
Galdera horiei erantzun nahian eta urteurrena baliatuz UEUk Historialari Euskaldunen V. Topaketak antolatu ditu: "Historia Euskaraz: Unibertsitarioen Ibilbidea" (EHUren letren fakultatean, Gasteizen, 2009-12-3an).
Jakina denez, historia ez da iragana bera, baizik iraganaren azalpen bat, gertaeren ondoren egiten dena, iragana jada pasatu denean. Interpretazio hori historialariek egiten dute. Eta historialariek, pertsona guztiek bezala, era guztietako baldintzapenak dituzte, beren lanean eragiten dutenak. Baldintzapen horietako bat formazioa da. Oraintsu arte Euskal Herriko historialariak erdaraz formatu dira. Erdaraz formatu eta espainiar edo frantses mundu unibertsitarioko paradigmen arabera formatu ere.
Azken bi hamarkadetan, ordea, euskaraz ikasi duen belaunaldi bat hezi da. Hezkuntza arautu hori ezarri aurretik ere egon dira zenbait historialari euskaraz idatzi eta lan egin dutenak. Horien guztien esperientziak aztertuko dira orobat.
Adibidez, Joseba Intxaustik bere ibilbidea kontatuko digu topaketetan. Berea kasu interesgarria da oso. 1936an Gipuzkoako herritxo batean sortua, frankismo betean frantziskotar bihurtu eta Jakin aldizkariaren sustatzaile nagusietakoa izan zen. 1964-1970 artean Bartzelonako unibertsitatean egin zituen historia ikasketak, eta bertan irakasle bihurtzeko aukera izan zuen. Hala ere, Euskal Herrira itzultzea hautatu zuen. Jakin zuzendu zuen berriro, ordena utzi, eta trantsizioan UZEI sortu zuen euskara unibertsitate mundura egokitzeko. Euskal Herriko historiari buruzko hainbat lan argitaratu ditu, gehienak euskaraz. Beti unibertsitate mundutik gertu ibili arren, ez da EHUko edo Euskal Herriko beste unibertsitateren bateko historia irakasle bihurtu. Zergatik? Tartean arrazoi asko egon litezke (erabaki pertsonalak, koiunturak, etab), baina susma liteke unibertsitate munduan badirela zenbait indar historialari euskaltzaleak periferian egotera bultzatzen dituenak.
Manex Goihenetxeren kasuak (1942-2004) hainbat paralelismo ditu Intxaustirenarekin, eta hari buruz ere hitz egingo da topaketetan. Goihenetxe Nafarroa Behereko nekazari familia batean sortu, ordena erlijioso batean sartu, eta gerora historia ikasi zuen Okzitaniako Tolosako unibertsitatean. Kezka politiko eta sozialek ordena erlijiosoa uztera bultzatu zuten. UEUren zuzendari izan zen 1973-1975 artean. Historiari buruzko hainbat lan ere idatzi zituen, euskaraz zein frantsesez. Goihenetxek unibertsitate munduan sartzea lortu zuen, Baionako fakultatean, baina karrera akademikoan osoki murgildu ordez unibertsitateko jarduera Iparraldeko ikastolen aldeko hainbat lanekin txandatu zuen.
Zergatik Goihenetxe eta Intxausti bezalako historialari euskaldunak ez dira Euskal Herriko unibertsitateetako historia sailen erdigunean kokatu? Nola eragin dio horrek bertan garatu diren ikerketa proiektuei, historia euskaraz lantzeko aukerei?
Agian belaunaldi berriekin gauzak aldatu egin dira. Horregatik azken hogei urteotan EHU inguruan ibili diren unibertsitarioen esperientziak ere entzun ahalko dira topaketetan, irakasle zein ikasle euskaldunenak (Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Aizpuru, Jaione Agirre, Sergio Escribano...). Jakingarria izango da irakaskuntza arloan izan diren bizipenak ezagutzea. Dena dela, gaur egun bertan, dozentziatik kanpo, unibertsitateko historia sailek zer beste lan eremu eskaintzen dute euskaraz aritzeko? Ba al dago euskaraz burutzen den ikerketa proiekturik? Zenbat ekoizten da historia arloan euskaraz? Karmele Artetxek topaketetan datu kuantitatibo eta kualitatibo bidez historia arloko produkzioaren xehetasunak argituko ditu, bai eta kopuruen atzean dauden zenbait arazo estruktural azaleratu ere.
Ez naiz gehiago luzatuko. Galderak asko dira, eta Gasteizko ekitaldian hainbati erantzuna emango zaio. Uste dut historia arloko gorabeherak ezagutu nahi dituen mundu guztiarentzat interesgarria izango dela. Historia ez baita gauza neutral bat, iraganaren azalpen berezko bat, baizik pertsonok, gure baldintzapenen arabera osatzen dugun narrazio bat, eta narrazio horren nondikoak ulertzeko, berau kontatzen duten pertsonen nondikoak ezagutu behar dira. (Topaketen egitaraua edota matrikulatzeko aukera hemen).
Erantzunak
Nork: Mikel Aizpuru.2009/11/25 16:59:02.909 GMT+1
Neuk ere joateko asmoa dut eta hitzaldi bat daukat esleituta. Manex Goihenetxe oroituz hitz egingo dut, hots, euskara, historia eta abertzaletasunaz (batez ere azken horretaz). Eta juduak ere aipatzeko asmoa dut, Antonio Elortzak euskal abertzaletasunari buruz ari den orotan egiten duen bezala (egia esanda, nire kabuz ibilita ez nuen egingo, baina ia derrigorrezkoa bihurtu digute juduak aipatzea abertzaletasunaz ari garenean, beraz, ezin ihes egin gaiari).
Eta Veleiari buruz, zer? Bai, badut asmoa luze eta zabal jarduteko, baina bazkaltzeko orduan, nire ondoan egoteko zoritxarra duen errugabearekin, baldin eta horretarako aukerarik txikiena ere ematen badit. Izan ere, ez dago ezer hobeagorik Veleia baino euskal mundu unibertsitarioari buruz ezer ulertzeko (edo ez ulertzeko, baina "jorratzeko").
Ikusi arte.
Nork: Pruden Gartzia.2009/11/25 19:37:10.214 GMT+1
(eta publizitaterako tartea aprobetxatuz: Topaketetan izena emateko epea amaitzen ari da, eta beraz joateko interesa duenak azken egunak ditu. Erraz batean apuntatzeko (eta egitaraua ikusteko) sartu hemen).
Nork: Jurgi.2009/11/26 13:04:03.859 GMT+1
Nork: Jaione Agirre García.2009/12/05 21:36:01.511 GMT+1