Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/10/22 21:41:25.634 GMT+2

Armeniar genozidioa turkiar ikuspegitik

Gertaera ezaguna da 1915-17an turkiar estatuak ehundaka mila armeniar hil zituela. Gaur egun Turkia Europar Batasunean (EBn) sartzeko aukeraren haritik mendebaldean askok eskatu diote genozidioaren aitortza ofiziala. Auzi hau, memoria historikoak gaur egun duen eraginaren adibide argi eta mingarria da.

Egun hauetan turkiar unibertsitari batzuk ezagutzeko aukera izan dut: Kerem, Mehmet eta Nazan. Beraiekin egon aurretik sekula ez zitzaidan bururatuko noizbait armeniar auziaren turkiar bertsio bat entzuteko parada izango nuenik. Bestalde, aukera suertatuta ere, ba al dute turkiarrek genozidioaren aitorpen burumakurretik haratago beste ezer esateko? Alternatiba negazionismoa da, hots, armeniar hilketak jazo zirela ukatzea, neonaziek juduen holokaustoa ukatzen duten bezala. Izatez Turkiako gobernuak ez du ofizialki onartzen genozidio bat izan zenik. Hildakoak izan zirela bai onartzen du, baina kopuruak gutxitzen ditu, eta bertsio ofizialaren arabera turkiar-armeniar gerra baten baitan gertatu zen dena, I. mundu gerraren testuinguruan. Nolanahi ere nekez espero zitekeen unibertsitateko kide batzuk halako sasi-istorioetan eroriko zirenik. Izatez ez nuen pentsatzen ezagutu nituen turkiarrek gaia aipatzeko gogorik izango zutenik. Baina oker nengoen. Gaiari aurrez aurre oratu zioten, eta ezusteko bideetatik.

Genozidioaren arazo eta erabilerak

Mehmet zuzenbidean doktoratzen ari da. Bere aburuz nazioarteko zuzenbidea aplikatuz 1915-17ko hilketak ezin dira epaitu “genozidio” salaketapean. Izan ere, “genozidio” delitua askoz geroago definitu zen nazioarteko zuzenbidean, eta ikuspegi juridikotik legeei ezin zaie atzeranzko aplikaziorik eman.

Esandakotik eman dezake Mehmet abokatu sofista horietako bat izateko prestatzen ari dela, legeen zirrikituak baliatzen dituena krimen izugarriak ukatzeko eta errugabetzeko. Baina ez. Ikuspegi legaletik eta nazioarteko zuzenbidearen argitan zehatza izan nahi du, zeren gauza bat baita gertatu zena, eta beste bat ea gertatu zen hori juridikoki genozidio gisa epaitu ote daitekeen gaur egun. Gertatu zenari buruz Mehmetek ez dauka zalantzarik. Bere hitzetan (eta Kerem zein Nazan bat datoz) “dei dadin genozidio, sarraski, garbiketa etniko edo 1915-17ko gertaerak ez da dudarik armeniarren hilketa masibo, programatu eta sistematiko bat burutu zela turkiar goi-agintaritzak erabakita.” Zentzu horretan genozidio gertatu zela argi dute, eta ukatu egiten dute guztiz Turkiako gobernuaren bertsio ofiziala. Hala ere turkiar unibertsitari hauek ez dira oso eroso sentitzen genozidio hitzarekin. Aipatu aipatzen dute, baina aukeran izena saihestuz mamian zentratzeko. Zeren, berehala ikusiko denez, genozidio hitzak oztopatu egiten du armeniar auziaz hitz egiteko aukera Turkian. Gainera, beren larruan jarrita, ez du erraza izan behar norbere kontzientziaren aurrean hitz gordin horrekin aitortzea “nire nazioak genozidio bat burutu zuen”. Nolanahi ere, genozidio hitzarekin duten arazo nagusia Turkian eragiten duen eztabaida antzutzailea da.

Azaldu didatenez, gaur egun Turkian, gobernuak eta iritzi publikoak, printzipioz ez dute ezer entzun nahi armeniar auziaz. Baten bati gaia ateratzea otutzen bazaio eta beste turkiarren bati aipatzen badio, honek galdera bakarra egingo dio: “zuk genozidio bat izan zela uste duzu, bai ala ez?” Besteak “ez” erantzuten badu, kito, denak lasai eta gaia amaitu da. Ez dago hizketan segitu beharrik. “Bai” erantzuten badu, hori esan duena turkiar txar bat da, aberriari traidorea eta kasu horretan ere elkarrizketa amaitu da. Hola bada, gaur egungo Turkian, genozidioaren gaiak, bai/ez dikotomiarekin, ez du irteerarik eskaintzen.

Genozidioaren gaia, gainera, atzerritar presio bidegabe gisa sentitzen da Turkian. Izan ere, Frantziako edo Estatu Batuetako parlamentuetan onartu diren ebazpenek, armeniar hilketak salatuz eta Turkia kritikatuz, agresio gisa pertzibitzen dira Turkian. Nazanek dioenez: “Nor dira frantsesak edo estatubatuarrak turkiarroi moral lezioak emateko? Zer egin dute beraiek Vietnamen, Aljerian edo Iraken? Noiz eskatu dute beraiek barkamena?” Mehmetek eta Keremek erantzuten diote: “ados, baina hori aski arrazoi al da guk ezer ez egiteko?”

Testuinguru horretan EBn sartzeko baldintza gisa armeniar genozidioa aitortu beharra eskatzea (EBn sartzeko gainerako europar herrialdeei antzeko eskaririk egin ez zaienean) umiliazio bezala bizi du Turkiako iritzi publikoak, eta jarrerak herstea eragiten du. Izatez, ezagutu ditudan turkiar unibertsitariek esan didatenez, Frantzian armeniar auzia interesatuki erabiltzen ari dira Turkiaren EBrako sarrera galerazteko. Izan ere, ez da sekretua frantses gehienak Turkia EBn sartzearen aurka daudela. Beraz armeniarren genozidioa ez dute aipatzen hainbeste armeniarrak egiazki inporta zaizkielako, baizik badakitelako Turkia ez dela makurtuko hori onartzera, eta beraz EBtik kanpo uzteko aitzakia perfektua dela. Auzi honetan, jakina, alde bakoitzak bere jokoa egiten du: ohorearen aitzakian Turkiak ez du gertatutakoa onartzen, frantsesek interesatuki baliatzen dute, eta armeniar taldeei ere ondo etorri zaie EB-Turkia arteko ezinkonpondua noizbait ebazpen hauek bultzatzeko.

Zentzu horretan Kerem-ek argi dauka: “Frantziak edo AEBk egiten duenak ez du laguntzen debatea Turkian, eta herrialdeak denbora gehiago behar du gauzak onartzen hasteko. Baina, jakina, armeniarrek arrazoiz esango dute: 'zenbat denbora gehiago? 90 urte daramatzagu zain, ihes egitea lortu zuten azken armeniarrak hiltzen ari dira. Ez al dute aitortza bat ikusteko eskubiderik?' Eta arrazoi osoa dute.”

Armeniarrei zer eskaini

Armeniar aldetik ere ikusten dute arazoren bat turkiar unibertsitariek. Izan ere, armeniar diasporan, orotariko taldeak badira ere, nahiko jarrera hedatua omen da hiru gauza eskatzea: 1) genozidioaren aitortza, 2) konpentsazioak, 3) lurraldearen itzulera bertan armeniar estatu zabalago bat sortzeko. Turkiar ikuspegitik, ordea, ez da errealista pentsatzea beren gobernuak “genozidio” hitza onartuko duenik inoiz, zail ikusten da konpentsazio zuzenak ematea, eta ezinezkoa lurraldea ematea bertan armeniar estatu zabalago bat eraikitzeko. Horregatik Mehmetek, zintzoki adierazten du zer egingo lukeen berak Turkiako agintean balego:

“Gutun bana idatziko nieke bizirik atera ziren armeniarrei eta beren ondorengoei. Bertan Turkiako herriaren izenean aitortuko nieke sarraski eta kanporaketa bidegabeak izan zirela beraien eta beren senideen aurka, eta ohartzen naizela beren minaz eta benetan sentitzen dudala. Halaber Turkiako herritar izateko aukera eskainiko nieke, eta beren arbasoen herrira itzultzeko aukera, bisitan zein bertan bizitzeko hala nahi badute. Seguruenik ez dira asko izango itzuli nahiko dutenak bizitzera, baina eskubidea behintzat izan behar dute. Orobat herri horietan hildakoengatik oroigarriak jartzen eta suntsitutako eliza armeniarrak eta bestelako monumentuak berreraikitzen ere lagunduko nuke. Izan ere, agian ez da posible konpentsazio ekonomiko zuzenak ematea, baina adibidez Turkiako armeniar ondare historikoa babesteko dirulaguntzak eman litezke. Azkenik Estatuaren artxiboak irekiko nituzke bai turkiarrentzat, bai armeniarrentzat eta bai nazioarteko ikertzaileentzat ere, gertatua inolako zentsura eta muga gabe azter dezaten, bakoitzak bere ikuspegitik.”

Kerem-ek eta Nazan-ek bat egiten dute Mehmetekin. Beren aburuz, ordea, arazo nagusia Turkiako gobernua da, orain arte ez duena ezertxo ere egin, ezta pauso txikiena eman ere. Eta nazioarteko presioak ez du errazten irekidura. Ataka horretan, Kerem-en ustez, gobernuaren zain egon gabe norbanako mailan hasi behar da hurbilketa. Izatez berak aukera izan du diasporako zenbait armeniarrekin biltzeko eta auzi hauetaz hitz egiteko. Haiek esanda daki 1915-17 artean salbatu ziren armeniarretarik asko auzokide turkiarrek lagunduta salbatu zirela. Horregatik, nahiz agian zail izan “armeniar nazioa” eta “turkiar nazioa” adiskidetzea, posible da Kerem, Nazan edo Mehmet bezalako pertsonek zubiak eraikitzea Armenian zein munduan zehar bizi diren hainbat Krikor, Vartouhi edo Anahit-ekin.


Nork: Jurgi.2007/10/22 21:41:25.634 GMT+2
Etiketak: historia turkia armenia | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Ikusten da, bai, probetxua aterako diozula Oxfordeko egonaldiari, eta horretan hasi zarela ez dago dudarik.

Interesgarria da Kerem, Mehmet eta Nazan-en ikuspegia, baina hirurak Oxforden daude, pertsona ikasiak dira, eta iruditzen zait turkiar eliteko (ekonomiko/intelektualeko) kide direla. Beraz, nora arte orokortu daiteke, armeniar genozidioaren gainean eman dizuten ikuspegia turkiar jendartera?

Nork: Sopokeliñe.2007/10/23 11:51:31.639 GMT+2

Arrazoi duzu Sopokeliñe. Kerem, Mehmet eta Nazanen iritziak ez dira ohikoak turkiarren artean. Eurek baieztatu didate Turkian jende gehien-gehienak bat egiten du gobernuaren jarrerarekin. Askotan abertzalekeriak hori dauka. Nolanahi ere, iritziak denboraz alda daitezke. Eta edozein kasutan unibertsitari hauen jarrera irekiagoak, oraingoz beren gizartean salbuespenezkoa izan arren, itxaropenerako bidea irekitzen du.


Nork: Jurgi.2007/10/24 20:05:02.767 GMT+2

Kaixo Jurgi: neuk ere Sopokoliñek idatzitakoa esateko asmoa nuen, baina ez dut errepikatu. Egia da, bestetik, turkiarrek armeniarrei leporatzen dietela Lehen Mundu Gerrako testuinguruan errusiarekin bat egin nahi zutela, nahiz eta horrek, noski, ez duen babesten turkiarrek egindako sarraskia. Gertatutakoak, bidebatez, ondo erakusten du muturreko abertzaletasunaren arriskuak. Turkia oraindik inperio bat zenean eta konkisten garaia bukatu ondoren elkarrekin bizi ziren arraza, hizkuntza eta kultura desberdineko taldeak. (Gorderik daukat hiru hizkuntza desberdinetan idatzitako faktura baten kopia) XX. mendera hurbiltzen garen neurrian arazoak geroz eta handiagoak izan ziren eta greziarrek edota armeniarrek jasan izan ziztuzten "turkiar gazteen" erasoak. Egoera are gehiago okertu zen Lehen Mundu Gerrako urteetan eta armeniarren ondoren, 1921-1923 urteetan borroka latzak eta biztanleri-mugimengu handiak eman ziren, besteak beste, Grezia eta Turkiarren artean. Politikoki zuzenak izateko gehitu dezagun han zirela tartean Europako potentziak muga eta nagusi berrian finkatu nahiean, Irak orduan sortu zen. Garai eta lurralde interesgarriak dira orduko Turkiakoak eta badugu zer ikasi hango historiatik. Ondo pasa Oxforren eta hango berri eman, hemengoak baino atsegingarriagoak izango dira eta. Mikel Aizpuru

Nork: Mikel Aizpuru.2007/10/26 15:48:36.275 GMT+2

Oso txalogarria iruditzen zait hiru turkiar horien jarrera, baina uste dut ez diotela arazoaren muinari heltzen, hau da, Turkiar estatuaren "defizit demokratiko kronikoari" (nolabait deitzearren). Zeren armeniar genozidioa, batetik, garrantzitsua da ikuspegi historiko baten aldetik, baino hori baino gehiago garrantzitsua da gaur egun eta etorkizuean (noiz arte?) uzten duen ondorioengatik: estatu bat, turkiarra, bere izaeraz hausnarketarik minimoena paratzeko gai ez dena, bere buruaren beldur etengabean, beste estatu bat ondoan, Armenia, etsaigo iraunkorrean, zenbait minoria nazional (handiena, kurduak) ukatuak, zapalduak, sarraskituak... Estatu bat bere buruaren aurkako gerra etengabean, bere armadak berak okupatua. Ez, ez gaude debate historiko-akademiko baten aurrean, debate politiko baten aurrean baizik. Eta esango nuke hori ez dela konpontzen gutun batzuk igorrita, hots, borondate on hutsez.

Eta Mikel, ziur aski, arrazoi du zentzu batean, hots, inperio otomanoaren sasoian aukera handiagoak zeuden gizartearen pluralismo kulturala (nazionala?) onartzeko. Baina Mikel, gauza jakina da Turkiaren estatu-eredua Frantzia dela, hots, Askatasun Ilustratu Progresistaren Ama Handia. Eredu jakobinoa itsuki eta baldarki ezarri nahi izatetik dator, neurri handi batean, urtero milaka kurduen bizitza mozten duen praxi faxista etengabea. Paradoxikoa? Ez dakit, bai konplikatua, ordea. Ados nago muturreko nazionalismoaren kritikan, baina horretan ere topikoan geratzeko arriskua dugu, argi ez bagabiltza.

Inperioen nostalgiak harrapatuko ote gaitu denok, bada? Ai, Jurgi, aukeratu duzun sehaska oxeniensean izango duzu aukerarik pentsamentu inperiala... barka, liberala esan nahi nuen (non ote dut burua?)... sakonki ezagutzeko. Ondo izan.

Nork: Pruden Gartzia.2007/10/27 22:24:38.329 GMT+2


Barkatu, baina ezin diot tentazioari eutsi.

Atzokoa idatzi ondoren, hona hemen gaur, GARA egunkarian gaurko edizioan dakarren perla (2007-10-29):

"los intentos de dividir Turquía (...) Por una parte el terrorismo y por la otra el nacionalismo étnico y los reaccionarios tienen como objetivo dañar al Estado."

Jakina, turkiar armadak Irakeko mugak zeharkatu beharraz ari da, "terrorismoa" eta "nazionalismo etnikoa" porrokatzeko.

Baina nor da horrelako kalaka darabilena? Fernando Savater? Juan Pablo Fusi?

Ez jaunak, Yasar Büyükanit jenerala, Turkiako Armadaren Estatu Nagusiaren burua.

Jakina, ez dakit Savaterrek edo Fusik bat egingo ote duten Irakeko inbasio berri honekin (ez dakit, nahiz eta ezerk ez nindukeen harrituko), baina mezu honetan gertakariaz baino, guztiek darabilten kalaka horretaz ari naiz: nazionalismo etnikoa = terrorismoa.

Ezaguna, ezta? Non inspiratzen ote da Büyünit jenerala horrelako perlak asmatzeko?

Nork: Pruden Gartzia.2007/10/29 12:49:27.211 GMT+1

Kaixo Mikel eta Pruden. Puntu interesgarriak atera dituzue. Izatez horietako batzuk ezagutu ditudan turkiarrek ere aipatu zizkidaten, baina gehiago ez luzatzearren aipatu gabe utzi nituen. Zuen oharren haritik, ordea, zerbait erantsiko dut:

Kerem-ek esan zidanez XX. mende hasierako Turkiar Gazteen nazionalismoak jakobinismoa eta ideia darwindarrak biltzen zituen: ideia patriotiko laiko erradikalak eta aldi berean nazioek hil ala biziko borrokari aurre egin behar ziotelako ustea. Turkiar Gazte hauetako gehienak ez ziren egungo Turkiar lurraldeetakoak, baizik Otomandar inperioaren periferiakoak (Mazedonia, Krimea, etab.). Inperioa suntsitzen eta beren jaiotzako herriak beste nazio batzuen eskuetara pasatzen ikusi zituzten (Greziara, Errusiara, Bulgariara...). Hortik beren nazionalismoa borroka darwindar gisa ikustea. Eta "gu ala beraiek" ustezko alternatibaren aurrean, "besteak" suntsitzeari ekin zioten: exterminatuz (armeniarrak), kanporatuz (Anatoliako greziarrak) edo ukatuz eta zapalduz (kurduak). Horrela sortu zen Turkiako Errepublika.

Eta bai, Turkiak ez du oraindik bere sorreraren gaineko autokritikarik egin. Ez nuke beste hainbeste esango Oxforden ezagutu ditudan turkiar unibertsitariei buruz. Kurdistanen independentziaz hitz egiteko prest zauden adibidez, eta azken egunetako turkiar armadaren kurduen aurkako erasoak, estatua hartzen ari den norabide faxistaren agerkari gisa aipatu zizkidaten. Izan ere, azken hamar urteetan Turkian irekitze bide bat abiatu ostean, bide hori amaierara heldu aurretik azken urte biotan atzerantz ari ei da nabarmen, berriro ere eredu militaristarantz.

Nolanahi ere, turkiar unibertsitari hauek izan ditzaketen mugak ukatu gabe, beren estatuaren jatorriaz eta legitimitateaz egiten dituzten pareko autokritikak, ikusi nahiko nituzke espainiar unibertsitarien artean. Bereziki kontuan izanik Turkian kritikoa izatea ez dela batere erraza bertan demokrazia izugarri ahula baita (militarren ezpata zein alternatiba islamista gainean dauzkate), eta aldiz Espainian, ustez inboluzio arriskua urruna izan arren inor gutxi ausartzen da egungo erregimenaren oinarriak kritikatzera eta historiarekin kontuak garbitzera:

Noiz ikusiko dugu Espainiako eskola liburuetan Amerikaren konkista "genozidio" hitzarekin deskribatuta? Noiz agertuko da damuzko jarrera judu eta moriskoen kanporaketagatik? Noiz eskatuko zaie barkamena marokiarrei 1920ko gerra kolonialetan beren aurka egindako krimenengatik? Noiz aitortuko da Trantsizioa ez zela eredugarria izan hainbat arlotan, eta horren ondorio dela, adibidez, egungo espainiar estatua oraindik ez egotea prest Francoren epaiketa faxistak indargabetzeko?

Zentzu horretan, turkiar unibertsitari hauek, armeniar auziaz edo kurduen auziaz hitz egitean agertu duten moduko ausardia ez dut sekula somatu espainiar unibertsitarien artean. Erraza da turkiarrak kritikatzea beren iraganari %100 aurre egiten ez diotelako. Baina gugandik hurbilago, ez soilik Espainian, baita Frantzian, Erresuma Batuan, eta oro har Europa osoan, ez dut ikusten autokritikarako kemen askoz handiagorik. Hortaz, turkiar unibertsitariengandik ere (batzuengandik behintzat) agian uste baino gehiago ikas dezakegu oraindik.

Nork: Jurgi.2007/10/30 23:05:54.316 GMT+1

Guztiz ados zurekin, Jurgi. Areago, zure hiru lagunen jarrera miresgarria eta eredugarria iruditzen zait, baita guretzat ere, hots, euskaldunontzat. Nahiz eta euskaldunen abertzaleen artean neuk faltan aurkitu dudana ez da autokritika gaitasuna, ez bada autokritika horien kamustasuna eta "kanpotikako" morrontza intelektual negargarria (Madril orain, Paris lehentxoago, New York laster?).

Eta nire ohar nagusia ere bide horretatik zihoan: ohitua gaude pentsatzera genozidioak bezalako krimen handiak arrazoi gorrotagarrien bidez justifikatu ohi direla (juduen genozidioa alemanen nagusitasun arrazialaren bidez justifikatu zen), baina esango nuke askoz ere arruntagoa dela ideia berez eder eta zoragarriak aipatuz egitea, adibidez, Amerikako genozidioa Jesukristoren mezu etikoaren bidez justifikatu ohi zen (eta da), hots, "genozidioa" baino "ebangelizazioa" deituz. Edo, beharbada, armeniarren genozidioa Europar Ilustrazioan sehaska hartzen duten askatasun eta duintasun nazionalaren izenean (eta orain, mentalki, kantatu "La Marseillaise", eta erreparatu zer esaten ari zaren...). Bada, euskaldun abertzaleok ere, ez dugu horren pareko ereserkiarik gogo biziz kantatzen?  Eta ez dugu horren izenean krimenik burutzen? Eta espainiar abertzaleek ere, ez dute beste horrenbeste egiten? Eta abar.

 

Nork: Pruden.2007/11/03 11:16:04.436 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari