Zerk egin gaitu gizaki?

2001ko monolitoak aparte, gehienontzat gure arbasoak nola bihurtu ziren gizaki funtsezko galdera da. Galdera horren atzean gizakiok eta animaliak ezberdinak gareneko ustea datza, eta batzuentzat aurre-iritzi eztabaidagarri samarra da. Baina hori beste kontu bat da. Noan harira, urteetan (Darwinen bidaiak baino lehenagotik ere) okela jateak gizaki bihurtu gintuela uste izan da. Azken finean, tximuek eta gorilek, gure lehengusu txikiek, ia igalia besterik ez dute jaten.

Edge erakundeak zientzilari askori galdetu die iritziz zertan eta zergatik aldatu duten, eta Richard Wrangham Harvardeko irakasleak gizatasunaren uste hura okerra dela azaldu digu.

Bere iritziz, okela jateko ohitura goizegi azaldu zen. Antza, Australopithecus habilisek (= Homo habilis) ere bazuen nahiko haragi elikaduran, eta ez bide zen gizakia. Ikerlarien datuen arabera, Afrikan pizti beldurgarri asko ibiltzen zirenean Homo erectus gizakiak lurrean egiten zuen lo, sua menderatzeari esker seguraski. Baina gizaki bihurtu zuena ez zen loa, sukaldaritza baizik. Sukaldatutako janariak energia gehiago ematen du, eta lixeriketa azkartzen du. Horren ondorioz, asti gehiago eta aurpegi gizakiago izan zuten gure arbasoek.

Eman diezaogun sukaldaritzari merezi duen garrantzia, gero. On egin.

Iñaki Agirre Pérez