Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alaine Garmendia: "Inplikazio Altuko Lan Sistemen oinarria, antolakuntzaren maila ezberdinetan langileen partehartzea sustatzea eta ziurtatzea da"

Dokumentuaren akzioak

Alaine Garmendia: "Inplikazio Altuko Lan Sistemen oinarria, antolakuntzaren maila ezberdinetan langileen partehartzea sustatzea eta ziurtatzea da"

2021/06/16 - Unibertsitatea.net

Alaine Garmendia (Ondarru 1991) doktorea da eta irakasle-ikertzaile bezala jarduten du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan Berrikuntza-Kudeaketa eta Antolakuntza ikerketa taldean.

Industria ingeniaritza ikasi zenuen eta 2019an aurkeztu zenuen doktorego tesia.

Industria Antolakuntza Ingeniari bezala graduatu nintzen 2013an Mondragon Unibertsitatean eta ondoren Proiektuen Kudeaketa eta Enpresa Berrikuntzan espezializatutako unibertsitate master bat egin nuen unibertsitate berdinean. Ikasten nenbilen bitartean unibertsitatean bekadun bezala aritu nintzen eta banekien gustuko nuela lan hura. Masterra bukatu eta ingeniari bezala aritu nintzen automozioko arloan. Hala ere, lanean nenbilela, unibertsitatera bueltatu behar nintzela sentitzen nuen hezkuntza eta ikerketa sektoreak gustuko izan ditudalako beti eta lan inguruneak ikusita, pertsonen antolaketa eta kudeaketa alorrean gehiago sakondu eta sozializatu behar nuela sentitzen nuelako. Unibertsitateen misioa gizartea eraldatzea denez, bertan zegoen nire tokia. Gogo horretatik tiratuz suertatu zitzaidan Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan irakasle-ikertzaile bezala aritzeko aukera. Konkretuki, Industria Antolakuntzako arloan hasi nintzen, Berrikuntza Kudeaketa eta Antolakuntza lantzen dituen ikerketa taldean.

Pertsonen inplikazioa eskatzen duten sistemen, antolakuntzaren errendimenduaren eta langileen jarreraren arteko erlazio kausala ikertu duzu.

Berrikuntza, Kudeaketa eta Antolakuntzako ikerketa taldearen lan ildoetako bat Pertsonen Kudeaketa Estrategikoa da. Gai hori zen nire interesekoa eta tesi bat egiteko aukera suertatu zenean ez nuen zalantzarik izan, horretan nahi nuen sakondu.

Badaude literaturan korronte ezberdinak lana antolatzeko sistemen inguruan. Pertsonen kudeaketa ikuspuntu estrategiko batetik egiten dugunean, lana era konkretu batean antolatzen dugu zeinetan antolakuntzaren estrategia gauzatzen laguntzen digun eta pertsonaren ongizatea ekuazioaren protagonista eta emaitza moduan aztertzen dugun. Lana antolatzeko era honi, Inplikazio Altuko Lan Sistema deritzogu. Inplikazio Altuko Lan Sistemen oinarria antolakuntzaren maila ezberdinetan pertsonen parte-hartzea sustatzea eta ziurtatzea da, langilegoa ahaldunduz. Testuinguru horietan kudeaketa praktikak konbinatzen dira, langilegoak erantzukizunak bere gain hartzea areagotzeko. Helburu partekatu bat, informazioaren transparentzia, autonomia, langilegoaren trebakuntza kognitibo eta emozionala eta konfiantzan oinarritutako laguntza-lidergoa dira Inplikazio Altuko Lan Sistemen ardatz nagusiak.

Sistema hauen bitartez, pertsonen ongizatea ahalbidetzen dugu, izan ere, praktika hauek gizakion beharrei erantzuten diete: hala nola, talde bateko kide izateko beharra eta laguntzeko, erabakiak hartzeko eta arduratsua izateko beharra. Gainera, aldi berean honek antolakuntzaren emaitzetan eragin positiboa dauka. Irabazi-Irabazi erlazioa ematen da pertsona eta antolakuntzaren artean.

Orokorrean, inguruko antolakuntzetan, inertzia jarraituta iraganean ainguratutako lan sistemekin jarraitzen dutela ikusi dugu. Hau da, gainbegiratzean oinarritutako kudeaketa-sistemekin. Tesiaren arrazoi nagusia hortaz, antolakuntzei pertsonen kudeaketa estrategikoa ez egiteak, zenbateko galera (bai ekonomikoki eta posizionamendu estrategikoari dagokionez) suposatzen dien erakustea izan da ebidentzia kuantitatiboekin. Horretarako, analisi enpiriko baten bidez, “kausa” aldagai moduan Inplikazio Altuko Lan Sistemak aztertu genituen eta “efektu” aldagai moduan pertsonen ongizate eta inplikazio mailak, eta antolakuntzaren errendimendua.

Ikerketa longitudinala egitea izan da zure helburua. Zergatik?

Kausa-efektu erlazioak aztertu ahal izateko, beharrezkoa da ikerketa longitudinala egitea, hau da, denboran zeharreko neurketak izatea. Kausalitatea aztertzeko ezinbesteko baldintza da kausa aldagaia efektua baino lehenago gertatzea denboran. Esaterako, Inplikazio Altuko Lan Sistemen ezaugarri nagusienetako bat autonomia lantzea da. Guk ezin dugu lan talde autonomoak martxan jarri egun batean eta hurrengo egunean pertsonen ongizate eta antolakuntzaren errendimendua neurtu, hori ez zen izango kausa-efektu erlazio bat. Kausak eragin egin behar du, denbora bat behar du efektua sorrarazteko. Hortaz, hasierako puntuan, A puntuan, emaitzak neurtu behar dira eta behin sisteman aldaketak ezarrita daudenean, B puntuan, esaterako lan talde autonomoekin, berriro ere neurtu behar dira emaitza berdinak. A eta B puntuen artean dauden desberdintasunak sisteman gehitu ditugun aldagaiei esleitzerakoan gabiltza kausa-efektu erlazioak aztertzen.

Gure kasuan posible izan genuen hau aztertzea lagin nahikorekin, izan ere, Europan aurrekaririk ez duen Datu Basea dugu pertsonen kudeaketari dagokion aldagaiei dagokionez. Datu Base hau, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzatutako ekimen baten parte da, hain zuzen ere, Bateratzen ekimena. Bateratzen ekimenaren misioa da erakundeei laguntzea pertsonen potentziala "askatzen" eta "lerrokatzen", proiektu komun baten mesedetan.

Honetarako, 10 urtetan zehar datu bilketa handi bat egin da, eta gaur egungo datu baseak 1.000 erakunde eta 120.000 pertsona baino gehiagoren lan inguruneko datuak biltzen ditu. Nire tesian datu base horretaz baliatuz, bi sektore ezberdin aztertu nituen, industria eta banaketa. Izan ere, inplikazio altuko lan sistemen erabilpena unibertsala den edo sektore bakoitzaren idiosinkrasiek edo eta testuinguruko aldagaiek baldintzatzen duten nahi genuen aztertu.

Lagin hauen emaitzak aztertzeko zein teknologia erabili duzu?

Erlazio longitudinalak aztertu ditut egitura-ekuazioen ereduen bidez. Egitura-ekuazioen ereduak aldagai anitzeko estatistika-teknika bat da, datu estatistikoetatik eta kausalitateari buruzko suposizio kualitatiboetatik abiatuz kausa-erlazioak probatu eta estimatzeko erabiltzen dena.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Emaitzak garbiak dira industria sektorerako. Inplikazio altuko lan sistemek eragin positiboa dute bai pertsonen ongizatean eta bai antolakuntzaren errendimenduan. Pertsonen ongizate indizea %25 igotzen da eta antolakuntzaren produktibitate ekonomikoa %18 areagotzen da. Irabazi-Irabazi erlazioa garbia da.

Banaketa sektorean ordea, emaitzak ez dira horren garbiak. Banaketa sektorearen kasuan garbi ikusten da inplikazio altuko lan sistemek pertsonen ongizatean duten eragin positiboa ez ordea errendimendu ekonomikoan. Baliteke sektorearen idiosinkrasiak eragitea, lan motagatik langilegoaren influentzia emaitza ekonomikoetan mugatuago egon daitekeelako. Hala ere, garbi dago zerbitzu sektoreetan langilegoa dela bezeroaren ukigune nagusia eta hortaz, bezeroaren asebetetze mailan izugarrizko eragina izan dezake. Hala ere, oraindik literaturan aztertzeko eta sakontzeko dagoen kontu bat da hau eta ezin dugu ezer orokortu.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Nahiz eta ikerketak eta datuek garbi erakusten duten inplikazio altuko lan sistemen aldibereko eragin positiboa bai pertsonengan eta bai errendimenduan, oraindik ere gure inguruko enpresa industrialetan XX. mendeko kudeaketa ereduekin jarraitzen dutela ikusten dugu. Jakitun gara Inplikazio Altuko Lan Sistemek paradigma aldaketa bat suposatzen dutela eta botere erlazioak alderantzikatzen dituztela antolakuntzetan, langilegoak askoz ere botere eta protagonismo altuagoa hartzen baitute. Hala ere, ez dakigu zein diren ikerketaren eta praktikaren arteko arrakalaren arrazoiak ezta antolakuntzek aurkitzen dituzten erresistentziak. Ezjakintasuna da? Ez dira aplikagarriak enpresetan? Non daude zailtasunak? Galdera horiei erantzuna ematea da momentu honetan esku artean daukagun erronka.

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Euskal herri mailan ikertzaileok egin ditugun lan ezberdinei ikusgarritasuna emateko oso ekimen interesgarria dela iruditzen zait. Askotan hain ikerketa teknikoak sozializatzea zaila egiten zaigu eta Txiotesian Tesia 6 ideia nagusitan sintetizatu eta era erakargarrian idaztea lan zaila den arren, emaitzak pena merezi du zalantzarik gabe. Gainera, gure inguruko senide eta lagunei ikerketaren emaitzak era praktiko batean helarazteko ere balio digu.

txiotesia,elkarrizketa