e-Catalunya eta giza-sarea

JT RedIRIS 2006 biltzarrean nago, Granada hirian. Hona bildu dira Espainiako unibertsitateen zenbait teknikari, informatikariak gehienak. Atzoko aurkezpenetatik Rosa María Martín Santiagorena azpimarratu nahi dut, Pedro Duque astronauta espainiarraren glamourraren gainetik. Rosa Maríak Universitat Politècnica de Catalunyako Bartzelonako Informatika Fakultatean lan egiten du, baina e-Catalunyaren atzean Generalitat de Catalunya dago.

e-Catalunya atarien ataria da. Erabiltzaile talde bakoitzari atari bana dagokio, eta atari bakoitzean elkarlanerako tresnak daude: wikia, komunitate-blogak, posta banaketa-zerrendak, eztabaida-lekuak, argazki-albumak eta abar. Honaino intranet edo atari baten ohiko funtzionalitatea dago.

Ohiko funtzionalitate honen atzean lan eskerga dago, software libreari, bertako garapenari eta integratzeari esker, eta ez dut gutxietsi nahi, baina e-Catalunyaren ezaugarri aurreratuena Xarxa Social delakoa da. Teknologia honekin erabiltzaile bakoitzak bere lagunak edo lankideak ezartzen ditu sare batean, eta hauen berri jasotzen du. Giza-sarea grafikoki eskuragarri dago, erabilpen berriak ahalbidetzeko. Horretaz gain, sistema bilaketaren bitartez gizabanakoen arteko beste esteka batzuk aurkitzeko gai da. Kidetasunen bila nork irakurtzen dituen zure ekarpenak, nork erantzuten dizun, nork idazten duen antzeko gaietaz ikertzen du sistemak. Kidetasun eta adiskidetasun sare hauetatik edukin egokituak ekoizten ditu atariak. Erabiltzaileari gomendatutako edukinak eta neurrirako berriak aurkezten dizkio.

e-Catalunyaren adibidetzat Talla amb els mals rotllos genero-bortizkeriaren aurkako ataria eman zuen Rosa Maríak. Oso sistema aurreratua eta potentzial haundikoa iruditu zait. Euskal Herrian unibertsitatearen eta jaurlaritzaren antzeko elkarlana ikusi nahi nuke. Bitartean, Katalunian egindako lanaz profitatzea ez legoke gaizki.

Iñaki Agirre Pérez