Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Asier Lores: "Espazioko muturreko baldintzetan ondo erantzungo duten piezak garatzeko teknologia berriak erabili nahi ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Asier Lores: "Espazioko muturreko baldintzetan ondo erantzungo duten piezak garatzeko teknologia berriak erabili nahi ditugu"

2020/05/04 - Unibertsitatea.net
Ingeniari Aeroespaziala da Lores. Egun Tecnalia-UPV/EHUren artean ari da Doktorego tesia egiten.

Asier Loresek (Algorta, 1993), Ingenieritza Aeroespaziala ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan (UPM). Material aurreatuen ingenieritza Masterra egin zuen gero UPV/ EHUn eta Doktoretza tesia egiten ari da Tecnalia-UPV/EHU artean, espazio aplikazioetarako fabrikazio gehigarria aztertzen.

Espazioko aplikazioetarako piezak ikertzen dituzu Tecnaliako Aeronautika Sailean.

Fabrikazio gehigarrirako material “bereziak” diren eta espazioko aplikazioetarako erabilgarriak izan daitezkeen piezen garapenak aztertzen ditugu. Betidanik mirestu izan ditut aeronautika eta espazioa. Nolatan izan liteke ehundaka tona pisatzen dituzten metalezko tramankuluak lurretik altxa eta milaka kilometrotan zehar hegan egitea? Edota nola izan daiteke posible orain dela 43 urteko teknologiarekin gizakiak espaziora jaurtitako Voyager zunda gure eguzki sistematik atera izana?. Halako galderak erantzuten dituzten ezagutzak izatea eta mundu horretan nire ekarpenak egin ahal izateak ekarri ninduen ikerketaren arlora.

Espazioko muturreko baldintzetan ondo erantzungo duten piezak diseinatu nahi dituzue.

Kontuan izan behar dugu espaziontzi edo satelite baten ohiko ingurugiroa oso aldakorra eta bortitza dela. Izan ere, zero gradu azpitik eta zero gainetik ehundaka gradutako aldaketak jasotzen dituzte egunero; baita eguzkiaren erradiazio zuzena, espazioko hauts eta partikulen talkak eta erradiazio kosmikoa. Ibilgailu horietan doazen piezek, muturreko baldintza horiek ezin hobeto jasan behar dituzte eta gainera diseinatuak izen diren lanak burutu behar dituzte. Hauek fabrikatzeko teknologia berriak erabili nahi ditugu. Eskuartean dugun erronka ez da batere erraza!

Materiale erresistenteak bai, baina aldi berean arinak. Oreka horretan dago gakoa?

Espaziora kilogramo bat bidaltzeak, ehundaka, milaka zein milioika euroko kostua du misioaren arabera. Horregatik, geroz eta arinagoak diren espazio-ibilgailuak lortzeko materialen ikerketa zein piezen diseinu berrien garapenean inbertsio handiak egiten dira. Arlo honetan fabrikazio gehigarriak asko lagundu dezake, diseinu bioniko arinduak zein optimizatuak fabrikatzea ahalbidetzen duelako!

Nola frogatzen duzue materiale hauen eraginkortasuna?

Lehenik eta behin, fabrikazio parametro ezberdinekin probeta sinplifikatuak fabrikatzen ditugu eta hauen karakterizazio sakona egiten dugu propietate egokiak dituzten bermatzeko (mikroegitura eta propietate termiko, mekaniko eta elektrikoak gehienbat). Ondoren, probeta geroz eta konplexuagoak fabrikatzen ditugu fabrikazio parametro hoberenekin, eta materialaren propietate egokiak mantentzen direla ziurtatzen dugu. Azkenik, bukaera-pieza fabrikatu eta beste karakterizazio erronda bat burutzen dugu. Ikusi dezakezuenez, bukaera piezaren garapenak karakterizazio eta analisi etapa ugari daramatza.

Sateliteetako teleskopioak... zein erabilerarako diseinatutako piezak dira?

Orokorrean elektronikako eta optikako sistemetan doazen piezak garatzen ditugu. Adibidez, silizio karburozko ispiluak eta elektronikarentzako oinarriak garatzen gabiltza ESA-ren pare bat proiektuen barnean. Baita metalezko Invar 36 aleazioz egindako ispiluak. Bi materiale hauen ezaugarri nagusienetarikoa, duten kontrakzio eta espantsio termiko ia nulua da. Hau da, nahiz eta tenperatura aldaketa handiak jasan, beraien tamaina eta geometria primeran mantentzen dute eta beraz, doitasun handiko sistemetan erabili daitezke.

Doktorego tesia 2021ean aurkezteko asmoa duzu... zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun erronkak?

Egia esan, gaur egun jasaten ari garen pandemia izan liteke tesia garaiz bukatzeko dudan erronka nagusia. Aurreikusia nuen tesirako garrantzitsua den egonaldi bat egitea Alemanian, eta momentuz, atzeratu egin behar izan dugu. Gainera, esku artean ditugun eta tesirako oinarria diren proiektuen garapenak atzeratzen doaz. Urte bete barru izango dugun egoera ezezaguna da eta honek ziurgabetasun handia sortzen du.

Gainera, estatu mailan ikerketa jardueren finantzazioa nahiko eskasa izan da beti. Euskadi mailan pixkat hobeagoa izan arren, krisi baten aurrean lehenengo murrizketak ikerketa arlora zuzentzen dira, ikerketak hirugarren mailako garrantzia balu bezala. Gauden egoeran, nire ustetan, argi ikusi behar du mundu guztiak ikerketa sare sendo bat izatea zein garrantzitsua den. Kasu honetan botikak edota txertoak azkar garatzeko, baina beste batzuetan puntako industria eta zerbitzuak izan ahal izateko. Espero dugu ikerketaren eta medikuntzaren arloan murrizketak baino, inbertsio handiagoak egitea.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia xelebrea izan zen! Nire tesi zuzendariak bertan parte hartzea gomendatu zidan. Tesi lan bat txio gutxitan laburtu eta harrera ona izatea erronka ona dela iruditzen zait! Euskara eta ikerketa mundua zabaltzeko, txiotesia ekimen ona dela iruditu zitzaidan.

Txiotesiko zure azken txioan hauxe esan zenigun: "... beharbada etorkizunean Euskal Herrian fabrikatutako piezaren batek espaziotik mugikorrarentzako kobertura hobetuko digu hurrengo #txiotesia-ko edizioan!" Aurten egingo dugu 5. edizioa... nola doaz zure aurreikuspenak? ;)

Beno, egia esan, Euskal Herri mailan espazio eta aeronautika industria sendoa dago. Badaude jadanik espazioan hemen diseinatutako eta fabrikatutako piezak. Gure ikerketekin geroz eta haratago dauden teknologia berriak garatu nahi ditugu, etorkizunean aeronautika enpresetan harrera ona izan dezaten.

 

 txiotesia,elkarrizketa