Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Yurena Polo: "Nerbio ehunak birsortzeko itxaropena dago, baina errealitate bihurtzeko oraindik urteak beharko ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Yurena Polo: "Nerbio ehunak birsortzeko itxaropena dago, baina errealitate bihurtzeko oraindik urteak beharko ditugu"

2021/10/21 - Unibertsitatea.net

Yurena Polo (Bilbo, 1988) Biologian lizentziatua, 2012an Amarna Therapeutics-en hasi zen lanean patologia ezberdinetarako bektore biralak egiten. Mymetics-en birosomekin aritu ondoren, bere prestakuntza jarraitzea erabaki zuen eta UPV/EHUko Biologia Molekularra eta Biomedikuntzako Masterra egiteko Herbereetatik bueltatu zen. 2018an Polimerbion hasi zen lanean. Era berean, Bikaintek bekari esker, doktorego industriala egiten dago, nerbio ehuna birsortzeko grafenoan eta polimero biodegradagarrietan oinarritutako euskarriak egiten.

Biologia ikasi zenuen eta ikerketaren mundurako pausoak eman zenituen gero.

Biologia betidanik izan dut gustuko. EHUn Biologiako lizentziatura hasi nuen eta Bartzelonako Unibertsiate Autonomoan Genetika eta Biologia Zelularreko espezialitatea amaitu nuen. Litzentziatura amaitu baino lehen, Herbereetako enpresa txiki batean Erasmus Praktikum egiteko aukera sortu zitzaidan. Behin amaituta ikerketa sailean lanean geratu nintzen. Euskal Herrira bueltatu nintzenean, hezkuntzan, irakasle bezala lan egin nuen baita ere, beste arlo batzuk ezagutzeko. Hala ere, 2018an Polimerbion doktorego industriala egiteko aukera agertu zenean, ikerkuntzara bueltatu nintzen.

Tesian, lesioen ondorioz kaltetutako nerbio ehuna birsortzeko estrategiak garatzen ari zara.

Polimerbio 2017an sortu zen EHUko Zibio taldeari lotutako spin off bezala. Nire tesian, EHUko Ingeniaritza eskolako Zibio taldearekin eta medikuntza fakultateko Seinalizazio Zelular taldearekin batera, grafenoan eta polimero biodegradagarrietan oinarritutako materialak garatzen ari gara. Beraz, materialen zientzian eta biologian adituak garen pertsonak elkarrekin lan egiten dugu kaltetutako nerbio ehuna birsortzeko estrategia berriak garatzen.

Grafenoa eta polimero bioxurgagarriekin ari zara, zergatik material hauek? Zein aukera eskaintzen dituzte?

Polimerbio EHUko Zibio taldetik sortutako spin off bat denez, esperientzia izugarria du polimero biodegradagarrietan. Gainera polimero hauen propietate fisiko-kimikoak direla eta, oso erraz modulatu daitezke ehunaren birsorkuntzarako beharrezkoa den forma emateko (adibidez nanoegitura bat, errepideak balira bezala, gure zelulak guk nahi dugun lekura mugitzea eraginez). Era berean, polimeroen degradazioa kontrolatu daiteke, ehuna birsortzen den heinean, euskarri bezala dagoen polimeroa desagertzeko. Polimero biodegradagarriak, biobateragarri eta biodegradagarriak dira, hau da, euskarri bezala erabili daitezke ehuna kaltetzen denean eta ehuna birsortzen doanean, beraien degradazioa kontrola daiteke, ehun berria sortzen den heinean polimeroa desagertzen joateko. Gainera polimero hauen propietate kimikoak, mekanikoak eta geometrikoak modulatu daitezke, birsortu nahi den ehunaren elastikotasunera edota zurruntasunera antzeratzeko.

Grafenoak bestalde, nerbio-ehunaren garapenean lagungarria izan daitekeen propietate mekaniko, kimiko eta elektrikoak ematen dizkio euskarriari. Gainera, nerbio-ehunaren desberdintzapenean lagundu dezake.

Material hauek aldatuz zelula ametan eragitea lortu duzue. Zein helbururekin?

Nerbio ehun bat kaltetuko balitz, gure materialak ehun horren birsorkuntzan lagundu beharko luke, pazientearen zelula ama propioen mugimendua eta desberdintzapena eraginez. Beraz, nerbio-ehuna birsortzeko, gure helburua, materialaren forma eta propietate fisiko-kimikoek zeluletan duten eraginaz baliatuz, zelulen desberdintzapen eta migrazio patroiak sustatzea da.

Zer diote orain arteko datuek?

Oraintxe bertan in vivo esperimentuekin hasi gara. Doktoretza industriala denez, geure helburu nagusia translazioa da, hau da, laborategian egiten den zientzia basikoa, egunen baten, dispositibo mediku bat kaleratzeko erabiltzea. Helburu honekin, arratoiekin hasi gara lanean, animalia baten nerbio ehuna kaltetzen denean, gure euskarriak hau birsortzeko duten ahalmena aztertzeko.

Edozein nerbio ehun birsortzeko balioko luke?

Ez, nerbio sistema, nerbio sistema zentral eta nerbio sistema periferikoez osaturiko ehun konplexua da. Gure euskarri nanoegituratuek nerbio zuntzak gidatzen dituzte, beraz oso estrategia ona izan daitezke gidatuak izan behar diren ehunak birsortzeko, baina ez garuna bezalako ehun konplexu bat birsortzeko.

Nerbio ehunak birsortzeko itxaropenik badago?

Nerbio ehunak birsortzeko itxaropena dagoela pentsatu nahi dut, baina kontuan izan behar dugu, errealitate bihurtzeko oraindik urteak behar ditugula. Laborategian lortzen diren pausoak, paziente batean erabili ahal izateko oraindik animaliekin funtzionalak diren ikusi behar dugu. Eta oraintxe bertan horretan gaude lanean.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Oraintxe bertan bi proiektu ditugu eskuartean. Alde batetik, bi dimentsiotako euskarri nanoegituratuetan, zelulen mugimendu patroiak aldatzea lortu genuen, guk erabakitako norabidean mugitzea eraginez. Gaur egun, animaliekin ari gara lanean, nerbio ebakuntza baten ondoren, gure euskarri nanoegituratuak zelulen mugimendua eta ehunaren birsorkuntza ahalbidetzen dutela ikusteko.

Beste aldetik, grafenoan oinarritutako hidrogelekin ari gara lanean. Hiru dimentsiotako euskarrien ezaugarri fisiko-kimikoak aldatuz (hidrogelen poroak edota propietate elektrikoak, adibidez), zelula amen desberdintzapena modulatzea lortzen dugun ikusteko. Gure helburua, zelula amen bidez nerbio ehun funtzionala sortzea da. Nerbio ehunak zelula ezberdinez osatuta daude. Nerbio ehuna osatzen duten zelulak euskarrietan haztean, ohikoena, hauen artean zelula mota batzuk bakarrik hazten dira. Beraz, proiektu honetan, hidrogelen propietate fisiko kimikoak modulatuz, nerbio ehuna sortzen duten zelula guztiak haztea da, nerbio ehun funtzional bat bailitzan.

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia interesgarria. Premiazkoa iruditzen zait ikerlariek egiten dugun lana modu erraz batean erakustea. Azkenean, zientziak gizartearen beharrei erantzuten die, baliabide, produktu, zerbitzu edota tresna berriak garatzen. Zientzia barik, ez dago garapena. Euskal Herrian badaude oso ikerlari onak, baina gizartearen aitorpena falta zaigu gaur egun. Hori lortzeko modu bakarra, gizarteak, egiten dugun lanaren garrantzia ikustea da.

txiotesia,elkarrizketa