Dokumentuaren akzioak
Fermin Alvarez: "Itsas maila azken mendeetan nola aldatu den aztertzen dugu"
Fermin Alvarez Agoues (Zarautz, 1991) Itsas geologoa da. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean egin zituen geologia ikasketak eta ondoren itsas inguruneetan espezializatu zen. Egun Dublinen dabil Trinity College unibertsitatean doktoretza egiten. Itsas mailaren aldaketak aztertzen ditu bertan, azken mendeetan zehar eman diren aldaketak aztertuz, egun ematen ari den itsas mailaren igoera ulertzeko. Ferminen hitzetan, "aldaketa klimatikoak larritzen nau, baita honen inguruan erabakiak hartzen dituztenen jarrerak ere".
Geologia ikasketak egin zenituen eta itsasoan espezializatu.
Betidanik izan dut Lurrarekiko interesa, egun gure begiekin ikusten dugun hori nola garatu den ulertzeko kuriositatea, nola joan den gure ingurua denboran zehar aldatzen. Eta horregatik ikasi nuen Geologia, eta arrazoi berarengatik espezializatu nintzen itsas ingurunetan. Hau da, ni kostaldean hazi naiz, itsasoari begira, eta etengabe ikusi dut kostaldea aldatzen: nola neguan hondartzak hondar gutxiago zuen eta uda garaian gehiago, edo nola ekaitzetan olatuek malekoia jotzen zuten.
Beraz, geologia ikasketei ekin, eta hasi bezain azkar, garbi izan nuen kostaldearen aldaketak aztertzea zela nire interes nagusia, nola baldintza klimatikoek munduko kostaldeei ezberdin eragiten dien, eta nola ondorioz, horiek etengabe aldatuz doazen.
Trinity Collegen ari zara tesia egiten. Nola aurkeztu zen aukera?
Ni lizentziaturaren garaikoa naiz, hau da, nire geologia ikasketek bost urte iraun zuten. Itsas ingurunetako masterrak berriz, bi urte iraun zituen. Zazpi urteko ikasketak egin nituen beraz, eta horiek amaitzean, gustuko nuela jakin arren, ez nuen ikerketa-munduan barneratzeko motibaziorik ez segurtasunik. Ondorioz, lanean hasi nintzen, energia berriztatzaileen industrian zehazki. Eta lanean eman nituen lau urte, oso gustura.
Baina denbora aurrera zihoan eta gero eta argiago nuen ikerketarantz bideratzeko erabakia. Egia da zientzian bidea irekitzea ez dela erraza, ikerketarako aukerak urriak direla, eta lan-baldintzak nahiko pobreak, orokorrean. Hau dela eta, denbora luzez ibili nintzen aukerak bilatzen, baina garbi nuen nondik bideratu nahi nuen nire ikerketa, eta gutxien espero nuen momentuan, halaxe azaldu zen Dublinera etortzeko aukera. Hainbat elkarrizketa egin, hainbat dokumentu bete, eta 2020ko otsailaren amaieran Trinity Collegen hasi nintzen Atlantikoan itsas mailaren aldaketak aztertzen.
Klima aldaketak itsas mailan duen eragina ikertzen diharduzu.
Halaxe da. Itsas maila azken mendeetan nola aldatu den aztertzen dugu, lurreko baldintza klimatikoek aldaketa hauetan nola eragin duten aztertuz. Horrek, itsas mailaren aldaketa horietan eragin duten prozesu ezberdinen berri emango digu, datozen hamarkadetako itsas mailaren igoera hobeto ulertzeko testuinguru bat sortuz. Hala ere, itsas mailaren aldaketa ez da uniformea, hau da, ez da mundu osoan berdin aldatzen, tokian toki ezberdina da. Eta lurreko eskualde zehatz batean, datozen urteetan emango den itsas mailaren aldaketa ulertzeko, beharrezkoa da eskualde zehatz horrek azken mendeetan zehar izan dituen aldaketak ulertzea.
Gure kasuan, ikerketa eremua Ipar Atlantikoa da. Ondorioz, Irlanda zein Estatu Batuetako ekialdeko kostan emandako itsas mailaren bilakaera aztertzen dugu, Atlantikoko korronte nagusiek kostalde hauetako itsas mailaren aldaketetan duten eragina ulertuz.
Etorkizunean gertatuko dena iragartzeko aurretik gertatu dena aztertu eta ulertu beharra dago. Nola da prozedura?
Egun itsas maila neurtzeko ditugun instrumentuak (mareografoak eta sateliteak) oso zehatzak dira, eta bereizmen handiko neurketak ahalbidetzen dituzte. Hala ere, neurketa horien erregistroa mugatua da denboran, eta apenas ditugu 1950 baino lehenagoko neurketak. Mugatze horrek azken mendeetako itsas mailaren bilakaeraren definizioa eragozten du, baita zein prozesuk eta nola eragiten duten ere. Izan ere, itsas mailan eragiten duten prozesu gehienek ehunkako urteetako eskalan dute eragina. Hau da, erregistro luzeago bat behar da toki zehatz bateko itsas mailaren aldaketak ondo ulertzeko.
Helburu horrekin, guk paduretako sedimentuak aztertzen ditugu. Padurak energia baxuko kostaldeko inguruneak dira. Bertako sedimentazioa mareen araberakoa da, eta itsas mailaren igoerarekin batera, sedimentuak erritmo berean metatzen doaz, horregatik, paduretan lurperatutako sedimentuak itsas mailaren aldaketen erregistroa dira. Guk lurperatutako sedimentu horiek aztertzen ditugu beraz itsas mailaren aldaketak berreraikitzeko.
Horretarako, landa lanordu luzeen bidez, sedimentu egokiak identifikatzen eta jasotzen ditugu, gero laborategian aztertzeko. Azterketa honetan, sedimentuetan aurki daitezkeen mikrofosil ezberdinak aztertzen ditugu, baita hainbat ezaugarri kimiko ere. Horren bitartez, lurperatutako sedimentuak pausatu zireneko itsas mailaren altuera berreraiki dezakegu, itsas maila zein puntutan zegoen alegia. Behin sedimentu-erregistroaren altuera berreraikita, datazio prozesu bat egin ohi da, isotopo erradioaktibo ezberdinen azterketaz, sedimentu-erregistroren adina berreraikitzeko. Behin adina zein altuera berreraikita, modelo estatistikoak erabiltzen ditugu, emaitzatzat itsas mailaren aldaketak denboran nola izan diren jasoz. Prozesu honek 2000-3000 urteko berreraikitzeak ahalbidetzen ditu gehienez, baina bereizmen-denbora paduretako sedimentuen araberakoa izango da.
Berreraikitze prozesu hori hainbat tokitan errepikatuko da, eta ondorengo pausua berreraikitze horien konparaketa izango da. Konparaketa prozesu honek eskualde mailan itsas mailak denboran zein espazioan izan dituen aldaketak ulertzea baimenduko digu, baita tokian toki prozesu fisiko ezberdinek nola eragiten duten ulertzea ere.
Sedimentuak aztertuz 2000 urte atzera egiteko gaitasuna dagoela diozu. Zuen kasuan noiz arte egin duzue atzera?
Itsas mailaren berreraikitze hauek paduretako sedimentuen araberakoak dira. Sedimentuek markatuko dute berreraikitzearen bereizmen-denbora erreala. Estatu Batuetako kostan, bertako paduren naturagatik, badakigu 2000 edo 3000 urteko berreraikitzeak egiteko gai izango garela. Irlandako kasuan ordea, ezberdina da, orain arte ez baita horrelako berreraikitzerik egin. Azken glaziazioko izotz-masa handien urtzeak Irlandako kostaldean itsas mailaren historia oso aldakorra izatea eragin du, eta ez dakigu ondo bertako sedimentuek izango duten gaitasuna denboran zehar berreraikitzeak luzatzeko. Lehen emaitzak ordea, itxaropentsuak dira.
Zer diote orain arteko emaitzek?
Goiz da behin betiko emaitzez hitz egiteko, eta oraindik lan asko dugu aurretik, gainera sedimentuen azterketa nahiko mantsoa da. Baina lehen azterketen emaitzek erabiltzen ari garen teknikaren eraginkortasuna erakusten dute, hau da, berreraikitze mota hau Irlandako kostan egin daitekeela. Era berean, Irlanda hegoaldeko kostaldean, itsas mailaren igoeraren azelerazio bat erakusten dute lehen emaitzek industrializazio aurreko garaietatik hona.
Klima aldaketak mundu mailan itsasoen igoera eragiten ari da, baina tokian tokikoa ezagutzea eta ulertzea oso garrantzitsua dela diozu. Euskal Herrian gertatutako aldaketak eta Irlandakoak alderagarriak dira?
Alderagarriak dira, bai, baina hein batean soilik. Itsas mailaren aldaketetan eskala ezberdineko prozesuek eragiten dute, prozesu lokaletatik hasi eta globalki eragiten duten prozesuetaraino. Eta horien ondorioz aldatzen da itsas maila ezberdin tokian toki, horregatik da garrantzitsua aztertzea zein eragin duten toki bakoitzean. Irlanda eta Euskal Herriko kostaldeetan ozeano Atlantikoa da itsas maila aldaketen eragile nagusia, eta beraz, alderagarriak dira. Adibidetzat, egungo itsas maila igoeraren erritmoa dugu: Irlanda hegoaldeko kostan ematen ari den itsas mailaren igoera, Euskal kostaldean ematen ari denaren oso antzekoa da. Hala ere, ezberdintasunak badaude, eta ezberdintasun hauek eskualde-eskalan edo lokalki eragin dezaketen prozesuen ondorio dira.
Klima aldaketaren auzia pil-pilean dago... baina denbora aurrera doa. Zeintzuk lirateke berehala hartu beharreko neurriak?
Hartu beharreko neurriak garbiak dira, eta ez da nire ustea, zientziak dioena da: Karbono emisioak gutxitu behar dira, ahal bezain azkar. Geroz eta denboran gehiago luzatu, ondorioak geroz eta okerragoak izango dira. Beraz, hartu beharreko neurri nagusia definituta dago jada.
Gizarte bezala berriz, uste dut beharrezkoa dela egungo sistemaren aldaketa bat, trantsizio ekologiko bat, ingurumena gehiago errespetatuz garatuko den gizarte bat. Herri mailan ordea, uste dut beharrezkoa dela moldatze neurri egokiak definitzea, eta lokalki garatutako ikerketak. Hau da, aztertu zein izan daitezkeen kalteak, eta honen araberako neurriak hartu.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Erronka nagusia, seguruenik egungo doktoregai gehienen antzera, pandemiak eragin ditzazkeen atzerapenei aurre egitea da. Izan ere, hainbat zailtasun eragin dizkigu egungo egoerak proiektuan. Oraingoz ondo egin dugu aurrera, eta erritmo onean gabiltza lanean, baina egia da eragina izan duela pandemiak proiektuan, eta dagoeneko eginda behar zuten hainbat ekintzek pausatuta darraitela. AEBetan egin behar genuen laginketa da adibide bat, bertako mugak itxita egotean, ezin izan baitugu orain arte bertara joatea planteatu ere egin. Beraz, erronka nagusia proiektua, bere osotasunean, aurrera ematea da. Eta etorkizun batera begira, erronka nagusia euskal kostaldeko itsas maila aldaketak aztertzea, noski!
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen Txiotesia, oso gomendagarria. Lehenik eta behin, hainbat ikerlari euskaldunen esperientziak ezagutzea eta partekatzea. Benetan interesgarria da euskal ikerlariak zenbat arlotan dabiltzan lanean ikustea. Eta honi agerikotasuna ematea oso garrantzitsua iruditzen zait. Bestalde, lanean nabilen proiektua 6-7 esaldi motzetan jartzea erronka oso polita izan zen, eta oso erabilgarria. Ikerketa ingelesez egiten nabil, eta euskaraz azaltzeko aukera izateak ere ilusio berezia egin zidan.