Unibertsitate ekimen pribatuak eta publikoak

Eskolarako txekearen aldeko webgunean unibertsitate pribatuen aldeko laudorioa idatzi dute. Izan ere, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa erkatzen ditu egileak,  eta bere aburuz zergadun nafarrek urtero NUri ematen dioten dirua hutsa da, eta NUPen kostua gehiegizkoa. Iritziaren jatorria eta beharra Diario de Navarrako artikulu honetan (4. orrialdean) datza, non, nahiz eta zenbakien lerrokadurarekin jolastu, argi dagerren NUP zortzi-hamar aldiz merkeagoa dela.

Egia da NUPeko edo edozein unibertsitate publikotako matrikula-saria kostuaren zati bat besterik ez duela estaltzen. %20 inguru. Baina inork gutxi sinisten du Opuseko unibertsitatea ere matrikulatik bakarrik bizi dela. Alde batetik, Nafarroako Gobernuak ordaintzen dituen ikaste-beketatik zati haundia NUra joaten da, eta laguntza hauek gabe ez zuten horrenbeste kobratuko, seguraski. Ikerkuntzarako ere diru mordoxka ematen dio, eta onkologia ikertzeko hitzarmenaren bitartez, adibidez, eraiki dute CIMA ikergunea. Klinika Unibertsitariari ere dirua ematen dio urtero, nafar gaixoak zaintzeagatik. Baina CUNek ez dio dirua itzultzen bere gaixoak Nafarroako Ospitalera pasa behar duenean, ez eta gutxiago ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuak NUk aurkezten duen edozein ekimenarentzat dirua ematen du, bere irratiarentzat gaur edo Beaumont Fundazioarentzat bihar (EB-ren eta NaBai-ren haserrerako). Azpiegituretan ere, campuseko lurra debalde uzten dio. Interneterako sarrera hitzarmen baten bitartez ordaindu nahi zion. Eta horrelako bideetatik, nafar zergadunek ordaintzen dugu Nafarroako Unibertsitateko zati bat, bai alajaina.

Egileak NUPeko efizientzia neurtzeko aurrekontua zati ikasle-kopurua erabiltzen du. Adierazle hobeak ezagutzen ditut, baina balekoa da. Baina gero NUko lehen urteko matrikularekin erkatzen du, eta horrek ez du balio. Konpara ditzagun NUko aurrekontua eta ikasle-kopuruarekin, eta orduan ikusiko dugu nor dabilen finago, ekimen pribatua edo publikoa.

Erdaraz.

Iñaki Agirre Pérez