei, irteera profesionalei eta abarrei buruzko informazioaren banaketa gogoz eskertzen dute
gazteek.

Ikerlan honen jopuntua
gizarte-sareak izan dira, unibertsitateen ospean bolo-bolo ahoz aho dabilen iritzia giltzarria delakoan gaudelako. Gizarte-sareetan ikaslegaiek unibertsitateen kalitateari buruzko lehen eskuko informazioa lortzea daukate, eta informazio hau beraien erabakiaren eragilerik nagusienetakoa da.

Bigarren helburuz,
unibertsitateen marka irudia aztertzen dugu, Paul J. J. Payackek
dioen bezala, “ikaslegaiek, ikasle-ohiek eta enpresaburuek […]
tituludunak eskolaren ezaugarriak bereganatzen dituela uste
dute”lako.

Azkenik, unibertsitate
bakoitzak komunitatearekin lotzeko zer hizkuntza erabiltzen duen ere
aztertuko dugu.

Beste ikerlan batzuk

Guk dakigunez, gaur arte ez da
Espainiar Estatuan ez eta Europan argitaratu unibertsitateen online ospearik buruzko ikerlanik.

AEBetan Texasko Global Language
Monitor-rek interneteko zein prentsako hedabideetako agerpenen arabera unibertsitateak sailkatzen ditu.

CSICek munduko unibertsitateen
sailkapena burutzen du web argitalpenen arabera, webometrics
izenekoa. Sailkapen honetan web orrien kopurua, estekak, fitxategi
motak eta Google Scholar-reko emaitzak hartzen dira aintzat. 4icu.org erakundeak ere antzeko sailkapena mantentzen du.

Beste unibertsitate sailkapen batzuk,
QS-THES edo ARWU kasu, ospea aztertzen dute, baina inkesta
pertsonalen bitartez (QS-THES) edo Nobel bezalako bikaintasun agirien
bitartez (ARWU).

Hurrengo artikuluan web 1.0 eta blogosferako kokapena aztertuko dugu.