Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jon Zabala: "Erritu kolektiboak pertsonen osasun psikologikoan positiboki eragiten duten fenomeno garrantzitsuak dira"

Dokumentuaren akzioak

Jon Zabala: "Erritu kolektiboak pertsonen osasun psikologikoan positiboki eragiten duten fenomeno garrantzitsuak dira"

2021/12/20 - Unibertsitatea.net

Jon Zabala (Lekeitio, 1990) Gizarte Hezkuntzan diplomatu zen 2011n. Zenbait urtez haur eta nerabeen hezitzaile bezala aritu zen lanean zentro itxi eta irekietan eta ondoren, bi urtez aritu zen familia hezitzaile bezala. Bitartean Hezkuntzaren Psikologiako masterra atera zuen. Ikerketarekiko grinak eta jakin-minak or ziharduen, hori dela eta 2018an UPV/EHUko Psikologiako ikerketa masterra atera zuen. 2019an ekin zion doktoretza tesiari “Kognizioa, Emozioa eta Kultura” Psikologia Fakultateko ikerketa taldean. 2020an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren beka jaso zuen (IT-0338-20) tesia egiteko.

Gizarte hezkuntza ikasi zenuen eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero.

Gizarte hezkuntza ikasi nuen, baina Gizarte Psikologia betidanik jarraitu izan dut gertutik.

Ikerketaren mundurako saltoa jakin minak eta aurkikuntzaren magiak bultzatuta egin nuen. Kasu honetan Gizarte Psikologia aukeratu nuen, izan ere, gizartean oso interesaturik nago, zehazki, pertsona eta gizarteen fenomenoetan.

Aurkikuntza eta gauza konplexuen ulermen prozesuek barruak astintzen dizkidate, nolabait hunkitu, txunditu eta buru-eztanda bat eragiten didate. Laburbilduz, nire jakin-mina asetzeko asmoz jo nuen ikerketara.

Jarduera sozialek gure ongizatean duten garrantzia ikertu nahi izan duzu.

Alde batetik praktikotasunagatik.

Askotariko gaiak aukeratuko nituzke ikertzeko, baina ikerketa mundua handiegia eta konplexuegia da. Hori dela eta, dagoeneko landuta edo lantzen ari den ikerketa lerro bat aukeratzea komeni da, honek ikerketa lanaren zama arindu baitezake. Gaur egun parte naizen “Kognizioa, Emozioa eta Kultura” UPV/EHUko talde kontsolidatuan erritu kolektiboen gaia lantzen hasi berriak ziren, eta gai hori aukeratu nuen.

Bestetik interesagatik.

Beste pertsona asko bezala, bakartia eta aldi berean oso soziala naiz. Maite ditut nire familia eta lagunak, parte sentitzen naizen herri, komunitate eta taldeetako pertsonak, gustuko dut interakzio soziala (batzuetan) eta ongi sentiarazten nau. Pertsona oso sozialak gustuko ditut, zoriontsu eta interakzio sozialetan disfrutatzen dutela nabaritzen zaie.

Gaia gertukoa eta garrantzitsua da guztiontzat, azken finean, nahitaez etengabe ari gara gainerako pertsonekin interakzioan, eta hau pertsonen ongizatearekin nola erlazionatzen den aztertzea interesgarria iruditu zitzaidan.

Zerbaiten partaide edo integratuta sentitzea, gizakiarentzat oinarrizko beharrizan psikologikoa dela diozu.

Gizakia animalia soziala da, eta gainerako animalia sozialek moduan integrazioaren eta ostrazismoaren —bazterketa eta gor egitearen— estrategiak erabili izan ditu milaka urtetan zehar. Gaur egun hau bortitza iruditzen zaigun arren, funtzio ebolutibo bat du eta hauxe zen ohikoena kasik gaur egun arte. Ostrazismoak taldea indartsuagoa bilakatzen du. Alde batetik, taldearentzako kostu handi bat suposatzen duten kideen zamaz askatzen du. Eta bestetik, ostrazismoa jasatearen aukera garaiz hautemateko gai diren kideak taldearentzako baliotsuagoak bilakatzen saiatzen dira, taldearen kidetasuna, babesa eta ugalketa aukerak areagotuz. Baztertuak hil egingo lirateke.

Hain zuzen ere, bazterketak bi erreakzio eragiten dituela frogatu da, bata, integratzeko nahia, eta bestea, oldarkortasuna. Kidetasunaren nahia gizakiaren berezko ezaugarri bat dela esan daiteke, eta hau agerikoa da bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan.

Gizarte edo talde batean integratuta jarraitzeko hauentzat baliotsuak izaten saiatzen gara, eta norbere burua hobeto zaintzera motibatzen du. Bestalde, talde baten kidetasunak gainerako oinarrizko beharrizan psikologikoetan positiboki eragiten du. Kidetasunak inguratzen gaituen mundua ulertzeko eta berarekin modu arrakastatsu batean erlazionatzeko esanahi eta ulertzeko modu partekatuak eskaintzen dizkigu, baita babes soziala ere. Honek autoestimuan eta bizitzarekiko kontrolean positiboki eragiten du, baita bizitza esanguratsuagoa dela sentiarazten lagundu ere.

Datuen arabera, pertsona sozialek eta talde askorekiko kidetasun maila altua adierazten dutenek gainerako oinarrizko beharrizan psikologikoen maila ere altuagoa adierazten dute, hau da, autoestimu, kontrol eta bizitza esanguratsu bat izatearen sentimendu maila altuagoak. Oro har, zoriontsuago dira, gehiago bizi dira eta osasun arazo gutxiago dituzte, bai fisiko eta baita psikologikoak ere. Beste muturrean, pertsona isolatuek, bazterketa edo ostrazismoa jasan dutenek oinarrizko beharrizan psikologikoen maila baxuagoak adierazten dituzte. Era berean, jokaera ez-adaptatiboak (adibidez, droga kontsumoa, jokaera erasokorra eta oldarkorra) eta osasun arazo maila altuagoak ere, antsietatea eta depresioa, besteak beste.

Baina, parte hartzaileen arteko estimulazio emozionala ere garrantzitsua da.

Gai hau, erritu kolektiboen alorrari dagokio eta aurretik esandako guztiarekin oso lotuta dago.

Erritu kolektiboak, funtsean, era guztietako egoera sozialak dira, hauek, batere estrukturatuak dauden lagunen arteko solasaldi eta afariak, edota oso estrukturatuak dauden martxa folkloriko eta erritu erlijiosoak izan daitezke.

Durkheim-en teoriaren arabera, erritu kolektiboak taldeko kideen arteko loturak sendotzeko eta eraikitzeko funtsezko ariketak dira. Hauek, kideen arteko elkartasuna eta taldeko sinesmen eta baloreekiko adostasunak indartu eta pertsonen ongizatean eragiten dute, parte-hartzaileek erritua sentimendu eraberritu batekin uzten dutelarik. Erritu kolektiboen eragin psikologiko eta sozial hauek ordea, eferbeszentzia kolektiboaren bitartez baino ezin dira lortu.

Eferbeszentzia kolektiboa pertsonek gertaera emozional bat elkarrekin bizi eta emozioak partekatzearen ondoriozko mekanismo bizigarri bat bezala definitu zuen Durkheim-ek. Durkheim-en arabera, erritu kolektiboen eta bere eraginen ardatz nagusia parte-hartzaileen arteko estimulazio emozionalaren bitartez sortzen den eferbeszentzia kolektiboa da.

Teoria egiaztatzeko, Euskaraldiako eta Korrikako parte hartzeak aztertu dituzu.

Euskaraldiako ikerketa Korrikako parte-hartzearen eraginak aztertzeko aurretiko pausua izan zen, hau da, ikerketa pilotua. Batik bat, ingelerako eta gaztelerazko galdeketek euskaraz nola funtzionatzen duten aztertzeko. Honenbestez, batez ere Korrikako ikerketan zentratuko naiz.

Korrikako parte-hartzearen eraginak aztertzeko eta Durkheimen eferbeszentzia kolektiboak eragin horietan duen papera ikertzeko epe luzerako ikerketa kuasi-esperimental bat burutu zen. Hau da, datuak parte hartu baino hiru-lau aste lehenago (test-aurre), parte hartu eta lehenengo eta hirugarren egunen barruan (test-bitarte) eta parte hartu eta hiru astetara (test-oste) jaso ziren.

Lagin hau jasotzeko bi modu erabili ziren. Lehenengoa, kaleko lana izan zen. Bi asteburutan zehar euskaldunak egon ohi diren Euskal Herriko hiriburuetako kaleetara jo nuen. Bertan, Korrikan eta ikerketan parte hartzeko prest zeuden pertsonen helbide elektronikoak jaso nituen.

Bigarrena, AEK-ren laguntza izan zen. AEK-k Korrikako laguntzaileei ikerketan parte hartzeko gonbita bidali zien.

Modu honetara, test-aurrea 845 pertsonek bete zuten, test-bitartea 406 pertsonek eta test-ostea 273 pertsonek. Honenbestez, teoria egiaztatzeko test-aurrea eta test-bitartea bete zuten 406 pertsonen datuak erabili ziren.

Korrikan parte hartzearen eraginak aztertzeko hainbat aldagai jaso ziren: Ongizate pertsonala, ongizate soziala (integrazioa, gainerako pertsonekiko konfiantza, gizartearentzako baliotsuak sentitzea eta gizartearen aurrerakuntza sentsazioa), ahalduntze kolektiboa eta fusio identitatea. Datu hauek, aipaturiko hiru denboratan jaso ziren, ikusteko ea aldagai hauen puntuazioak altuagoak ziren test-bitartean test-aurrean baino, eta era berean, jakiteko eragin hauek nola mantentzen ziren test-ostean.

Aldagaietan puntuazio aldaketa hori (balego) eferbeszentzia kolektiboak azaltzen zuen ala ez aztertzeko, hautemandako sinkronia emozionalaren tresna erabili genuen. Gainera, hautemandako sinkronia emozionalaren eragina kontrolatzeko test-aurreko aldagaien puntuazioak erabiltzeaz gain, puntuazio horien igoera azaldu zitzaketen beste hainbat aldagaien datuak ere jaso ziren (emozio positibo eta autotraszendenteak, “kama muta” eta fluxu partekatua), eta baita, parte-hartzearen kalitatea ere (inplikazioa, parte hartzerakoan bizitako intentsitatea eta satisfazioa). Datu hauek, bigarren denboran jaso ziren, hau da, test-bitartean.

Zer diote emaitzek?

Teoria egiaztatzen dela.

Alde batetik, menpeko aldagaien puntuazioak altuagoak dira test-bitartean test-aurrean baino, eta ezberdintasun hauek estatistikoki esanguratsuak dira ongizate sozialaren, ahalduntze kolektiboaren eta fusio identitatearen kasuan. Ongizate pertsonalen kasuan, aldiz, igoera hau ez da estatistikoki esanguratsua.

Azkenik, aldagai guzti hauen arteko harremanen sekuentzia aztertzeko ekuazio estrukturalak burutu ziren. Datuen arabera, aldaketa hauek bereziki sinkronia emozionalaren (edota eferbeszentzia kolektiboaren) bitartez azaltzen dira. Beste modu batean esanda, sinkronia emozional gehiago hauteman zutenek gutxiago hauteman zutenek baino puntuazio aldaketa altuagoak adierazi zituzten ongizate sozialean, ahalduntze kolektiboan eta fusio identitatean. Honenbestez, esan genezake, parte hartze hutsa ez dela nahikoa eragin psikologiko positibo hauek gertatzeko, horretarako beharrezkoa dela parte-hartzaileen arteko estimulazio emozionala gertatzea.

Aipatu beharra dago, alde batetik, eragin hauek epe mugatua dutela. Korrikan parte hartu eta hiru astetara puntuazio hauek jaitsi egiten dira ongizate sozialaren eta ahalduntzearen kasuan, baina parte hartu baino lehen baino altuago mantendu ere. Aldiz, parte-hartzaileekiko fusio identitatea denboran zehar mantendu egiten da. Azken finean, esperientzia emozional esanguratsuak elkarrekin bizi izan dituzten pertsonak elkarrekin mantentzen direla.

Azkenik, gaizki ulerturik egon ez dadin, erritu kolektiboetan parte hartzea positiboa izan daitekeen arren, honek ez luke ordezkatuko pertsona batek beharko lituzkeen terapia edo tratamenduak bere osasun psikologikoa hobetzeko.

Dena den, ikerketa honen eta beste hainbat ikerketa emaitzetan oinarrituz ziurtasunez esan dezakegu erritu kolektiboak gizarte edota taldeak elkarrekin mantentzen eta pertsonen osasun psikologikoan positiboki eragiten duten fenomeno garrantzitsuak direla.

Bada bereziki harritu zaituen zerbait?

Bai.

Test aurreko datuez baliatuz, datuen zeharkako ikerketa bat burutu nuen, ikusteko euskaldunekiko fusio identitatea eta ahalduntze kolektiboa nola erlazionatzen diren ongizatearekin eta parte-hartze komunitarioarekin. Argitaratu genuen artikuluan laburbiltzen genuen bezala, euskaldunekiko fusio identitate eta ahalduntze kolektibo maila altua adierazten duten pertsonek gutxiago adierazten dutenek baino ongizate eta parte-hartze komunitario altuagoak adierazten dituzte.

Baina bazen argitaratu ezin izan zen zerbait interesgarriagoa. Orokorrean, badirudi, euskaldunekiko fusio identitateak garrantzia handiagoa duela gizonezkoen ongizate pertsonalean, onarpen sozialean eta ahalduntze kolektiboan emakumezkoenean baino. Emakumeek gizonezkoek baino ongizate pertsonal altuagoa adierazten dute, baina puntuazio hauek berdindu egiten dira fusio identitatea altua denean. Aldiz, fusio identitatea txikia denean gizonezkoen ongizatea emakumezkoena baino dezente gehiago jaisten da. Hau da, emakumeen artean euskaldunekiko fusio identitateak ez du gizonezkoen haina eragiten.

Baliteke, emakumezkoen ongizaterako garrantzitsuak diren kidetasunak beste esparru batzuetara mugatzea, adibidez, bikotea, familia, lagunak eta komunitatea. Aldiz, gizonezkoena horietatik haratago doala dirudi, esparru edo talde zabalagotara, adibidez, aberri eta talde abstraktuetaraino.

Dena den, emaitza hauek kontu handiz interpretatu beharrekoak dira, izan ere, alde batetik, ez dut gai hau ikertu duen aurretiko lanen ezagupenik, eta bestetik, ikerketa bat ez litzateke nahikoa izango ondorio hauetara iristeko. Emaitzak zorizkoak ez direla ziurtatzeko ikerketak replikatu egin behar dira.

Faktore sozialek gure ongizatean eragina dutela ikusi da. Are gehiago ingurukoekin emozionalki konektatuta sentitzen zirenen kasuan. Bada kontutan hartzeko zerbait.

Isolatuta egon zaitezke, eta hala ere, zure testuinguruarekin eta pertsonekin konektatuta sentitu. Eta alderantziz, familia eta lagunez inguratuta egon eta isolatuta sentitu.

Dena den, egia da, datuen arabera, herrialde moderno-indibidualistetan balore indibidualistek gizabanakoa isolatuago sentitzera eraman dezaketela.

Gizarte bat zenbat eta modernoagoa bilakatu eta pertsona-arteko interdependentziatik zenbat eta gehiago askatu orduan eta balore indibidualistagoak nagusitu ohi izan dira. Balore hauek, funtsean, garapen pertsonala, autonomia, askatasuna eta erantzukizun pertsonala dira, eta pertsonen Nia balore hauen arabera deskribatzea da ohikoagoa.

Aldiz, garapen bidean dauden herrialdeetan, tradizionalistago edota pobreagoetan balore kolektibistak nagusitzen dira. Balore hauek, pertsona-arteko interdependentziara eta kolektiboaren parte izatera mugatzen dira, eta pertsonen Nia inguruko pertsonekin dituzten harremanen arabera deskribatu ohi da.

Balore indibidualistek pertsona bati gertatzen zaion guztiaren erantzukizuna beregain hartzea eragiten dute, hau da, norbere patua, lorpenak eta zoriontasuna norberaren esku daude, onerako zein txarrerako. Alde txarrari dagokionez, krisi egoeretan erru sentimendu eta estres maila altuagoak erraztu ditzakete, era berean, suizidioarekin nagusiki lotzen diren sentimenduetan eragin ere, bakardadea, amorrua, tristezia eta itxaropen eza, besteak beste.

Aldiz, herrialde kolektibistetan bizitzaren norabidea markatuago dago, norbere patua, lorpenak eta zoriontasuna gizartearekin edo taldearekin lotuta daude, kasu honetan ere, onerako zein txarrerako. Kasu onean, gizabanakoari gertatzen zaion guztiaren zama besteekin edo testuinguruarekin partekatzen da nolabait esatearren, eta beraz, sentimendu hauek ez dute hainbesteko pisurik hartzen.

Honetaz gain, indibidualismoa nagusitzen den herrialde eta pertsonengan laguntza profesionala zein ez-profesionala bilatzeko joera txikiagoa da. Herrialde hauetan, suizidioarekiko jarrera aukera askekoa eta gaixotasun mental bat bezala ulertzen da, estigmatizatuago eta arbuiatuago edo baztertuago dago. Aldiz, kolektibismoan babes soziala bilatzea onartuago eta eskuragarriago dago. Gainera herrialde kolektibistetan, tradizioak, erlijioak eta kolektiboak pisu handia dute, eta suizidioarekiko jarrera “debekatuago” edo “zentsuratuago” dago, bai sozialki besteekiko sentitzen den erantzukizunagatik, eta baita, heriotzaren ostean zigortzen den jokaera bat dela sinesteagatik ere.

Aurrerakuntzaren eta indibidualismoaren albo-kalteak arintzeko (batik bat isolamendu edo bakardade sentimenduak arintzeko) egokia litzateke elkartuago dagoen gizarte bat eraikitzea. Gizarte bateko suizidio tasak jaitsi egiten dira hondamendi eta gerra garaietan. Fenomeno hauek, gizarte bat elkartzea, gizabanakoaren bizitza esanguratsuagoa bilakatzea eta bizirauteko sena piztea eragiten dutela ondorioztatzen da.

Baina, noski, hau ez litzateke arazo hau arintzeko bidea.

Datuek erakusten dutenez, kidetasunak eta hautemandako babes sozialak suizidioarekin lotuta dauden hainbat faktoreen kontrako babesle bezala joka dezakete, besteak beste, bakardadearen eta depresioaren babesle bezala. Familian, lagun artean, eta oro har, gizartean, arazo emozionalei buruzko komunikazioa erraztu beharko litzateke, kidetasun sentimenduak eta babes soziala areagotzeko.

Azken finean, gizabanakoak taldekoengandik autonomoagoa izateko eta ezberdintzeko duen beharrizana (indibidualismoa) bezain garrantzitsua da parte eta babestuta sentitzeko beharrizana (kolektibismoa).

Zein erronka dituzu eskuartean?

Ikertzea, ikertzea eta ikertzea.

Printzipioz, ditudan datu guztien analisiak, emaitzak eta ondorioak jasoko dituzten zenbait artikulu argitaratzea gustatuko litzaidake, eta tesiari forma eman. Behin, fase hau bukatzean, ikertzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Agian antzeko ildoa jarraituko dut, agian ez.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Dibertigarria, baina erronka bat ere izan zen niretzat. Izan ere, tesi bat sei txiotan laburtzea eta gainera, ulergarria izatea ez da erraza, baina ikusi dut posible dela.

Horretaz gain, hunkigarria da ikustea Euskal Herrian dagoen maila ikerketari dagokionez, eta Txiotesia hemendik burutzen ari diren ikerketak ezagutarazteko bide aproposa dela iruditzen zait.

Espero dut hurrengo Txiotesian ere parte hartzea.

 

txiotesia,elkarrizketa