Dokumentuaren akzioak
Tesi baten arabera mendialdeko ardien esneak nutrizio kalitate handiagoa du
Mendialdeko Idiazabal gazten zenbait osagai izan dira aztergai, gazte horien kalitatea bereizgarri egiten dituen horiek. “Esnearen eta gaztaren kalitatearengan artzaintza sistemek duten eragina” deitzen da tesia eta Izaskun Valdivielsok defendatu du. UPV/EHUko Lactiker ikertaldearen lan lerro batean egin da eta helburua, Euskal Herrian artzaintza tradizionaleko sistemen iraunkortasunean eraiten duten faktoreak aztertzea izan da.
Tesi honen atal interesgarrienetako bat, ikerlana merkataritzako artaldeekin burutu dela da. Emaitzen arabera, “estentsiboa” deritzon mendialdeko artzaintzak erraztu egiten du gantz azido saturatu gutxiagoko esne koipearen profila. Gainera, nutrizioaren eta giza-osasunaren ikuspuntutik desiragarriak diren gantz azido gehiago ditu modu horretan ekoizten den esneak.
Gaztaren aromaren konposatu aldakorrei dagokienez, azidoetan, estreretan, zetonetan, aldehidoetan eta terpenoetan aldea nabari da ardia mendian dagoenean. Zaporea, usaina eta egitura, ostera, berberak dira haranean zein mendialdean hezitako ardiei dagokienean.
Doktorego tesi honen emaitza eta ondorioek datu zientifiko garrantzirsuak plazaratu dituzte, mendialdeko eta haraneko ardien esneak eta gaztak ezberdindu eta mendialdekoen propietateak argitzeko balio izan du, besteak beste.