Europeana-ko Kultura Irekiaren Biltzarra (Amsterdam 2010-urriak-15)


IXA taldea Europeana version 1.0 Europeana v1.0 sareko partaidea denez, erakunde honen lehen kongresura joateko (Europeana Open Culture Conference) gonbidatu dute. Amsterdamen izan da, urriaren 15-16an. Europeana-ri buruz aritu ginen blog honetan lehenago ere.

Kongresu horretan azaldu ziren hainbat gai interesgarri aipatu nahi ditugu labur hemen:

  • Europeana dela eta, Europako estatuen artean digitalizazio eta metadatuen bidezko katalogazio ahalegin handia egiten ari da. Orain bertan 10 miloi objektu digital aurki daitezke. Lehia sortu da estatuen artean, ea nork jartzen dituen objektu gehien. Orain bertan Frantzia dago buruan.
  • Datuek public domain labela erabiliko dute, Creative Commons-ekin adostu den label bat.
  • Giza erabiltzaileetatik haratago, algoritmo aurreratuek objektu digital horiekin guztiekin lan egin eta arrazonatu dezaten, datuak linked data delakoa jarraituz argitaratu nahi dira. Linked data zer da? Zerbitzari ezberdinetan barreiatuta dauden informazio eta ezagutza aleak argitaratu, trukatu eta lotzeko teknika eta gomendioak, Amaraun Semantikoan (Sematic Web) ohikoak diren URI  eta RDF  teknologiaz baliatuz. Teknologia honen bitartez, edozein erabiltzailek bi ezagutza-ale lotu ditzake erlazio formal baten bidez, eta informazio hori besteek erabil dezaten argitaratu. Linked data bidez publikatuta dagoen informazioa miliotan kontatzen da, eta amaraunak gizakien arteko harremanean izan zuen eragin bera makinetan eta algoritmoetan izateko gaitasuna omen du.

Azken horren adibide batzuk aipatuko ditugu:

  • VIAF, nazioarteko autoritate birtualen fitxategia: hainbat liburutegi garrantzitsuen arteko proiektua da, eta helburua liburutegi horiek amaraunean duten Linked data estiloko informazioa lotu eta ezkontzea da. Adibidez, autore jakin batek zenbat obra dituen jakiteko, liburutegi horietako erregistro guztiak elkartu genitzake, baina horretarako, nola jakin autore berdinak direla? Hasteko autore bakoitzari identifikatzaile bakarra esleitzen ari dira, VIAF ID delakoa. Adibidez, Eneko Agirre ixakideari 19439723 egokitu dio AEBko Kongresuko Liburutegiak. Ondoren liburutegi ezberdinetan dituzte erregistroetan azaltzen diren autoreak berdinak diren edo ez erabaki behar dute. Behin prozesu hau bukatuta, Interneteko Nortasun agiria definituko al dute? Ez omen da hori helburua, baina etorkizunean nork daki…
  • BBCek bere datu guztiak Linked Data bezala argitaratzen ari omen da,  naturari buruzko bere dokumentalak barne. Horri esker animalia edo espezie bati dagozkion bideoak topatu daitezke erraz, hemen adibide bat: http://www.bbc.co.uk/nature/species/Cheetah
  • Wikipedia oinarri hartuta, DBpedia sortu da, egun existitzen den ezagutza base handienetako bat.
  • Hainbat proiektu egin dira Europeana-ren inguruan. Hemen labur aipatuko ditugu bi: http://www.euscreen.eu/, Europako telebisten artxibategiak online zabaltzeko proiektua, eta 1001stories.dk Danimarkako hainbat lekutako historia txikien bilgunea izateko webgune parte hartzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude