Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/03/13 22:45:48.121 GMT+1

Sasien gainetik eta azpitik: zientzia (Izarren hautsa, 01-12-12)

Aurreko astean egunkarietan leitu nuen notizia. Telebista-lehiaketa batean Nazioarteko Espazio-estazioan egonaldia egitea izango omen da sari nagusia. Hasiera batean letra larriei baino ez nien jaramon egin. Xelebrekeria otu zitzaidan. Garrantzia handirik ez nion eman, telezaborraren beste urrats bat, harik eta letra xehea irakurtzen hasi nintzen arte. Izan ere, sasizientzia onartzearen saria teknologia aurreratuenaz gozatzea da.
Badabil hor zehar von Daniken izeneko austriar batek bultzatutako sasiteoria, non azaltzen baita gure planetak zibilizazio estralurtarren bisitak izan dituela eta harreman horien ondorioz gure arbasoek piramideak, Nazcako irudiak eta beste lan arkeologiko batzuk egin zituztela. Ideiak horrek ez du ez bururik ezta buztanik ere, baina hedapen handia izan du. Telebista-lehiaketa horretan bada, lehiakideak estralurtarren ‘froga’ omen diren toki horietan lehiatuko dira ideia horien aitzakian.
Xelebrekeria baino gehiago iruditzen zait auzia. Ezinegona eragin dit. Barrabaskeria iruditzen zait. Espazio-agentzia errusiarrak arazo ekonomiko larriak ditu. Soiuz ontzietako hiru eserlekuetako bat espazio-turistei alokatzea zilegi iruditzen zait. Zutabe honetan bertan txalotu nuen Dennis Titoren bidaia. Alta bada, tokiz kanpo dago, ene aburuz, sasizientzian oinarritutako lehiaketa baten irabazleari ohore hori izateko aukera ematea, haizearen beharrik ez duten sasizientziei hauspoz eragitea da eta. Zientzia eta teknologiaren aitzindaritzan ari den erakunde batek tentu handiagoz ibili beharko luke. Akatsa konpontzeko beta dute oraindik, hala ere. Duintasunaren izenean, alajaina!
Geurera etorrita, benetako zientziaz gozatzeko parada izango dugu datorren ostegunean Eibarko Armeria Eskolako Areto Nagusian arratsaldeko 4z gero. Stephen Jay Gould-ek, paleontologo eta zientzi dibulgatzaile handiak, EIEk eta Elhuyarrek antolatutako ‘Prosa Zientifikoa’ izeneko jardunaldien sarrera-hitzaldia egingo du. Aukera baduzue, ez ezazue galdu, eboluzioaren teoriaren berrirakurketa aitzinatu duen gizonaren hitzak mereziko dute eta.


Nork: irazabalbeitia.2007/03/13 22:45:48.121 GMT+1
Etiketak: stephen_jay_gould zienzia_gizartea soiuz sasizientzia | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Artikulu zahar hauetan, edizioan sartzen bazara (/edit jarrita URL-ean), beren data moldatzen ahal duzu, eta jarri artikulua bere benetako aroan, 2001. urtean. Lehen orrian ez zaizkizu azalduko, baina artxiboan bai, egoki bere urtean.

Nork: Luistxo.2007/03/22 12:22:23.800 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo/

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari