Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lucía Gandarias: "Bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatutakoak batez ere"

Dokumentuaren akzioak

Lucía Gandarias: "Bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatutakoak batez ere"

2021/11/18 - Unibertsitatea.net

Lucía Gandariasek (Bilbo, 1994) Bioteknologiako Graduko ikasketak burutu zituen 2016an UPV/EHUn eta Londresera joan zen bere Masterreko ikasketak egitera, University College London-era (UCL). 2017an lortu zuen Biomaterialak eta Ehun-ingeniaritzako masterra. 2017an UPV/EHUra bueltatu zen, MªLuisa Fernández-Gubiedak zuzentzen duen Magnetismo eta Material Magnetikoen taldera. 2019an Zientzia eta Berrikuntzarako Ministerioaren beka bat lortu zuen Alicia Muela irakaslea eta Ana García-Prieto doktorearen ikuskaritzapean doktoregoko ikasketak egiteko.

Garai honetan, 3 artikulu zientifiko argitaratu ditu eta bere lana kongresu nazionaletan eta nazioartekoetan aurkeztu du. Bere egungo ikerketa interesak bakterio magnetotaktikoak dira eta horiek biomedikuntzan izan ditzaketen aplikazioak.

Bioteknologia ikasketak egin zenituen.

Batxilergoa amaitzeko orduan, argi neukan unibertsitatean zientziarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela, baina ez nekien konkretuki zer. Gure ikastetxeko biologia irakasleak UPV/EHUn atera berri zen gradu bati buruz hitz egin zigun: bioteknologia, biologia, fisika eta kimika bezalako zenbait zientzia biltzen zituena, eta horregatik erabaki nuen bioteknologia karrera ikastea. Azkenean, bioteknologoak denetarik jakin behar du, eta hori da gustatzen zaidana, etorkizunerako aukera asko eskaintzen dituela iruditzen zaidalako.

Ikerketaren mundura egin zenuen gero salto.

Bioteknologia ikasten duzunean bi irtenbide nagusi daude: enpresa edo ikerketa. Azken hori deigarriagoa iruditzen zitzaidan, sortzaileagoa delako eta zientziaren azken aurrerapenetatik eguneratuta egotera behartzen zaituelako. Gradu Amaierako Lana egin nuenean, Magnetismo eta Material Magnetikoen Taldea ezagutzeko zortea izan nuen. Orain talde honetan ari naiz nire tesia egiten. Talde hau diziplina anitzekoa da, eta lankide biologoekin ez ezik, fisikariekin, kimikariekin eta ingeniariekin ere lan egiteko aukera ematen dit. Eta horrek egiten du esperientzia aberasgarriagoa izatea.

Bakterio magnetotaktikoak biomedikuntzan nola aplikatu ikertzen zabiltza. Zer dira? Zein berezitasun dute?

Bakterio magnetotaktikoak ibaietan eta itsasoan bizi diren mikroorganismoak dira eta haien berezitasun nagusia magnetitazko nanopartikulak sintetizatzeko gaitasuna dutela da. Iman txiki horiek iparrorratz gisa erabiltzen dituzte lurreko eremu magnetikoan orientatzeko, hau da, nora nabigatu behar duten jakiteko. Bakterio horiek duela gutxi ezagutzen dira, 60. hamarkadan lehen aldiz aurkitu zituzten, eta ordutik asko aztertu dira, bai ikuspegi biologikotik, bai fisikotik, propietate magnetiko oso interesgarriak baitituzte.

Minbiziari aurre egiteko terapietan interesgarriak izan daitezkeela diozu.

Bai, gure taldean bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, batez ere, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatuta daudenak. Aplikazio nagusia hipertermia magnetikoa da, minbiziaren tratamendurako terapia, tumore-eremuko nanopartikula magnetikoen injekzioan eta ondoren eremu magnetiko alterno bat aplikatzean oinarritzen dena. Horrela, nanopartikulak beroa askatzen dute eta tumorearen tenperatura 42ºC-raino handitzen dute, zelula kantzerigenoak ahulduz beste ehunei eragin gabe. Gure taldean bakterioak hipertermia-agente gisa ikertzen ditugu, bakarrik dauden nanopartikulek baino bero-ahalmen handiagoa dutela egiaztatu baitugu.

Farmakoak tumore inguruetara garraiatzeko gaitasuna ere izan dezakete.

Bai, bakterioek beste abantaila asko dituzte, isolatutako nanopartikulekin alderatuta; izan ere, autopropultsatzeko eta kanpoko eremu magnetiko batek gidatutako tumore-guneetara igeri egiteko gai dira. Gainera, minbiziaren aurkako medikamentuekin funtzionalizatuak izan daitezke, hau da, molekula horiek itsatsi ahal dizkiegu eta berariaz eraman ahal dituzte jo behar duten eremura. Laburbilduz, bakterio magnetotaktikoak minbiziaren tratamendurako nanorrobot gisa aztertzen ari gara, anbizio handiko proiektua da, baina etorkizun handikoa ere.

Zer diote orain arteko emaitzek?

Orain arteko emaitzak esperantzagarriak dira. Bakterio magnetotaktikoek nanopartikula isolatuek baino bero-ahalmen handiagoa dutela egiaztatu dugu, hau da, hipertermia magnetikorako hobeak direla. Gainera, zelula-hazkuntzekin egindako azterketetan minbizi-zelulak bakterio magnetotaktikoak barneratzeko gai direla ikusi dugu eta hori oso urrats garrantzitsua da etorkizunean erabili ahal izateko.

Ikerketaren zein fasetan zaude?

Nire tesiko azken urtean nago, orain nire emaitzak idazten hasi naiz eta uda baino lehen doktorea izatea gustatuko litzaidake. Amaitu baino lehen, hiru hilabeteko estantzia bat egiten ari naiz beste talde batean, Frantzian hain zuzen ere. Hemen bakterio magnetotaktikoekin ere lan egiten dut, hauek genetikoki aldatzen, minbiziaren aurka borrokatzeko beste ahalera berri batzuk lortzeko.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Orain, nire taldean, bakterioak minbiziaren aurkako sendagaiekin nola funtzionalizatu ditzakegun eta hauek nahi dugun eremura gidatzeko egin beharrekoa aztertzen ari gara. Nire erronka pertsonala, hurrengo hilabeteetan nire doktorego-egonaldia amaitzea eta 2022ko uda baino lehen defendatu nahi dudan tesia idaztea da.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Ideia izugarria dela iruditzen zait, Euskal Herrian aztertzen ari garena ezagutzeko modu bat delako, eta, gainera, gure ikerketa-taldean egiten duguna munduari ezagutarazteko eta azaltzeko aukera ematen digulako. Espero dut Txiotesia bezalako ekimen gehiago egotea!

 

txiotesia,elkarrizketa