Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jorge Aramburu: "Gibeleko minbiziari aurre egiteko ordenagailu bidezko simulazioetan oinarritu da gure ikerketa"

Dokumentuaren akzioak

Jorge Aramburu: "Gibeleko minbiziari aurre egiteko ordenagailu bidezko simulazioetan oinarritu da gure ikerketa"

2019/05/06 - Unibertsitatea.net
Industria Ingeniaria da Jorge Aramburu zarauztarra. Doktoretza-lanean gibeleko minbizia tratatzeko erabiltzen den erradioenbolizazioa tratamenduaren inguruko ikerketa egin zuen, fluidoen dinamikaren ikuspuntutik.

Jorge Aramburuk (Zarautz, 1989) Industria Ingeniaritza ikasketak (2007-2013) egin zituen TECNUNen (Nafarroako Unibertsitatea) eta unibertsitate berean egin zituen gero Doktoretza ikasketak (2013-2016). Doktoretza-lanean gibeleko minbizia tratatzeko erabiltzen den erradioenbolizazioa tratamenduaren inguruko ikerketa egin zuen, fluidoen dinamikaren ikuspuntutik, eta Nafarroako Unibertsitate Klinikako (CUN) medikuekin elkarlanean jardun zuen. Ordutik, bere ikerketa-lanak simulazio bidezko hemodinamikaren azterketan oinarritu dira. Doktoretza bukatu zuenetik TECNUNen jarraitzen du Ingeniaritza Mekanikoa eta Materialen Departamentuko ikertzaile-irakasle lanetan. 2018ko urtarriletik irailera Londresko King’s College Londonen ikerketa-estantzia bat egin zuen. Bertan, Fontan pazienteen sistema kardiobaskularraren eredu matematikoa garatu zuen. Aurtengo ekaina eta uztaila bitartean ikerketa-lan horrekin jarraitzeko asmoa du Londresen.

Ingeniaritza aplikatuan doktorea zara Nafarroako Unibertsitatean.

Industria Ingeniaritza ikasi nuen Nafarroako Unibertsitatean, TECNUN-en eta espezializazioa Ingeniaritza Elektrikoan eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzan egin nuen.

Ikasketetako bigarren ikasturtean barneko ikasle moduan hasi nintzen. Gure unibertsitatean, ikasleak TECNUNeko eta Ceit-IK4-ko departamentuetan laguntzen hasi daitezke barneko ikasle gisa eta horrek ikerkuntzaren munduarekin lehen harremana izatea ahalbidetzen du. Nire kasuan, ikasketetako bigarren ikasturtean Ceit-IK4-ko Elektronika eta Komunikazioen Departamentuko barneko ikasle izan nintzen eta hirugarren ikasturtetik aurrera TECNUNeko Ingeniaritza Mekanikoa eta Materialen Departamentuan. Azken departamentu honetan hasi nintzen gaur egun nire ikerketa-arloa den gaia jorratzen. Barneko ikasle bezala egiten ari nintzen lanekin jarraitzeko eta nire formakuntza hobetzeko, laugarren ikasturtetik bosgarren ikasturteko oporretan Carnegie Mellon University-n (Pittsburgh, USA) hilabeteko estantzia bat egin nuen. Bertan, biriketako arterietako odol-fluxuaren simulazioak egin ahal izateko behar diren muga-baldintzak definitzeko behar diren funtzio batzuk programatzen egon nintzen. Beraz, ikerkuntza-mundutik jotzearena ez zen izan ikasketak amaitu ondoren hartutako erabaki bat, baizik eta ikasketa-garai hasieratik ikerketa-mundurako ibilbidea pixkanaka hartzen joan nintzen.

Doktorego tesian gibeleko minbiziari aurre egiteko tratamendu bat izan duzu aztergai. Minbizi hilkorren rankingean bigarren postuan dago gibelekoa.

Hala da; minbizi-mota hilkorrenen rankingean oso goian azaldu izan da azken urteotan gibeleko minbizia. 2018an minbizi-mota desberdinen intzidentziaren eta heriotza-tasen inguruko lan eguneratu bat argitaratu zen (Bray et al., 2018). Lan honen arabera, gibeleko minbizia hilkorrenen rankingean hirugarren postuan dago orain, baina heriotza-tasak gora egin du aurreko lanak aurkeztutako heriotza-tasarekin alderatzen badugu. Doktoretza-tesian gibeleko minbiziari aurre egiteko tratamendu baten inguruko ikerketa egin nuen, erradioenbolizazioaren inguruko ikerketa, hain zuzen ere.

Azken bi hamarkadetan ikusi da erradioenbolizazioa tratamendu eraginkorra eta segurua dela. Hala ere, medikuek oso ondo ulertzen ez zituzten konplikazioak gertatzen ziren kasu batzuetan. Nire doktoretza-tesia oinarri izan duen proiektuan TECNUNeko ingeniariek eta CUNeko medikuek elkarrekin egin genuen lana eta ordenagailu bidezko simulazioetan oinarritutako erradioenbolizazioaren azterketa egin genuen, fluidoen dinamikaren ikuspuntutik.

Erradioenbolizazioa burutzeko, izterreko arterian sartutako kateter bat gibeleko arteriaraino bideratzen da. Behin kateterra minbizia odolez hornitzen duen arterian kokatuta dagoela, odol-fluxuak garraiatuko dituen eta erradiazioa igortzen duten mikroesferak injektatzen dira. Mikroesfera hauen helburua bikoitza da. Batetik, minbizia odolez hornitzen duten arteria txikienak buxatzea eta horrela odol horniketa eragoztea eta nekrosia (oxigeno faltagatik minbizi-zelulak hiltzea) bultzatzea; bestetik, mikroesferak arteria txikietan itsatsiak daudenean erradiazioari esker minbizi-zelulak hiltzeko gaitasuna areagotzea.

Gorputzean erradiazioa igortzen duten mikroesferak sartuko ditugula-eta, ulertzekoa da tratamendu hau burutu aurretik aurretratamendu bat egitearen garrantzia; bai kateterraren kokapena, bai injekzio-abiadura erabakitzeko. Aurretratamenduan, tratamenduan erabiltzen diren mikroesfera antzekoak erabiltzen dira, erradiazio kaltegarririk igortzen ez dutenak eta irudi medikuz haien jomuga aztertzea ahalbidetzen dutenak. Nahiz eta aurretratamendua arrakastatsua izan, batzuetan ikusi izan da tratamenduan ez direla espero ziren emaitzak lortu.

Tratamenduaren eraginkortasuna hobetzeko frogak egin dituzu baina simulazioa erabilita.

Bai; gure ikerketa-lana ordenagailu bidezko simulazioetan oinarritu da eta tratamendua fluidoen dinamikaren ikuspuntutik aztertu dugu. Modu labur batean esanda, paziente baten gibeleko arteriaren eredu tridimentsionala sortu dugu eta arteria horren barruan gertatzen den odol-fluxua eta mikroesferen garraioa simulatu dugu hainbat kasutarako. Adibidez, aldatu ditugun aldagaietako batzuk hauek izan dira: gibelaren egoera (hau da, minbizien kokapena eta gibelaren odol-horniketa beharra), erabilitako kateter-mota, kateterraren muturraren kokapena, mikroesferen injekzio-abiadura, eta abar.

Egia da gure lana simulazioetan bakarrik oinarrituta dagoela. Eta hori, zalantzarik gabe, beti aitortu izan dugun limitazio bat da. Beharrezkoa da simulazioek diotena esperimentu bidez frogatzea, eredu matematikoak errealitate hori azaltzen duen egiaztatzeko. Honen inguruan ere esan beharra dago beste autore batzuek eredu matematiko berbera erabili izan dutela errealitate fisiko berbera azaltzeko eta askotan zaila dela hain arteria txikiekin behar bezalako esperimentuak egitea eta odolaren presio- eta abiadura-neurketak egitea.

Simulazioa tratamenduak hobetzeko erreminta lagungarria dela ikusi duzue.

Gure kasuan, simulazioen emaitzak oso lagungarriak izan zaizkie gurekin elkarlanean aritu diren medikuei. Simulazioek odol-fluxuaren ezaugarriak eta mikroesferen ibilbidea oso modu garbian erakusten dituzte. Gure ikerketan, adibidez, ikusi dugu mikroesferak adarkatze batetik nahikoa gertu injektatuz gero, ikertutako aldagaien aldaketak eragin handia izan dezaketela mikroesferen ibilbidean. Kasu zehatz bat aipatzeko, kateterraren muturra adarkatze batetik oso gertu zegoen kasu batean muturra 5 milimetro mugituz gero aurretratamendua eta tratamenduaren artean, lortzen zen mikroesfera-banaketa erabat desberdina zen.

Simulazioena beti da oso ikerketa-tresna interesgarria, baina, lehen aipatu bezala, emaitzak erabat baliagarritzat hartzeko behar bezalako esperimentu baten bitartez egiaztatu beharko litzateke eredu matematikoa egokia dela. Ikerketa-lan honetan fluidoen dinamikarekin zerikusia duen simulazioak egin dira. Ikerketa-tresna berdina erabili ahalko litzateke hegazkin baten hegoak diseinatzerakoan. Hegazkinaren hegoaren adibidearekin saiatuko naiz justifikatzen simulazioak ikerketa-tresna interegarriak direla. Demagun hegazkin bat nahi dugula diseinatu eta haren hegoak nahi ditugula diseinatu. Diseinu egokia erabakitzeko bi modutan egin dezakegu lan: batetik, hainbat hego berri diseinatu, bakoitza fabrikatu (eskalan), haize-tunelean entseguak egin eta egokiena erabaki; bestetik, hego berri berdinak diseinatu, bakoitzaren portaera simulazio bidez aztertu, simulazioetan oinarritutako diseinua erabaki eta fabrikatu (eskalan) eta haize-tunelean egiaztatu simulazioak dioena egokia den. Hegoaren diseinua egiteko bigarren modua azkarragoa da eta ekonomikoki egokiagoa, ez baita diseinu bakoitza fabrikatu behar eta bakoitzaren entseguak egin behar. Horrexegatik da interesgarria simulazio bidezko ikerketa.

Gibeleko minbiziari aurre egiteko ikerketa da zurea... nortzuk osatzen duzue ikerketa taldea?

Ikerketa-taldea TECNUNeko lau ingeniarik eta CUNeko erradiologo interbentzionista batek eta hepatologo batek osatu genuen. Oso elkarlan aberasgarria izan zen. Aitortu beharra daukat izan nituen kideak eskarmentu handiko ikertzaileak direla, batez ere bi medikuak. Gainera, esparru desberdinetako profesionalekin aritu izanak arazoei irtenbideak emateko planteatzen ziren proposamenak oso aproposak ziren. Askotan badirudi esparru desberdinetako profesionalek hizkuntza desberdinak hitz egiten ditugula, baina kasu honetan hizkuntza amankomun bat hitz egin genuen eta denok elkar ulertu ginen.

Txiotesian parte hartu zenuen. Egiten duzuen lan hori gizarteratzea garrantzitsua dela deritzozu?

Nire ustez, gizarteratzearen gaia oso garrantzitsua da bi arrazoirengatik. Batetik, norberak egiten duen ikerketa aditzera eman nahi du. Horretarako, edonork ulertuko duen modu batean nahi du adierazi egindako ikerketa, eta hori askotan erronka bat da ikertzaileontzat. Bestetik, eta nire ustez garrantzitsuagoa dena, gizarteratze hori euskaraz egin nahi izatea da, euskarak edozein motatako testu bat osatzeko gaitasuna duela erakusteko. Bigarren arrazoi honen inguruan, ikerketa-lanak euskaraz gizarteratzeko aukera izan dudanean hala egin izan dut. Adibidez, CAF-Elhuyar sarietara aurkeztu nintzen (nahiz eta saria ez irabazi idatzitako artikulua argitaratu zuten), Txiotesian parte hartu nuen... Oso iniziatiba polita iruditzen zait IkerGazte kongresuarena ere. IkerGazte2017an parte hartu nuen eta aurtengo IkerGazte2019an ere Baionan izango naiz, aurreko edizioko esperientzia ona berriz bizitzeko asmoz. Nik uste dut gure ikerketa euskaraz aditzera emateko gaitasuna dugunok hala egin beharko genukeela aukera dugun bakoitzean.

Zein proiektu dituzu esku artean?

Gaur egun, hiru proiekturekin nabil ikerketa eta irakaskuntza uztartzen. Lehena, elkarrizketa honetan hizketagai izan dugun proiektuaren jarraipena da, eta CUNeko medikuekin gabiltza elkarlanean. Proiektu honen bitartez aztertu nahi dugu benetan simulazioak gai diren erradioenbolizazioan ematen den mikroesfera-banaketa aurreikusteko. Bigarrena, B-TACE tratamenduaren inguruko azterketa bat da. B-TACE tratamendua ere gibeleko minbizia tratatzeko erabiltzen da eta gibeleko arterian kokatutako arteria baten bitartez burutzen da. Tratamendu honek duen berezitasuna da kateterraren muturrean baloitxo bat puzten dela, odol-fluxu nagusia geldiarazteko eta minbiziaren odol-horniketa arteria kolateralen bitartez egiteko. Azken urteotan ikusi da B-TACE tratamendua egokia izan daitekeela kasu batzuetan eta horren inguruko ikerketa egiten gabiltza. Hirugarrena, iaz Londresen hasitakoa da. Proiektu honetan, bentrikulu bakarrarekin jaio diren eta Fontan operazioa jasan duten pazienteen sistema kardiobaskularraren eredu matematikoa garatu dugu King’s College Londoneko ikertzaileekin.

txiotesia,elkarrizketa