Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2009/01/06 23:15:24.089 GMT+1

Etxekoa? Patxarana bakarrik

Sustatuko berri baten bidez ezagutu nuen erosi.eu webgunea. Bertan etxerako elektragailuak sartzen dituzte Internet bidez eta euskara hutsez gainera! Etxerako labe berria aspaldi erosteko asmotan genbiltzan emaztea eta biok, geneukanak onenak emanda baitzituen. Erosi.eu-koei eskaintza bat galdetzea deliberatu genuen. Asmatu egin genuen. Erosi.eu-koek zerbitzu bikaina eman digute, eta oso-osorik euskaraz jardun ahal izan dugu. Eskaria egin eta bi egunetara etxean genuen labea, auzoko dendan erosita baino hagitzez merkeago. Truku txiki bat badago, jakina. Seme zaharrenak eta biok muntatu behar izan dugu labe berria eta kotxean kargatuta zaharra garbigunera eraman.

Aukeran genituenen artean Fagor etxeko labe pirolitikoa erosi dugu. Etxean oso garbi dugu. Jarrera irmoa daukagu merkatuan, janari-dendako apalategian edo bestelako erakuslehioetan erosgai jartzen zaizkigun produktuen aurrean: aukeran Euskal Herriko marka eta produktuak erostea lehenesten dugu. Berdin esneki eta etxeko elektratresna. Abertzaletasuna eguneroko erabaki ekonomikoetan ere praktikatu beharrekoa da. Horrexegatik erosi dugu Fagor markako labea.

Batzuetan, sarritan zehatzago, damutu egiten naiz gure etxeko jarrera horrekin, ez prezisamente produktuaren kalitatearekin kexu naizelako. 'Etxeko' marka horiek 'etxeko' hizkuntzari iskin egiten diotelako baizik. Fagor labearen argibide-liburuxka lekuko. Leitu ahal izan dut ingelesez, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez, nederlanderaz, alemanez, eslovakieraz, txekieraz, hungarieraz eta baita errusieraz ere! Euskaraz ezin izan dut irakurri, ordea.

Etxeko kontsumitzaile batzuk begirunez eta errespetuz tratatzen ditugu Fagor eta gainerako euskal enpresa eta produktuak; lehenetsi egiten ditugu beren produktuak kalitate antzeko eta, akaso, merkeago izan daitezkeen beste batzuen aurrean. Ordainean, Fagorrek eta beste batzuk ez gaituzte begirune eta errespetu berarekin tratatzen 'etxeko' erosle euskaldunak. Errespeturik eta begirunerik ez digutela esango nuke, argi esatearren.

Bertako produktuak kontsumitzeko kanpaina egin izan diodanean, gure lagun batek esan izan dit: 'etxekoa? Patxarana bakarrik'. Apika egun dudan posizioa aldatu beharko dut eta lubakiaren bere aldera pasa beharko dut, sarritan 'etxeko' hori ez delako hain etxeko fortunatzen.

Arazo txiki bat du, hala ere, patxarana ez dut gustukoa.

Nork: irazabalbeitia.2009/01/06 23:15:24.089 GMT+1
Etiketak: hizkuntza | Permalink | Erantzunak (1) | Erreferentziak: (0)

Erantzunak

Pasa den astean erosi dugu indukziozko sua etxerako. Eta liburuxkak euskaraz ere zetozen! (galegoz, katalanez eta arabieraz ere bai, besteak beste)

Nork: Gari Araolaza.2009/04/20 12:51:29.358 GMT+2
http://eibar.org/blogak/teknosexua

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari