Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Jakinduriek mundue erreko dau"

Dokumentuaren akzioak

"Jakinduriek mundue erreko dau"

2016/09/07 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik "Bertsozientzia" emanaldia izango da irailaren 24an Bilbon

Jakinduriek mundue erreko dau 2016 izenburupean eta zientziarekiko interesa pizteko helburuarekin beste behin ere bat egingo dute bertsolari eta zientzilariek. Kike Amonarrizek gidatuko du aurtengo Bertsozientzia emanaldia eta hiru bertsolari eta lau zientzialarik parte hartuko dute: Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria bertsolariek, eta Gotzone Barandika kimikariak, Patxi Juaristi soziologoak, Onintze Salazar meteorologoak eta Felix Zubia medikuak.

Hitzordua Bilboko Bizkaia Aretoan izango da irailaren 24an, 18:00etan eta doakoa izango da.

Zientzilariek gai baten inguruko azalpenak emango dituzte eta Amonarrizen laguntzarekin bertsolariek informazioa deskodetu eta doinu eta errimaz jantziko dituzte zientzia gaiak.

Hona hemen landuko diren gaiak:

  • Gotzone Barandika UPV/EHUko irakasleak, ikertzaileak eta kimikariak kimikariak maila atomikoan hutsuneak nola diseinatzen dituzten argituko dizkigu: “Kimikariok, nanoarkitektoak”
  • Patxi Juaristi UPV/EHUko soziologoak eta UPV/EHUko ikertzaile, irakasleak hauteskundeen emaitzak iragartzeko egiten diren inkestek zergatik ez duten asmatzen, edo bai azalduko digu: “Gauza bat esan, eta bestea egin: nola asmatuko dute bada, hauteskunde-inkestek?”
  • Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoak eta EiTBko Eguraldia saioaren esatariak kontatuko digu mugikorrak ematen dizkigun eguraldi iragarpenek zirrikitu asko dituztela, ez baitira uste dugun bezain zehatzak: “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?”.
  • Felix Zubia medikuak eta UPV/EHUko irakasleak gure osasunean eragiten duten hainbat faktore aurkeztuko dizkigu. Izan ere, ingurumenak, ohiturek eta genetikak badute zeresana gure osasunean: “Zerk eragiten du gure osasunean?”