Dokumentuaren akzioak
Bertsolaritza eta zientzia uztartzen
"Jakinduriek mundue erreko dau" du izena bertsolaritza eta zientzia mundua uztartuko dituen ekitaldiak. Bihar izango da Bilboko Bizkaia Aretoan -Abandoibarra 3- eta bost zientzialarik eta hiru bertsolarik osatutako talde bat arituko da gai ezberdinen inguruan mintzatzen.
Hitzaldi laburrak ematea izango da helburua, hamar bat minututakoak eta argia, astronomiaren egoera, adimen artifiziala edota gure hizkuntzan bereizgarria den ergatiboa izango dira gaiak. Kike Amonarrizen laguntza izango dute bertsolariek gaiak deskodetu eta errima eta doinua txertatzeko.
Jon Mattin Matxain UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, Naiara Barrado eta Itziar Garate UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileak, Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea eta Itziar Laka hizkuntzalaria eta UPV/EHUko ikertzaile eta irakaslea izango dira zientzialariak. Bertsolariak, ordea, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña izango dira.
Sarrera doan izango da. Honatx informazio gehiago: Jakinduriek mundue erreko dau.