Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jone Uranga: "Elikagaigintzarako edota aplikazio biomedikuetarako aproposak izan daitezkeen material berriak sortzen ari naiz"

Dokumentuaren akzioak

Jone Uranga: "Elikagaigintzarako edota aplikazio biomedikuetarako aproposak izan daitezkeen material berriak sortzen ari naiz"

2020/01/28 - Unibertsitatea.net
Jone Uranga Material Berriztagarrien Ingeniaritzan Doktorea da.

Jone Uranga (Orio, 1992) Industria Kimikaren Ingeniaritzan Graduatua da (UPV/EHU). Material Berriztagarrien Ingeniaritza Unibertsitateko Masterra egin zuen gero eta Material Berriztagarrien Ingeniaritzan Doktorea da.

Bere ikerketaren gainean gehiago jakiteko elkarrizketatu dugu:

Elikagaiak biltzeko material berriak ikertzen ari zara BIOMATen.

Bai, elikagaigintzarako edota aplikazio biomedikuetarako aproposak izan daitezkeen material berriak sortzen ari naiz. Material alternatibo hauekiko interesa gradu amaierako lanean piztu zitzaidan, bertan izan bainuen alor honen berri. Ondoren, master amaierako lanean eta doktorego-tesian ere ildo beretik jarraitzea erabaki nuen, alor honetan asko baitago egiteko!

Kontua da plastikozko materialak dituzten propietate funtzionalei esker erabilgarriak direla hainbat aplikaziotan, baina euren ez-berriztagarri eta ez-biodegradagarri izaera dela eta material problematiko kontsidera daitezkeela. Beraz, material hauen erabilera murrizteko, ikerketak material alternatiboetara zuzentzea beharrezkoa da. Horrela, gure kasuan propietate aproposak dituzten materialak sortu nahian, berriztagarriak eta biodegradagarriak diren zenbait sustantziekin lan egiten dugu.

Arrain-gelatina da materialen osagai nagusia.

Eginiko material guztien oinarria arrain-gelatina da bai. Gelatina mota hau elikagaiak prozesatzeko industriatik, esaterako arrainen kontserbetatik eta lehorreratutako arrainetatik sortutako bihondakinetatik erauz daiteke. Izan ere, arrainen azal, hezur, ezkata eta tendoietan kolageno kantitate handia dago, eta kolagenoaren hidrolisi partziala eginez gelatina lor daiteke, bere ugaritasunagatik proteinen artean erabiliena den polimeroa. Horrela, polimero hau erabilita materialak sortuz gero, plastikoaren erabilera gutxitzeaz gain, biohondakinen zahuketa murriztu daiteke.

Arrain-gelatinak propietate baliotsuak azaltzen ditu, izan ere, filmak sortzeko gaitasuna du, gardena da eta oxigeno, karbono dioxido eta lipidoekiko sekulako hesi propietateak ditu. Halere, arrain-gelatina soilik erabiliz sortutako materialak propietate mekaniko eskasak eta urarekiko sentikortasun handia azaltzen dute. Beraz, polimero honekin lan egitean hainbat gehigarri erabili ohi dira, propietateak hobetzeko edota produktuari balio-erantsia emateko. Gure kasuan gehigarri ezberdinak erabili ditugu, horien artean aipagarrienak, aza moreko antozianinak, antioxidatzaile modura erabiliak, eta txibia lumetatik erauzitako kitina, sendotze eragile gisa baliatua. Biak azpiproduktuetatik lortutako gehigarri benetan interesgarriak dira eta erabilitako beste hainbat gehigarrirekin batera, prestatutako materialen propietateak hobetzea ahalbidetzen dute.

Sortutako materialak egoera desberdinetan frogatu dituzue. Zein emaitza lortu dituzue?

Behin materialak sortuta baldintza ezberdinetan hauen portaera zer nolakoa den aztertzea behar beharrezkoa da, horrexek adieraziko baitigu gure materiala bideratu nahi dugun aplikaziorako egokia izango den edo ez. Beraz, besteak beste, materialetan dauden interakzio fisiko-kimikoak, morfologia, urarekiko zein argiarekiko erresistentzia, tenperaturarekin duten portaera, gainazalaren izaera, zimurtasuna, propietate optikoak, antioxidatzaileen askapena eta bakterioen aurkako aktibitatea aztertu dira. Gainera, elikagaien ontziratzeen simulazio erreal bat egin nahian, gazta zatien ontziratze bat ere egin da, arrain-gelatinan oinarritutako materialak plastikozko ontziratze konbentzional batekin alderatuz. Orokorrean, lortutako emaitzak arrakastatsuak izan dira eta gure materialek plastikozko materialek azaltzen ez dituzten propietateak ere badituztela ikusi da, horien artean, ultramore izpiekiko hesi propietateak, mikrobioen aurkako propietateak eta jarduera antioxidatzailea.

Gaur egun erabiltzen diren materialekin konparatuta, zein abantaila ikusten dizkiozu?

Gure arrain-gelatinazko materialek gaur egun merkatuan dauden material konbentzionalak azaltzen ez dituzten jarduera aktiboak azaltzen dituztela azpimarratuko nuke. Esaterako, elikagaien ontziratze aktiborako erabil daitezke, produktuaren kalitateak gehiago iraun dezan jakiaren eta bere ingurunearen artean interakzioak sustatzen baitituzte. Hau, hala nola, materialean gehitutako antioxidatzaileen askapenarekin lor daiteke. Bestalde, arrain-gelatinan oinarritutako materialen izaera berriztagarria ere benetan garrantzitsua dela esango nuke. Gizarte kontsumista batean bizi garenez, etengabeko material berrien prozesaketan murgilduta gaude, eta material hauek lehengai berriztagarriekin sortzeak material hauen etengabeko sorrera ahalbidetuko du, lehengaien agortzearen arazoa ekidinez. Aipatzekoa da baita ere euren biodegradagarri izaera, zikloa itxi eta ekonomia zirkular batean jarduteko aukera eskaintzen baitute.

Noizko material hauek merkatuetan?

Ez da erraza merkatura iristeko bidea. Kontuan hartu behar da materialak prestatzeko prozesuak azkarrak eta merkeak izan behar direla materialak merkaturatzeko. Gainera, laborategi mailan erabiltzen diren prozesatze teknikak industria mailako produkzio metodoetan baliatzen diren ekipoekin gauzatzen badira, merkaturatzeko bidea errazten da. Gure kasuan, hainbat prozesatze teknika landu ditugu, horien artean batzuk industria mailan erabiltzen diren ekipoekin landuta. Beraz, industriaren aldetik ingurumenarekiko lagunkoiak diren materialak prestatzeko kontzientziazioak edota lege berrien ezarpenak material hauen merkaturatzean lagunduko dutelakoan nago.

Tesia amaitu berri duzu. Zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun erronkak?

Tesia defendatu berri dut eta orain, bide berriak arakatzeko ordua iritsi da. Etapa berri honetan erronka berriei aurre egiteko momentua dela uste dut. Oraingoz material berriztagarrien alorrean lan egiten jarraitzeko asmoa dut, lehen aipatu bezala bide berri asko lantzeke baitaude eremu honetan. Halere, beste eremuren batean lan egitea ere interesgarria litzateke… nork daki, ateak irekita daude oraingoz. Dena dela, doktoretzan ikasitako guztiarekin gogotsu heltzen diot bide berri honi, ziur abentura interesgarriak ditudala esperoan!

Txiotesian parte hartu zenuen, Ikergazte kongresuan ere bai... Zer nolako esperientziak izan ziren?

Esperientzia paregabeak. Zientzia munduan ez da erraza izaten euskaraz jardun eta lan egitea, beraz, horrelako formatuek zientzia euskaldunari bizia ematen diotela uste dut. Txiotesian parte hartu nuenean nire tesia modu informal batean azaltzeko izan nuen aukera asko gustatu zitzaidan. Horrela, nire lana edonork ulertzeko saiakera egin nuen, ikerlariontzat jarduera garrantzitsua gure lana gizarteratu ahal izateko. Gainera txioen prestaketan benetan ondo pasatu nuen, bideo baten grabaketa ere egin bainuen nire azalpenak animatzeko!

Ikergazte2017 kongresuan berriz, zientzialari euskaldun ugari ezagutzeko aukera izan nuen Iruñan. Egia esan, plazer bat izan zen kongresu horretan parte hartzea. Bide batez, tartetxo hau erabili nahiko nuke zientzia euskalduna bultzatzeko lan egiten duten horiei nire eskerrak emateko.

txiotesia,elkarrizketa