Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lorena Zudaire: "Ahalik eta gutxien prozesatutako udare eta calçotak sortzeko estrategia kimiko, fisiko eta biologikoak aztertu ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Lorena Zudaire: "Ahalik eta gutxien prozesatutako udare eta calçotak sortzeko estrategia kimiko, fisiko eta biologikoak aztertu ditugu"

2019/09/12 - Unibertsitatea.net
Lorena Zudaire Villanueva doktorea da Nekazaritza eta Elikadura Zientzia eta Teknologian. Doktorego-tesia LLeidako IRTAn egin zuen.

Lorena Zudaire Villanueva (Iruñea, 1990) Giza Elikadura eta Dietetikan Diplomatua eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian Lizentziatua da (UPV/EHU). Elikagaien Kalitatean eta Segurtasunean egin zuen masterra gero eta 2018ko uztailean aurkeztu zuen doktorego tesia LLeidako IRTA Unibertsitatean.

Bere ikerketa lanaren gainean gehiago jakiteko galdera batzuk egin dizkiogu:

Kimika ikasi eta ikerketaren munduan murgildu zinen.

Institutua bukatu eta ez nekien zer ikasi: fisioterapia, biologia, kimika... Azkenean elikaduraren munduan hastea erabaki nuen eta giza elikadura eta dietetikako diplomatura egin nuen. Karrera polita zen baina irteera gutxikoa. Diplomatura bukatu eta elikagaien zientzia eta teknologiako lizentziatura hasi nuen eta benetan bete ninduen. Oso ikasle gutxi ginen eta eskolak oso aberasgarriak ziren niretzat. Hor konturatu nintzen zein bide hartu nahi nuen eta lizentziatura bukatu eta ikerketaren mundutik jarraitzea masterra egin nuen.

Masterra bukatu eta hango irakasle batek Lleidako IRTAn doktoretza egiteko aukera zegoela esan zigun. Nik pentsatu gabe bidali nizkion nire dokumentu guztiak eta hilabete batzuk pasa eta gero deitu zidan. Asko pentsatu nuen bizitza aldatu behar nuelako: beste hiri batera joan (350 km nire etxetik), jende berria, erantzunkizun berriak... Baina aurrera egin nuen.

Ahalik eta gutxien prozesatutako elikagaiak sortzeko estrategia kimiko, fisiko eta biologikoak aztertzen ari zarete.

Normalean doktoretza egiten duzuenean ez daukazu zuk nahi dituzun gaiak ikertzeko aukera. Proiektuak taldeak eskatzen ditu eta zu horretara moldatu behar zara. Nire taldeak ahalik eta gutxien prozesatutako elikagaien gaia aukeratu zuen. Gaur egun gero eta azkarrago bizi gara, denbora gutxiago dugu eta horretarako elikagai prestatuak eskuragarri izatea behar dugu. Mundu honetan "Florette" enpresak aurrerapauso asko egin ditu eta egia esanda, oso zaila da beraien erritmoa jarraitzea.

Guk udareak eta calçotak aukeratu genituen. Lleida estatu mailan udare gehien ekoizten dituen probintzia da eta gero eta gehiago biltzen denez horri beste ateraldi/etekin bat eman behar zaio. Calçotak berriz Kataluniako produktu tipikoak dira baina hilabete batzuetan baino ez dira jaten (hemen sagardoa bezala). Beraz, gure helburua zen calçot horiek hilabete horietatik kanpo ere jan ahal izatea.

Erabili dituzuen metodoen artean ultrasoinuak daude. Zein emaitza lortu dituzue?

Ultrasoinuak gaur egun pixka bat zaharkituta gelditu dira. Orain "cold plasma", "presio hidrostatiko altuak (HPP)", ultramoreak eta abar erabiltzen dira baina teknika horien arazoa prezioa da. Oso garestiak dira enpresa ertain edo txikietan jartzeko.

Lortu ditugun emaitzak aurretikoak dira eta oraindik ezin dira aplikatu. Ikerketa gehiago behar dira benetako erabilgarritasuna ikusteko eta aztertzeko.

Kontsumitzaileak gainera elikagaien industrian erabiltzen diren kimikoekin gero eta kritikoagoak direla diozu.

Gaur egun kontsumitzaileak gero eta elikagai "garbiagoak" nahi ditu, baina aldi berean gero eta gehiago irauten dutenak. Horregatik populazioaren zati handi bat elikagai ekologikoak, gertukoak, baserrietakoak... erosten hasi da. Hala ere, elikagai seguruak merkatura eramateko fruten eta barazkien desinfekzioa ezinbestekoa da. Beraz, elikagaien industriaren helburuetako bat kimiko horiek prozesu fisikoengatik ordezkatzea izan beharko litzateke. Estatu eta Europa mailan ikerketa talde asko ari dira gai horietan lan egiten legeak gero eta zorrotzagoak direlako.

Udareak eta calçotetan zentratu zarete baina beste fruta eta barazki batzuetan aplikatzeko baliagarria izango da?

Nirekin tesia aldi berean egin zuen neska bat beste fruta eta barazkiekin frogatu zuen eta benetan baliagarria zela ikusi zuen. Gainera orain IRTAn nire taldean tesia egiten ari diren beste neska-mutil batzuk teknika berriekin eta fruta berriekin frogak egiten ari dira.

Txiotesian parte hartu zenuen (ikusi hemen)... egiten duzun lan hori zabaltzeari tartetxo bat eskaintzea garrantzitsua dela deritzozu?

Oso garrantzitsua da beste ikertzaile euskaldunek zer egiten duten ikusteko aukera duzulako. Gainera zure tesia ez da armairu batean gelditzen eta besteek zure lana ikusteko aukera dute. Asko harritu ninduen (onerako) jendeak duen imajinazio gaitasunak, baita zein puntutaraino laburtzeko gai izan ziren.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Tesia defendatu eta 4 hilabete eta erdi langabezian egon nintzen. Kurrikulumak bota eta bota, bidali eta bidali eta 2018ko azaroan bi enpresetatik elkarrizketa egiteko deitu zidaten. Horietako batean 8 hilabetez egon nintzen lanean.

Aurten, martxoa aldera, Leartiker (Markina-Xemein) zentru teknologikotik deitu ninduten elkarrizketa egiteko. Oso pozik atera nintzen eta irailaren 2tik bertan nago lanean. Denbora gutxi daramat baina oso pozik nago doktoretzarekin bat datorren lana aurkitu dudalako. Lan baldintzak oso onak dira eta nire ezagutzak aplikatzeko aukera oso ona da.

Oso zaila da doktoretza bukatu eta gero lana aurkitzea. Bekak eta Post-Doc kontratuak eskaintzen dira baina gero eta zailagoa da horietako bat lortzea. Gainera enpresetan zure kurrikulumean doktoretza egin duzula ikusten dutenean zuzenean baztertzen dute legez zure soldata besteena baino altuagoa izan behar delako.

Nire gertuko etorkizuna Leartikerren dago eta aurrerago ikusiko da bizitzak zein bidetik eramaten nauen.

txiotesia,elkarrizketa